• Urteroko hitzordua ekainaren 3an izango da, Gasteizko Ondare eraikinean, eta hor elkartuko dira Agentziako 900 entitate bazkideetako ordezkariak. Aurtengoan, alderdi instituzionala eta hausnarketarako eta esperientzien trukerako guneak uztartuko dira
  • Imanol Rego, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidentea, eta Carlos Mira, CRE100DO Fundazioko presidentea eta HALO Space enpresako CEOa, berrikuntzari buruz ariko dira solasean, berrikuntza enpresen hazkunderako palankatzat harturik
  • Leire Bilbao, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusia eta Jesús Valero, Tecnaliako zuzendaria, EARTOko (Ikerkuntza eta Teknologia Antolakundeen Europako Elkartea) presidentea eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteordea arituko dira beste solasaldi batean, Europar Batasunaren etorkizuneko 10. Esparru Programak (FP10) Euskadirako zabalduko dituen aukerak eta erronkak aztertzeko
  • Euskal enpresetako zuzendari nagusiek eta arduradunek TRAS100DE enpresen hazkunderako programan izandako esperientziak eta ikasitakoak partekatuko dituzte. Euskadin, Innobasqueren laguntzarekin sustatzen da CRE100DO Fundazioaren ekimen hori, eta berrikuntza da programaren ardatz estrategikoetako bat

INNOBASQUE, 2026ko maiatzaren 29a. Innobasqueren Batzar Nagusian goi-mailako solasaldi-guneak izango dira, eta, beraz, entitate bazkideen hitzordu esklusibo hau hausnarketarako foro bihurtuko da berrikuntzaren, enpresa-hazkundearen eta Europako hurrengo Esparru Programak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sisteman (ZTBES) izango duen inpaktuaren inguruan gogoeta egiteko.

Hitzordua Gasteizko Ondare Eraikinean izango da ekainaren 3an, 9:30etik 11:30era, eta bertan elkartuko dira Agentziako 900 entitate bazkideetako ordezkariak. Batzarraren alderdi instituzionalari dagokionez, eguneko gai-zerrendako hainbat puntu bozkatuko dira, horien artean Innobasqueren 2026-2030 Plan Estrategiko berria. Agentziaren hurrengo urteetako jarduera gidatuko duen bide-orri hori bat dator Euskadiko 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planarekin (2030 ZTBP), eta euskarri garrantzitsua izango da Euskadi Europaren barnean goi-mailako berrikuntzako eskualde gisa posizionatzeko.

Alderdi instituzionalaren ondoren, analisi, gogoeta eta eztabaidarako bloke bat zabalduko da, berrikuntzari eta enpresa-hazkundeari loturiko hainbat esperientzia eta ikuspegi aztertzeko eta horietan sakontzeko. Imanol Rego Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidentearen eta Carlos Mira CRE100DO Fundazioko presidentearen eta HALO Space enpresako CEOaren arteko solasaldian, berrikuntzak eraldaketarako, hazkunderako eta entitateen erresilentziarako palanka gisa nola jokatzen duen aztertuko dute. Izan dezakeen dimentsio teknologikoaz harago, berrikuntza jarrera estrategikoa ere badela azalduko dute, eta horren gainean hausnartuko dute. Hala, berrikuntzak aukera ematen die enpresei hazteko, eskalan gora egiteko eta ingurune gero eta globalagoetan lehiatzeko. Orobat, enpresek elkarrengandik ikastea eta eraldaketa-esperientzia errealak konpartitzea zein garrantzitsua den nabarmenduko dute.

Jardunaldiari jarraipena emateko, mahai-inguru bat izango da, CRE100D Fundazioak sustatutako TRAS100DE programari buruz. Hala, enpresen hazkundea bultzatzeko ekimen horretan parte hartu duten hainbat euskal enpresatako zuzendari nagusiek eta arduradunek beren esperientzia eta ikasketen berri emango dute. Euskadin egin da programaren bigarren edizioa, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia lankide dela. Hain zuzen, berrikuntza da programaren ardatz estrategikoetako bat.

