Argazkia: Juan Ignacio Pérez Iglesias, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidentea eta zuzendari nagusia, Imanol Rego eta Leire Bilbao, Innobasqueko Batzorde Betearazleko kideekin eta jardunaldiko hizlariekin batera
- Global Innovation Day topaketaren XV. edizioan berrikuntzaren euskal ekosistemako 400 ordezkari inguru bildu dira “Humanismoa eta teknologia berriak” goiburupean. Imanol Regok zabaldu du ekitaldia eta Juan Ignacio Pérez Iglesiasek eman dio itxiera
- Carme Artigasek, Digitalizazio eta Adimen Artifizialeko Estatu idazkari ohiak, eta Pello Rodríguezek, MONDRAGON Korporazioko Kontseilu Orokorreko presidenteak, burujabetza teknologikoak sortutako erronkak aztertu dituzte, eta beharrezkotzat jo dute Europak eta Euskadik beren gaitasunak garatzea mendekotasun estrategikoak murrizteko
- Eneko Agirre, EHUko HiTZ Zentroko zuzendaria, eta Javier Martínez Contreras, Deustoko Unibertsitateko Etika Aplikatuko Zentroko zuzendaria izan dira beste solasaldiaren protagonistak. Adimen artifiziala izan da aztergaia: batetik, sortzen diren aukerak, eta, bestetik, haren garapenak eta aplikazioak sortzen dituen auzi etikoak eta sozialak
- Jardunaldian, zortzi soluzio berritzaile aurkeztu dira, hainbat esparrutakoak: ekonomia zirkularra, osasun arloa, adimen artifiziala, industria eta kudeaketa publikoa
- Esteka honetan daude eskura jardunaldiak utzitako irudiak: ikusi hemen argazkiak
BILBO, 2026eko azaroaren 17a. Euskal Berrikuntzaren Agentziak, Innobasquek, antolatzen duen Global Innovation Day jardunaldiak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sistemako 400 ordezkari inguru bildu ditu gaur Bilboko Euskalduna Jauregian, teknologia berrien garapenak sortzen dituen erronkei eta gizartean duen inpaktuari buruz eztabaidatzeko. “Humanismoa eta teknologia berriak” izan da aurtengo goiburua, eta Europaren eta Euskadiren etorkizuna baldintzatzen duten bi gai hauek izan dira ardatz: burujabetza teknologikoa eta adimen artifizialaren eragin etiko eta sozialak.
Erronka horiei loturiko ikuspegi zientifiko, enpresarial eta humanistikoak kontrastatzeko aukera izan da jardunaldian; era berean, bertaratuen parte hartzea sustatzeko dinamika baten bidez, debatea entitate bakoitzaren errealitateari lotzeko aukera ere izan da. Euskadin garatutako zortzi soluzio berritzaile ere aurkeztu dira; ikerkuntzaren eta teknologiaren bidez, enpresetan, zientzian eta kudeaketa publikoan sortzen diren erronkei nola erantzun dakiekeen ikusteko zortzi adibide izan dira.
Innobasque, Euskal Berrikuntzaren Agentziako presidenteak, Imanol Regok, zabaldu du topaketa. Aurten ere, Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Saila eta Iberdrola izan dira laguntzaile antolaketan Bere esku-hartzean, Euskadik eraldaketa teknologikoei aurre egiteko duen gaitasuna nabarmendu du Regok, eta horiek gidatzen laguntzeko anbizioa izan behar dela aldarrikatu du. “Zer nahi dugu: besterik gabe aldaketa horietara egokitu, edo horiek zuzentzen lagundu? Nik uste dut Euskadik bigarrena izan behar duela helburu”, adierazi du. Alde horretatik, berrikuntzako euskal ekosistemaren talentua, jakintza, enpresak, unibertsitateak, teknologia zentroak eta berrikuntzako euskal ekosistemak lankidetzarako duen gaitasuna jarri ditu balioan.
