Ekitaldia: GLOBAL INNOVATION DAY JARDUNALDIAREN XV. EKITALDIA
“NUEVAS TECNOLOGÍAS Y HUMANISMO – HUMANISMOA ETA TEKNOLOGIA BERRIAK”
Eguna: 2026ko azaroaren 17a
Ordua: 16.00etatik 19.00etara
Lekua: Bilboko Euskalduna Jauregia. Abandoibarra etorbidea, 4, Bilbo.
————————————————————————–
ZABALIK DA KOMUNIKABIDEENTZAT AKREDITAZIOAK ESKATZEKO EPEA
Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Innobasquek, Global Innovation Day (GID) jardunaldiaren XV. ekitaldira gonbidatzen ditu komunikabideak. Aurten, azaroaren 17an izango da Euskadiko berrikuntzaren urteko topaketa nagusia, Bilboko Euskalduna Jauregian.
Ezinbestekoa da azaroaren 13a baino lehen akreditatzea, helbide elektroniko honetara eskabidea bidalita: [email protected]
Informazio gehiago eta elkarrizketa eskaera: [email protected]
————————————————————————–
GLOBAL INNOVATION DAY-K TEKNOLOGIA BERRIEN ERRONKEI IKUSPEGI HUMANISTA BATETIK NOLA HELDU AZTERTUKO DU
- Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatuta, Euskadiko berrikuntzaren urteko hitzordu handiaren XV. edizioa azaroaren 17an egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian
- Jardunaldiak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sistemako eragileak bilduko ditu, joera teknologikoen, erakundeentzako inplikazioen eta Euskadin garatutako zortzi esperientzia berritzaileen inguruan
«Nuevas tecnologías y humanismo – Humanismoa eta teknologia berriak» goiburupean, aurtengo ekitaldiak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sistemako ordezkariak bilduko ditu, teknologia berriek duten inpaktuari buruz hausnartzeko eta Euskadin garatu diren esperientzia berritzaileak lehen eskutik ezagutzeko. Innobasquek Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Sailaren eta Iberdrolaren laguntza izan du ekitaldiaren antolaketan.
Aurtengo egitarauak arreta berezia jarriko dio gizartea, ekonomia eta enpresak eraldatzen ari diren teknologia berrien garapenean eta aplikazioan ikuspegi humanista txertatzeko beharrari. Horretarako, espezialisten arteko hainbat solasaldi izango dira, baita hausnarketa kolektiborako guneak ere. Global Innovation Day topaketan ohikoa den moduan, Euskadin garatutako berrikuntzako hainbat kasu praktiko ere aurkeztuko dira, enpresen erronkei eta erronka teknologiko eta sozialei emandako soluzioak agertzeko.
Imanol Regok, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteak zabalduko du topaketa; hark egingo die ongietorria 400 bertaratuei, eta, orobat, lotura egingo du edizio honetako goiburuaren eta berrikuntza eta lehiakortasuneko euskal estrategiaren artean.
Topaketaren hasieran, Astryd Park arte sortzaileak eta ingeniari kuantikoak esku hartuko du, eta Reality Is Not What It Seems instalazio interaktiboa aurkeztuko du. Obrak bideoa kodetzen du denbora errealean, horretarako algoritmo kuantikoak erabilita, eta konputazio kuantikoaren eta sormen artistikoaren artean dagoen loturan sakontzen du. Hain zuzen, teknologia eta artea elkarreraginean jartzeko dauden aukera berriak jendeari erakustea du helburu Parkek.
Berritasuna: joerei eta joera horiek Euskadiko etorkizunean izan dezaketen inpaktuari buruzko hausnarketa kolektiboa
Global Innovation Day jardunaldiaren XV. ekitaldiko berritasunetako bat bertaratuen parte-hartzea sustatuko duen dinamika bat izango da: topaketan biltzen direnek rol aktiboa izango dute Euskadiko etorkizuna markatuko duten joerei buruzko gogoetan.