Hainbat enpresa-ikuspegitatik, mahaiak aukera emango du gaurkotasuneko hainbat gai jorratzeko: talentuaren kudeaketa, hazkunde-estrategiak, berritzeko gaitasunean tamainak duen garrantzia edo lehiakortasunezko ingurune globaletan marka eraikitzea. Erronka horiek beren baitan bizi izan dituzten konpainien esperientzia zuzena izango da oinarri, gai horiei buruz hitz egiteko. TRAS100DE programak berdinen artean ikastea proposatzen du, eta, hain zuzen, horixe da mahaiaren asmoa: berdinen arteko ikasketa hori balioan jartzea. Programa horren baitan, tarteko merkatura jauzia eman duten enpresek beren konpainia hazteko, eraldatzeko eta sendotzeko bizi izan duten esperientzia erreala konpartitzen dute garapen-prozesu horretan dauden beste konpainia batzuekin.

Enpresa eta ordezkari hauek izango dira partaide mahaian: Eduardo Anitua (BTI Biotechnology Institute), Iosune Astobiza (Nor Steel eta Forging Steel Products), Iñigo Beraza (Gobesa), Jon Fernández (Orbea Fundazioa) eta Juncal de Lucas (Salto Systems).

Batzarrari amaiera emateko, Leire Bilbao, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusia eta Jesús Valero, Tecnaliako zuzendaria, EARTOko (Ikerkuntza eta Teknologia Antolakundeen Europako Elkartea) presidentea eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteordea ariko dira solasean, Europar Batasunaren etorkizuneko 10. Esparru Programari (FP10) buruz, eta programa horrek Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Sistemari zabalduko dizkion aukera eta erronkei buruz. Ikuspegi estrategiko batetik, solasaldian honako gai hauek jorratuko dituzte, besteren artean: I+G+b arloko Europako esparru berrian egin diren aldaketa nagusiak, gaur egungo negoziazio instituzionalaren prozesua zertan den eta Euskadi Europako berrikuntzaren esparruan posizionatzeko programak izan ditzakeen eraginak.

EGITARAUA 

09.30Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako entitate bazkideen Batzar Nagusia  
10:15Imanol Rego Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidentearen eta Carlos Mira CRE100DO Fundazioko presidentearen eta HALO Space enpresako CEOaren arteko solasaldia  
TRAS100DE mahaia: enpresen hazkunderako programa horren bigarren edizioan parte hartu duten entitate bazkideek ekimenaren nondik norakoak azalduko dituzte. Berrikuntza da programaren ardatz estrategikoetako bat  
Eduardo Anitua, BTI Biotechnology Instituteko presidentea eta zuzendari zientifikoa
Iosune Astobiza, Nor Steel eta Forging Steel Products enpresetako zuzendari nagusia
Iñigo Beraza, Gobesa enpresako CEOa Jon Fernández, Orbea Fundazioko presidentea
Juncal de Lucas, Salto Systems enpresan Pertsonak eta Kultura saileko zuzendaria  
11:15Europar Batasunaren 10. Esparru Programa (FP10)
Leire Bilbao, Innobasqueko zuzendari nagusia eta Jesús Valero, Tecnaliako zuzendari nagusia, EARTOko (Ikerkuntza eta Teknologia Antolakundeen Europako Elkartea) presidentea eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteordea solasean ariko dira Horizonte Europa programaren lekua hartuko duen etorkizuneko esparru-programari buruz
11:30Batzarraren itxiera  

Partekatu albiste hau

Agencia Vasca de la Innovación, Innobasque
Pribatutasunaren laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientziarik onena eskaini ahal izateko. Cookieei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzeko edo gure ekipoari webguneko zein atal aurkitzen dituzun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzeko funtzioak betetzen ditu.