Regok azpimarratu du berrikuntzaren eskutik gizarterako emaitza zehatzak lortu behar direla. “Berrikuntza ez da helburu bat bere horretan. Berrikuntzak zentzua izango badu, eraldatu egin behar du, aukerak sortu behar ditu eta pertsonen bizimodua hobetu behar du”, bere esanetan. Era berean, nabarmendu du oso garrantzitsua dela jakintzaren eta teknologiaren bidez benetako arazoei konponbideak ematea: “Berrikuntzaren abiapuntuan jakintza eta teknologia daude, baina haren benetako balioa arazo jakinei konponbidea ematea da”.
Aurtengo edizioko goiburuaren harira, garapen teknologikoaren erdigunean pertsonak jarri behar direla aldarrikatu du, batez ere adimen artifiziala izaten ari den garapen azkarraren aurrean. “Adimen artifizialak gaitasuna jartzen digu eskura. Gizakiok irizpidea, xedea eta erantzukizuna jarri behar ditugu”, Regoren hitzetan. Ildo beretik, hala gehitu du: “Humanismoak ez du teknologia galgatu nahi. Aitzitik, norabide bat eman nahi dio”.
Azkenik, Euskadik anbizio handiagoz jokatu behar duela aldarrikatu du, dituen gaitasunen bidez enpresa berriak sortzeko, produktu hobeak egiteko, kalitatezko enplegua, ongizatea eta aukerak sortzeko. “Gaitasuna badugu. Jakintza badugu. Talentua badugu. Eta ekosistema bikain bat dugu. Orain, anbizioa ere behar dugu”, nabarmendu du. Sarrerako hitzaldia amaitzeko, berriz, hauxe azpimarratu du: “Euskadik ez du mugatu behar etorkizunari aurre hartzera. Etorkizuna eraikitzen lagundu behar du. Eta etorkizun hori gidatzeko anbizioa eduki behar du”.
Tradizioa, sormena eta teknologia berriak lotu dituzten zenbait adierazpen artistiko ere izan dira jardunaldian. Donostiako Aukeran dantza konpainiak, bere sormenaren lagin bat aurkeztu du, eta erakutsi du nola uztartu duten euskal dantza tradizionala beste hainbat hizkuntza eta adierazpide garaikiderekin.
Bestalde, nazioarteko ekarpena Astryd Park artistaren eskutik heldu da. Londresko Moth Quantum konpainian aplikazio kuantikoetako ingeniaria eta arte sormeneko profesionala da Park, eta haren jarduna konputazio kuantikoaren eta arte sortzailearen artean loturak esploratzea da. Bertaratuek Parken «Reality Is Not What It Seems» instalazioa ezagutu ahal izan dute aretoaren sarreran, algoritmo kuantikoen bidez bideoa denbora errealean kodetzen duen lan bat. Teknologia horrek, izan ditzakeen aplikazio zientifikoetatik harago, adierazpen-hizkuntza gisa eta sormen artistikorako tresna gisa zer aukera ematen duen esploratzen du Parken proposamenak.
Teknologia, etika eta erantzukizuna aldaketa garaietan
Global Innovation Day jardunaldiaren ardatzetako bat “Teknologia, etika eta erantzukizuna aldaketa garaietan” solasaldia izan da. Eneko Agirre, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) HiTZ Zentroko zuzendaria, eta Javier Martínez Contreras, Deustoko Unibertsitateko Etika Aplikatuko Zentroko zuzendaria izan dira bi solaskideak.
Agirrek, batez ere adimen artifizialaren bilakaera, gaitasunak eta ikerkuntzak zabaltzen dituen aukerak jorratu ditu, eta Martínez Contrerasek, berriz, etika aplikatuaren ikuspegia jarri du, eta teknologia horren garapen eta aplikaziotik eratorritako eraginak aztertzeko hainbat elementu aipatu. Beraz, bi alderdi horiek kontrastatzeko aukera eman du solasaldiak. Orobat, aurrerapen teknologikoak egiterakoan hausnarketa etikoak aintzat hartu behar direla eta pertsonengan eta gizartean sor daitezkeen ondorioak ere kontuan izan behar direla argi utzi nahi izan dute bi solaskideek.
Agirrek adimen artifizialaren bilakaera azkarra errepasatu du, ChatGPT agertu zenetik eta programazioan, matematikan edo fisikan egindako aurrerapenetatik. Abantaila teknologikoa abantaila geopolitiko bihurtzen ari dela ere adierazi du, teknologia propioa garatzeko gaitasunak gero eta garrantzi handiagoa hartzen duen eszenatoki batean.