Saioaren hasieran, elkarrekin solasean arituko dira Carme Artigas, adimen artifizialean eta gobernantza teknologikoan aditua eta Digitalizazio eta Adimen Artifizialeko Estatu idazkari ohia, eta Pello Rodríguez, MONDRAGON Korporazioko presidentea. Leire Bilbao Innobasqueko zuzendari nagusia izango da solasaldiaren dinamizatzailea. Gonbidatu adituek Euskadiren etorkizunean eragin handiena izan dezaketen joera teknologikoak aztertuko dituzte, baita joera horiek enpresa-ehunean eta berrikuntzako euskal sistema osoan sortzen dituzten erronkak ere.
Ondoren, solasaldia bertaratuei zabalduko zaie. Mahaietan antolatuta, topaketan bildutako ordezkariek aukera izango dute identifikatutako joeren inguruan eztabaidatzeko, beren ikuspegiak konpartitzeko, eta, nork bere enpresaren errealitatetik, ikuspuntuak alderatzeko. Solasaldi horietan sortutako gaiak Carme Artigasi eta Pello Rodríguezi adieraziko zaizkie, haiek, beren esperientziatik eta aditu gisa duten jakintzatik, beren ikuspegia eman dezaten eta eszenatokitik haietan sakondu dezaten.
Global Innovation Day jardunaldiko solasaldia: teknologia, etika eta erantzukizuna
Global Innovation Day jardunaldian jada ohikoa den solasaldian, aurten hauxe izango da gaia: aurrerapen teknologikoek eta bereziki adimen artifizialak dituzten eragin etiko eta sozialak.
«Teknologia, etika eta erantzukizuna aldaketa garaietan» izango da solasaldiaren izenburua. Partaideak, honako hauek: Eneko Agirre, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) HiTZ Zentroko zuzendaria, eta Javier Martínez Contreras, Deustoko Unibertsitatean Etika Aplikatuko Zentroko zuzendaria.
Gai nagusi hauek izango dira solasaldiaren ardatz: garapen teknologikoaren, etikaren eta erantzukizunaren artean dagoen lotura, eta eraldaketa oso azkarreko testuinguru honetan, printzipio horiek berrikuntza-prozesuetan txertatzeko beharra.
Berrikuntzako kasu praktikoak
Global Innovation Day topaketan berrikuntzako zortzi kasu praktiko aurkeztuko dira. Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Innobasquek, bultzatutako zazpigarren deialdian 45 entitatek parte hartu dute eta 52 proposamen jaso dira guztira. Horien artetik hautatutako zortziak erakutsiko dira.
Proiektuek lau jarduera-esparru ordezkatzen dituzte: zientziatik berrikuntzarako transferentzia, adimen artifizialaren aplikazioa, dibertsifikazio zientifiko-teknologikoa eta berrikuntza administrazio publikoan. Euskal entitateak ikerkuntzaren, teknologiaren eta lankidetzaren bidez erronka askori ari dira erantzuten, eta, hain zuzen, erronken aniztasun hori erakusten dute, osotasunean, zortzi ekimen hautatuek.
1. GeoBilbao Plataforma
BilbaoTIK, Bilboko Udalarekin lankidetzan
José Manuel Mato Fernández, Smart Data konpainiako eta BilbaoTIK Korporazio Zerbitzuetako zuzendariordea.
GeoBilbao Bilboko Udalaren lurralde adimeneko plataforma korporatiboa eta biki digitala da. Plataformak hainbat iturritako datu geoespazialen 1.129 multzo barne biltzen ditu. Hauek dira iturriak: udal sistemak, hiriko sentsoreak, eraikin eta azpiegituren eredu digitalak (BIM), LiDAR teknologia, garraio publikoa, mugikortasuna eta larrialdiak. Hala, azpiegitura honek lurraldeko informazioa modu konpartituan eskuratzeko aukera ematen du, eta udal kudeaketa eta erabakiak hartzea hobetzen laguntzen du.
2. AGGREGACO2 mineralizazio proiektua
Biscay Eco Aggregates. ALBA Emission Free Energy (Petronor) eta O.C.O. Technology partaide dituen sozietatea
Ainhoa Martin Morante, Alba-Petronorkonpainiako Ekonomia Zirkularreko arduraduna.
