• Bizkaia Ikastetxeko eta Gernikako San Fidel Ikastolako ikasleek Bilboko antzokiaren funtzionamendua ezagutu dute aurrez aurre, baita hura osatzen duten talde sortzaile eta teknikoak ere.
  • Bisita STEAM FLL Euskadi hezkuntza-programaren barruan egin da. Programa horrek bokazio zientifiko-teknologikoak modu praktiko eta dibertigarrian sustatzen ditu Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleen artean, bizitza errealeko beharrei erantzunez.
  • FLL Euskadi Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak sustatzen du Deustuko Unibertsitatearekin (Bilbo eta Donostiako campusak), Mondragon Unibertsitatearekin (Arrasateko Campusa) eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin (Arabako Campusa) batera; azken horrek aurten bat egin du ekimenarekin.

Asteazkena, 2024ko urtarrilaren 17a. Bizkaia Ikastetxeko eta Gernikako San Fidel Ikastolako 67 ikaslek Bilboko Arriaga Antzokia bisitatu dute gaur antzezlanak nola muntatzen diren eta horretarako beharrezkoak diren teknologiak ezagutzeko. Bi ikastetxeek FIRST LEGO League Euskadiko 15. edizioan parte hartzen dute, STEAM hezkuntza-programaren barruan. Egitasmo horrek bokazio zientifiko-teknologikoak modu praktiko eta dibertigarrian sustatzea du helburu Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleen artean, bizitza errealeko beharrei erantzunez. Bizkaiko beste bi ikastetxetako 69 ikaslek ere ezagutu dituzte antzokiaren zokoak. Guztira, gaur 140 gaztek hartu dute parte bisitan Berrikuntzaren Euskal Agentziak parte-hartzaileei eskaintzen dien FIRST LEGO League Euskadi hezkuntza- programaren barruan, ekimen horren urteko erronka tematikoaren errealitatearen berri izan dezaten eta horrekin lotutako lanbide zientifiko-teknologikoak ezagutu ditzaten. Denboraldi honetako erronkan, MASTERPIECE izenekoan, teknologia modu sortzailean erabiliz taldeek besteekin partekatu nahi duten zaletasuna identifikatu behar dute (musika, zinema, antzerkia…).

Arriaga antzokiko talde sortzaile eta teknikoa makinistek, tramoiariek, elektrikariek, soinu-arduradunek, errejidoreek, buru teknikoek, ekoizpen-langileek, jostunek, aretozainek, eta abarrek osatzen dute. Antzokiko talde teknikoko profesionalek ikuskizun baten sorkuntza eta antzezpena, protagonistak eta prozesu horretan parte hartzen duten teknologiak erakutsi dizkiete gazteei. Proposamen eszeniko baten antzerki-lana ere zuzenean ikusi dute eta antzokia osatzen duten sail bakoitzaren eginkizunetan sakondu dute.

FLL Euskadiren 15. edizioa
FIRST LEGO League Euskadi (FLL Euskadi) STEAM hezkuntza-programaren barruan dago eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak sustatzen du Deustuko Unibertsitatearekin (Bilbo eta Donostiako campusak), Mondragon Unibertsitatearekin (Arrasateko Campusa) eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera (Arabako Campusa); azken horrek aurten bat egin du ekimenarekin. FLLren helburua bokazio zientifiko-teknologikoak 6 eta 16 urte arteko ikasleen artean sustatzea da. Parte hartzen duten taldeek berrikuntza-proiektu bat garatu behar dute urteko erronka tematikoaren inguruan mundu errealeko arazo bati aurre egiteko. Erronka tematiko hori, aurten, artearekin eta teknologiarekin dago lotuta.

Azken fasea txapelketaren final jendetsua da: martxoaren 2an (larunbata) izango da, aldi berean, Bilbon, Donostian, Arrasaten eta, lehen aldiz, Gasteizen. Irabazleak Espainiako finalerako sailkatuko dira eta bertatik FIRST LEGO League egitasmoak mundu osoan antolatzen dituen nazioarteko txapelketetara sailkatu ahal izango dira.

Ekimena STEAM Euskadi Hezkuntza Estrategiaren barruan sartzen da, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren babesarekin eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundien lankidetzarekin.

Innobasque – STEAM hezkuntza

Informazio gehiago:
VK Comunicación
Xusane de Miguel
944 01 53 06 / 629 75 33 36
[email protected]

Partekatu albiste hau