Bestalde, Martínez Contrerasek zalantzan jarri du teknologia neutrala izatearen ideia, eta teknologia horren erabileraren mende egotea soilik. Bere garapena, adierazi duenez, inbertsio erabakiek, interes industrialek eta botere harremanek baldintzatzen dute. Horrez gain, sistemen diseinuan, pribatutasunean, jasangarritasunean eta konpainia handi gutxi batzuen gaitasunen kontzentrazioan dauden alborapenak aipatu behar dira.
Elkarrizketak, halaber, hainbat gaitasun adimen artifizialaren esku uztearen arriskuak jorratu ditu, hala nola diskurtsoak sortzea eta ezagutza sortzea, bai eta izan ditzakeen ondorio sozial, ekonomiko eta politikoak ere. Erronka horien aurrean, Martínez Contrerasek berrikuntza teknologikoan bi printzipio txertatzearen garrantzia defendatu du: prebentzioarena, ondorio posibleak aurreratzeko, eta erantzukizunarena, kontuak emateko betebehar gisa ez ezik, ondorio negatiboak zuzentzeko eta arintzeko borondate gisa ere ulertuta.
Eredu irekiek eta tokiko garapenek elkarrizketaren beste zati bat ezarri dute dauden alternatibak zabaltzeko eta gehiegizko botere kontzentrazioa saihesteko bide gisa. Agirrek nabarmendu du eredu irekiek berrikuntza horizontalagoa bultzatzeko duten ahalmena, eta biek adierazi dute tokiko irtenbideak garatzeko interesa, erakundeek beren datuen eta aplikazioen gaineko kontrol handiagoa izan dezaten. Alternatiba horiek aukerak irekitzen dituzte norberaren gaitasunak indartzeko, baina ez dituzte berez ezabatzen adimen artifizialari lotutako erronka etiko eta sozialak.
Burujabetza teknologikoa: Europarako eta Euskadirako beharrizan estrategikoa
Nazioarteko lehia gero eta handiagoa den honetan, Europaren burujabetza teknologikoa eta teknologia propioak garatzeko eta mendekotasunak murrizteko izan dezakeen gaitasuna izan dira Euskadirako joeren analisi-blokea ardaztu duten gaiak Global Innovation Day jardunaldiaren XV. ekitaldian.
Europako eta Euskadiko agendetan gero eta erronka garrantzitsuagoa bihurtzen ari da burujabetza teknologikoa, eta, horri buruz eztabaidatzeko, bi solaskide hauek izan dira euskal berrikuntzaren hitzordu nagusian: Carme Artigas, Nazca Capital sozietateko Operating Partnerra eta Digitalizazioko eta Adimen Artifizialeko Estatu idazkari ohia, eta Pello Rodríguez, MONDRAGON Korporazioko Kontseilu Orokorreko presidentea. Artigasek, eraldaketa digitalaren eta adimen artifizialaren esparruan duen esperientzia jarri du mahai gainean, baita nazioarteko joera teknologikoen gainean duen ikuspuntua ere. Rodríguezek, berriz, industriaren eta enpresen errealitatearekin lotu du debatea, 150 herrialdetan presentzia duen korporazio baten gidaritzan duen esperientziatik. Leire Bilbaok, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren zuzendari nagusiak, dinamizatu du solasaldia.
Elkarrizketa zabaltzeko, adimen artifizialari buruz Eneko Agirrek eta Javier Martínez Contrerasek aurrez izan duten solasaldiaren gaia berreskuratu du Bilbaok, eta auzi etikoei eta erantzukizunari loturiko beste galdera hau jarri du mahai gainean: Zer gaitasun behar dugu gure garapen teknologikoaren gaineko erabakiak gure eskuetan egon daitezen aurrerantzean ere? Adierazi du adimen artifiziala, erdieroaleak, konputazio-datuak eta -azpiegiturak eta beste zenbait teknologia jada ez direla berritzeko tresna soilak; “izan ere, herrialdeen eta enpresen lehiakortasuna, segurtasuna eta erabakitzeko ahalmena baldintzatzen duten faktore bihurtu dira”.