AGGREGACO2 proiektuak industria-hondakinak eraldatzeko planta bat jarri du martxan Bilboko Portuan: Petronorren Muskizko industria-hondakinak karbono-aztarna txikiagoa duten eraikuntzako agregakin sintetiko bihurtzen ditu planta horrek. ALBA Emission Free Energy (Petronor) eta Erresuma Batuko O.C.O. Technology enpresen partaidetza uztartzen du proiektuak. Konpainia britainiarraren mineralizazio-teknologiak ahalmena du hondakinetan CO₂ finkatzeko eta material berri bihurtzeko.
3. Inplante kirurgiko seguruagoak
Novanano Medical, CIC nanoGUNE-ren jakintza zientifikoarekin
Ramiro Couceiro, Novanano Medical konpainiako Chief Scientific Officer.
Novanano Medical enpresak inplante kirurgikoen segurtasuna hobetzeko, bakterioen atxikitzea gutxitzeko eta hezurrean integratzen laguntzeko teknologiak garatzen ditu. CIC nanoGUNE Gipuzkoako ikerkuntza-zentroan sortutako jakintza zientifikoa du oinarrian proiektuak, eta ikerkuntza eta balioztatze klinikoa eta industriala uztartzen ditu, zenbait ospitalek, fabrikatzailek eta euskal ekosistemako eragilek osatutako lankidetza-sarearen bidez. 2025. urtearen amaieran sortu zen enpresa, eta garatutako teknologiaren fase aurre-komertzialean dago.
4. Eraldaketa digitaleko proiektua
Enkarterri Trokelgintza, SPRI Taldearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren programen laguntzarekin
Aketza Romeo, Enkarterri Trokelgintzako zuzendari nagusia.
Enkarterri Trokelgintza enpresak eraldaketa digitaleko eta industria-jarduera dibertsifikatzeko prozesu bat bultzatu du, sektore berrietan lana eskuratzeko, hala nola aeroespazialean, defentsan eta energian. Enpresak arkitektura digital berritzaile bat ezarri du, diseinua, programazioa, simulazioa, zenbakizko kontrola baliatzen duten makina bidezko fabrikazioa eta metrologia- eta kalitate-prozesuak uztartuz.
5. FAST Plataforma
Intellialert Technologies, Tecnaliak eta Team Ingeniaritza eta Aholkularitzak eratutako enpresa
Jagoba Lupiola Chamorro, Intellialert Technologies konpainiako CEOa.
FAST (Flood Advisor Service Technologies) plataformak adimen artifiziala erabiltzen du uholdeak eta beste fenomeno klimatiko batzuk iragartzeko. Horretarako, datu meteorologikoak, hidrologikoak eta geoespazialak bateratzen ditu, horien bidez alerta goiztiarrak sortzeko eta arriskuei aurre hartzeko.
6. Ontzi Hub
ELIKA Fundazioa, Basque Food Cluster-aren partaidetzarekin
Arantza Madariaga, ELIKAko zuzendaria.
Ontzi Hub ekimenak lankidetza eta berrikuntza bultzatzen ditu elikagaien packaging sektorean. Arabako ELIKA Fundazioak sustatu du ekimena, Bizkaian egoitza duen Basque Food Cluster-aren partaidetzarekin. Proiektuak, alde batetik, EAEko elikagaien sektoreko enpresen eta, bestetik, ontzi eta material hornitzaileen, eragile teknologikoen, jakintza-entitateen eta erakundeen arteko lankidetza sustatzen du.
7. Lantek iQuoting
Lantek, Ikerlan-en lankidetzarekin
Carlos García Villate, Lantek konpainiako Chief Technology Officer (CTO).
Lantek iQuoting proiektuak adimen artifiziala aplikatzen du txapa ebaketako industrian aurrekontuak lainoan egiteko. Soluzioak ekoizpeneko datu errealak eta Lantek enpresak hainbat hamarkadatan metatutako jakintza industriala uztartzen ditu, segundo gutxitan piezek eta multzoek zer kostu izango duten kalkulatzeko. Horretarako, besteak beste, aldagai hauek hartzen ditu kontuan: material kontsumoa, hondakinak eta makinaren denbora.
