• TRAS100DE programaren ekitaldia izango da ostegun honetan Innobasqueren Zamudioko egoitzan (Bizkaia), enpresetako zuzendarientzat berariaz prestatutako sei asteko formakuntza, zuzendariek beraiek emana
  • “Middlemarket” edo tarteko merkaturantz hazten laguntzeko zer estrategia eta tresna dauden ikasiko dute 28 enpresa partaideek, berrikuntzan, nazioartekotze arloan eta antolakundeen eraldaketan erreferentziazkoak diren konpainia handietako CEOen eskutik

INNOBASQUE, 2026ko otsailaren 24a. CRE100DO Fundazioak eta Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, TRAS100DE programa aitzindariaren edizio bat antolatu dute Euskadin. Urtean 20 eta 50 milioi artean fakturatzen duten ETE-en hazkundea eta lehiakortasuna bultzatzen du ekimen horrek.

Enpresei “middlemarket” edo tarteko merkaturantz jauzi kualitatiboa ematen laguntzea da ekimen horren helburua. Prozesu horretan, beharrezkoa da tokian bertan sendotuta egotea, hortik hazkunde-estrategia egituratu baterantz pausoa emateko, beti ere nazioartekotzeko, berrikuntza iraunkorrerako eta negozioa modu antolatuan hedatzeko gaitasuna izanda.

CRE100DO Fundazioko enpresak liderrak dira Espainiako “middlemarket”-ean. Hala, TRAS100DE programaren bidez, haien esperientzia azaltzen diete beren garapenean hurrengo etaparantz jauzi estrategikoa eman nahi duten ETE-ei. Enpresen hazkundea bultzatzeko funtsezkoak diren alderdi estrategikoak jorratzen dira programa horretan.

Programa ostegun honetan, otsailak 26, hasiko da Innobasqueren egoitzan, Euskadiko Teknologia Parkeko Zamudio/Derioko campusean, eta sei astez luzatuko da. Guztira 28 enpresek hartuko dute parte ekimenean (21 Euskadikoak, 3 Kantabriakoak, 3 Nafarroakoak eta bat Errioxakoa). Horrenbestez, hazteko anbizioa duten zuzendari talde murritz bat bilduko du ekimenak. Innobasqueko bazkide diren eta HAZINNOVA eta beste zenbait berrikuntza-proiektutan parte hartu duten enpresen fakturazioa eta hazteko ahalmena hartu dira irizpidetzat partaideak hautatzeko. Talde horri erakunde sortzaileen eta CRE100DO Fundazioko enpresen zuzeneko ekintzatik datozen enpresak gehitu behar zaizkio.

Zehazki, ETE hauek izango dira partaide ekimenean: Biotechnology Institute (Gasteiz, Araba), CH Group (Donostia, Gipuzkoa), Kantabriako Consulting Informático (CIC) (Santander, Kantabria), Erhardt Logistics (Bilbo, Bizkaia), Forging Steel Products (Amorebieta-Etxano, Bizkaia), Gaindu (Elgoibar, Gipuzkoa), Geiser Pharma (Aranguren, Nafarroa), Grupo Osga (Logroño, Errioxa), Guiar Group (Galdakao, Bizkaia), Harivenasa (Etxarren, Nafarroa), Illargui (Urretxu, Gipuzkoa), Industrias Juno (Erandio, Bizkaia), Inser Robótica (Mungia, Bizkaia), Krean (Arrasate, Gipuzkoa), Liverco (Buñuel, Nafarroa), Lks Next (Arrasate, Gipuzkoa), Maderas García Varona (Piélagos, Kantabria), Mugafil (Gasteiz, Araba), Multiverse Computing (Donostia, Gipuzkoa), Muriel Wines (Eltziego, Araba), Pasaban (Tolosa, Gipuzkoa), Plastibor (Amorebieta-Etxano, Bizkaia), Satlantis Microsats (Leioa, Bizkaia), Sedical (Sondika, Bizkaia), Talleres Oran (Santander, Kantabria), Ulma Embedded Solutions (Oñati, Gipuzkoa), Ulma Mantentze Zerbitzuak (Oñati, Gipuzkoa) eta Urkabe Benetan&Ameztoi (Errenteria, Gipuzkoa).

Cre100DO Fundazioari buruz

CRE100DO Fundazioak honako erakunde fundatzaile hauen babesa du: Bankinter Berrikuntza Fundazioa, ICEX-España Exportación e Inversiones eta Círculo de Empresarios. Eta erakunde elkartu eta babesle hauekin: PwC, Telefónica, ICO Fundazioa, Cesce eta COFIDES. Fundazioaren helburua da “middle market” delakoaren enpresen hazkundea, lehiakortasuna eta eraldaketa bultzatzea, enpresa txiki eta ertainen (ETE) eta korporazio handien arteko zubia irudikatuz. 2014an sortu zenetik, CRE100DOk bere sektoreetan erreferente diren 100 enpresa baino gehiagoko komunitatea eraiki du.

Innobasqueri buruz

2007an sortua, Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Innobasque, interes publikoko eta irabazi asmorik gabeko elkarte pribatu bat da. Agentzia osatzen duten 910 entitate bazkideekin batera, Euskadiko Eraldaketa prozesua bultzatzea, dinamizatzea eta monitorizatzea da Innobasqueren xedea eta egitekoa, esparru guztietan gizarte berritzaile baterantz bidea egiteko. Innobasquek, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Kontseiluko kide den aldetik, gai horiei loturiko euskal politikak ebaluatzen ditu, eta orobat, Euskadiko I+G+b arloaren nazioartekotzea Europan zenbatekoa den eta horrek zer inpaktu duen neurtzen du. Horrez gain, berritzen laguntzen die ETE-ei, erakunde bazkideen esperimentazioaren eskutik sortutako ekintzen bidez.

Partekatu albiste hau

Agencia Vasca de la Innovación, Innobasque
Pribatutasunaren laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientziarik onena eskaini ahal izateko. Cookieei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzeko edo gure ekipoari webguneko zein atal aurkitzen dituzun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzeko funtzioak betetzen ditu.