Agentziak joera teknologikoak eta Euskadin haiek duten eragina aztertzeko eta horiei aurre hartzeko egiten duen lanaren testuinguruan egin du gogoeta hori Innobasqueko zuzendari nagusiak. Testuinguru horretan, azaldu du Berrikuntzako Joerak Kontrastatzeko Aholku Lantaldea jarri dutela martxan, Euskadiko eta nazioarteko erreferentziazko zientzialari, teknologo eta enpresariez osatua. GID jardunaldia baino egun batzuk lehenago egin zuen lehen bilera lantalde horrek, eta Bilbaoren hitzetan, agerian utzi zuen “autonomia edo burujabetza teknologikoa jada ezin dela etorkizuneko helburutzat hartu; izan ere, beharrizan estrategiko bihurtzen ari da, eta behar horrek baldintzatu egiten du non inbertitzen dugun, zer ikertzen dugun eta nola berritzen dugun”.
Bilbaok zehaztu du burujabetza teknologikoak ez duela esan nahi teknologia guztiak propioak izan behar dutenik; haren erabilerak mendekotasunik ez sortzea dela kontua, hirugarrenen mende egoteak mugatu egiten duelako erabakitzeko ahalmena. Horretarako, enpresek jakin egin behar dute zenbateraino dauden kanpoko hornitzaileen mende, zer marjina duten beste irtenbide bat hartzeko eta gai izango liratekeen jarduerari eusteko zerbitzua eskuratzeko baldintzetan aldaketaren bat gertatuko balitz. Auzia, beraz, ez da teknologia nork garatzen duen soilik, baizik eta nork duen horren erabileran gaineko kontrola eta nork erabaki dezakeen nola eta zer baldintzatan erabili.
Erronka hori ilustratzeko, joeren lantaldeak sortutako irudi bat berreskuratu du: “ermitak” eraikitzea, “katedral” teknologiko handiak beharrean. “Saihestu egin behar da dena sistema bakar baten mende egotea, gero ezinezkoa bada handik atera ahal izatea. Beste aukera batzuei eutsi behar zaie. Maniobratzeko tartea gorde behar da. Laburbilduz, oso garrantzitsua da gaitasun guztiak azpiegitura edo soluzio teknologiko bakar batean ez kontzentratzea, eta aukera gehiago izatea sor daitezkeen aldaketen aurrean egokitu ahal izateko”, azaldu du.
Autonomia, berretsi du, ez da gaitasun guztiak Euskadin bertan garatzea edo nazioarteko lankidetzari uko egitea. Autonomiaren funtsa da jakitea zer den zentzuzkoa kanpoan erostea, zer komeni den beste batzuekin elkarlanean garatzea eta zer gaitasun diren mantendu beharrekoak lehiakortasuna eta erabakitzeko ahalmena ez galtzeko. Erronka horrek industria, zientzia, teknologia eta erakundeak konektatzea eskatzen du.
Planteamendu horretatik abiatuta, Carme Artigasek eta Pello Rodriguezek kontrastatu egin dituzte nazioarteko eta enpresako ikuspegiak mendekotasun teknologikoei buruz, Europak eta Euskadik zaindu behar dituzten gaitasunei buruz eta agertoki horrek enpresa sarerako eta euskal berrikuntza sistemarako eskaintzen dituen aukerei buruz.
Carme Artigasek azaldu duenez, nazioarteko agertoki aldaketak globalizazio teknologikoaren eredua berrikustera behartzen du, hamarkada askotan efizientzia, kostu eta eskalagarritasun irizpideetan oinarrituta. Pandemiak agerian utzi zituen lehengai eta osagai kritikoak eskuratzeko hirugarrenen mende egotearen ondorioak, baina adimen artifizialak, Artigasen hitzetan, dimentsio berri bat gehitu du: «Ez da soilik teknologia bat, botere geopolitiko, estrategiko eta militarreko azpiegitura bat da», adierazi du.