8. BIOGEARS
AZTI, enpresa hauen lankidetzarekin: GAIKER, ITSASKORDA, ERINN Limited eta CENTEXBEL
Leire Aranzamendi, AZTI Fundazioko senior ikertzailea.
BIOGEARS proiektuak akuikulturarako soka biodegradagarriak garatzen ditu, jatorri fosileko plastikoekin eginiko soken ordez erabiltzeko. AZTI zentro teknologikoak martxan duen Blue Lab berrikuntza irekiko metodologiaren eta elkarrekin sortzeko ikuspegiaren bidez sortu da ekimena, eta honako enpresa hauek ere partaide izan dira: GAIKER eta ITSASKORDA –Bizkaian egoitza duten enpresak–, Irlandako ERINN Limitedy, Belgikako CENTEXBEL zentro teknologikoa eta akuikulturaren balio-kateko beste zenbait eragile.
Global Innovation Day topaketan aurkeztutako zortzi kasu praktikoak, eta deialdian onartutako gainerako proposamenak, Innobasqueren Berrikuntzako Kasu Praktikoen Bankuan jasoko dira. Esperientzien gordailu horrek beste entitateak inspiratzea du helburu, baita euskal berrikuntza sistemaren barnean jakintzaren trukea bideratzea ere.
Itxiera
Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza sailburuak itxiko du jardunaldia.
EGITARAUA
| 15:00 | Ateen irekiera |
| 16:00 | Imanol Regoren ongietorria Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidentea. |
| 16:10 | Berrikuntzako kasu praktikoak I • BilbaoTIK sozietatearen GeoBilbao plataforma. Aurkezlea: Jose Manuel Mato Fernández, Smart Data eta Korporazio Zerbitzuen zuzendariordea. • Alba enpresaren (Petronor) AGGREGACO2 Mineralizazio proiektua. Aurkezlea: Ainhoa Martin Morante, Ekonomia Zirkularreko arduraduna. • Novanano Medical enpresaren inplante kirurgiko seguruagoak. Aurkezlea: Ramiro Couceiro, Chief Scientific Officer. • Enkarterri Trokelgintzaren eraldaketa digitalerako proiektua. Aurkezlea: Aketza Romero, zuzendari nagusia. |
| 16:30 | Astryd Park artistaren nazioarteko lankidetza: konputazio kuantikoa eta artea. |
| 16:35 | Diálogo del Global Innovation Day sobre tecnología, ética y responsabilidad en tiempos de cambio • Eneko Agirre, director de HiTZ Zentroa de EHU. • Javier Martínez Contreras, director del Centro de Ética Aplicada de la Universidad de Deusto. |
| 17:05 | Berrikuntzako kasu praktikoak II • Intellialert Technologies enpresaren FAST plataforma. Aurkezlea: Jagoba Lupiola Chamorro, CEOa. • ELIKA Fundazionaren OntziHub ekimena. Aurkezlea: Arantza Madariaga, zuzendaria. • Lantek enpresaren iQuoting proiektua. Aurkezlea: Carlos García Villate, Chief Technology Officer (CTO). • AZTI Fundazioaren BIOGEARS proiektua. Aurkezlea: Leire Arantzamendi, ikertzaile seniorra. |
| 17:25 | Euskadirako joeren analisia: burujabetza teknologikoa • Carme Artigas, Nazca Capital sozietateko Operating Partnerra eta Digitalizazio eta Adimen Artifizialeko Estatu idazkari ohia. • Pello Rodríguez, MONDRAGON Korporazioko Kontseilu Orokorreko presidentea (Euskadiko kooperatiba eta industria talde handiena da Mondragon). |
| 18:30 | Itxiera, Juan Ignacio Pérez Iglesiasen eskutik Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza sailburua. |
| 18:40 | Aperitiboa. |