Artigasek defendatu du Europak identifikatu behar duela non lehiatu daitekeen eta bere ekosistema zientifiko eta teknologikoaren gaitasunak aprobetxatu behar dituela, nazioarteko karreratik kanpo geratu dela onartu beharrean. Adierazi du esparru estrategikoetan indarguneak dituela, hala nola erdieroaleak fabrikatzeko teknologian, baina inbertsio handiagoa behar duela bere garapenak eskalatzeko eta ezagutza merkatura transferitzeko. Horretarako, hiru erronka aipatu ditu: abiadura irabaztea, eskala handiagoa lortzea eta anbizioa igotzea.
Bestalde, Pello Rodriguezek industria sarera eraman du analisia, eta enpresetan dagoeneko existitzen diren gaitasun teknologikoei buruz ohartarazi du, baita nazioartean ikusgarritasun txikiagoa duten industria konpainia espezializatuetan ere. Adierazi du Euskadik ezagutza oso espezifikoa eta teknologia aurreratuak dituzten enpresak dituela bere ekoizpen prozesuetan, eta erronka dela indargune horiek aprobetxatzea adimen artifiziala eta softwarea txertatzeko, produktibitatea hobetzeko eta negozio aukera berriak garatzeko.
Ildo horretan, Rodriguezek nabarmendu du enpresa bakoitzak zer ezagutza eta gaitasun diferentzial babestu behar dituen identifikatu behar dela, eta tokiko azpiegiturak adimen artifizialeko aplikazioak eta eragileak garatzeko aukera gisa aipatu ditu, industria datuak erakundetik atera gabe.
Artigasek gaineratu duenez, datuez gain, talentua eta erabakitzeko gaitasuna Europak zaindu beharreko aktiboak dira. Erakundeek beren buruari galdetu behar diote zer gertatuko litzatekeen teknologia edo hornitzaile baterako sarbidea galduko balute, eta egoera horretan beren jarduerari eutsi ahal izango lioketen.
Bi parte-hartzaileen ustez, autonomia teknologikoak ez du esan nahi gaitasun guztiak barruan garatu behar direnik, ezta nazioarteko lankidetzari uko egin behar zaionik ere; aitzitik, erabaki behar da non lehiatu, zer ezagutza blindatu kanpotik eta zer irtenbide gehitu kanpotik.
Artigasek azpimarratu du Europak prozesuak sinplifikatu, inbertsioa erraztu eta unibertsitateen, enpresen eta inbertitzaileen arteko lotura indartu behar duela, bere gaitasun zientifikoa enpresa garapen bihurtzeko. Rodriguezek, begirada Euskadin jarrita, adimen artifizialak euskal enpresa sarearentzat eskaintzen dituen aukerak nabarmendu ditu, bai dauden industria prozesuak hobetzeko, bai jarduera eta negozio eredu berriak bultzatzeko.
Edizio honetako berrikuntzetako bat izan da parte hartzeko dinamika bat txertatu dela, eztabaida bertaratutako erakundeen errealitatera eramateko. Mahai-inguruetan banatuta, bertaratutakoek talde-laneko dinamika batean parte hartu dute, elkarrizketan zehar jorratutako gaiak beren erakundeen errealitatera helarazteko. Ikuspegien truketik abiatuta, beren ustez garrantzitsuenak diren erronkak identifikatu dituzte, eta agertokira eraman diren galderak adostu dituzte. Carme Artigasek eta Pello Rodriguezek entzuleek planteatutako gaiei erantzun diete, hala nola AA erabiltzea belaunaldien arteko erreleboaren ondorioz erakundeetan barne ezagutza galtzearen aurkako tresna gisa, planteatutako erronkei buruz duten ikuspegia emanez.
Euskadin garatutako zortzi soluzio berritzaile
Euskadin garatutako zortzi soluzio berritzaile aurkeztu dira jardunaldian. Berrikuntzako euskal ekosistemak duen aniztasuna islatzen dute hautatutako zortzi kasuek, baita jakintza zientifikoa eta teknologikoa soluzio aplikatuetara eramateko duen ahalmena ere. Innobasqueren Berrikuntzako Kasu Praktikoen zazpigarren deialdian aurkeztu diren proposamenen artean hautatu dira zortzi kasuak. Guztira 45 entitatek proposatutako 52 proiektu jaso dira aurtengoan. Bi saiotan banatuta, Euskadin askotariko esparruetan garatu diren soluzioak ezagutu ahal izan dira. Hauek dira esparru horietako batzuk: hirien kudeaketa, ekonomia zirkularra, osasuna arloa, eraldaketa industriala, arrisku klimatikoen prebentzioa eta elikagaien sektoreko berrikuntza.
Lehen saioan, Jose Manuel Mato Fernándezek, Smart Data eta BilbaoTIK-eko Korporazio Zerbitzuen zuzendariordeak, GeoBilbao aplikazioa aurkeztu du. Tresna horrek datu geoespazialen mila multzo inguru bateratzen ditu eta udalerria modu eraginkorragoan kudeatzeko baliatzen du informazio hori. Tresna horren aplikazioak erraztu egiten du Udaleko zerbitzuen lana eta hiriaren planifikazioa hobetzen eta erabakiak hartzea errazten du.
Ainhoa Martin Morantek, Alba-Petronor konpainiako Ekonomia Zirkularreko arduradunak, AGGREGACO2 ekimena zer den azaldu du: proiektuak Petronor enpresakoindustria-hondakinak eraldatu eta karbono-aztarna txikiagoa duten eraikuntzako agregakin sintetiko bihurtzen ditu, CO₂-a finkatzen duen prozesu baten bidez.
Osasun arloan berrikuntza nola aplikatzen den Novanano Medical konpainiak erakutsi du, inplante kirurgikoen segurtasuna hobetzeko teknologia bat garatu baitu enpresa horrek. Ramiro Couceiro zuzendari zientifikoak aurkeztu du kasua. Teknologia horren helburua da bakterioen itsastea murriztea eta inplanteak hezurrean hobeto txertatzea.
Kasu praktikoen lehen saio horretan aurkeztu du Enkarterri Trokelgintza enpresako zuzendariak, Aketza Romerok, haien kasua. Azaldu du digitalizazioaren bidez ekoizpeneko faseak lotzea lortu dutela, eta, horri esker, beste sektore batzuetara zabaldu dutela jarduera; esaterako, sektore aerosepazialera, defentsara eta energiara.
Bigarren saioan, adimen artifizialeko aplikazio bat, lankidetzako eredu bat eta gora bidean diren erronkei erantzuteko ikerkuntza adibide bat izan dira ardatz.
Jagoba Lupiola Chamorrok, Intellialert Technologies enpresako CEOak FAST Intellialertplataforma aurkeztu du. Tresna horrek adimen artifiziala eta datu meteorologikoak, hidrologikoak eta geoespazialak konbinatzen ditu, uholdeei eta bestelako fenomeno klimatikoei aurre hartzeko. Beraz, prebentzioa eta erabakiak modu egokian hartzea ahalbidetzen du.
Elikaduraren sektorean aplikatutako berrikuntzari loturik, Arantza Madariagak, ELIKA Fundazioko zuzendariak, OntziHub eman du ezagutzera. Ekimen horrek, elikagaien sektoreko enpresak eta ontzi hornitzaileak eta eragile teknologikoak uztartzen ditu, elikagaien ontzi seguruagoak, jasangarriagoak eta lehiakorragoak garatzeko.
Carlos García Villatek, Lantek konpainiako CTOak, iQuoting aurkeztu du, adimen artifizialeko tresna bat. Lanabes horrek ekoizpeneko datu errealak eta jakintza industriala baliatzen ditu txapa ebaketaren sektorean aurrekontuak azkarrago eta arinago prestatzeko.
Azkenik, Leire Arantzamendik, AZTI Fundazioko ikertzaile seniorrak, BIOGEARS aurkeztu du. Proiektu horrek akuikulturarako soka biodegradagarriak garatzen ditu, jatorri fosileko plastikoekin eginiko soken ordez erabiltzeko, eta, beraz, jarduera horrek ingurumenean sortzen duen inpaktua murrizteko.
Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburua Juan Ignacio Pérez Iglesiasek eman dio amaiera Global Innovation Day ekimenaren XV. edizioari, eta berrikuntza eta garapen teknologikoa diziplina anitzeko ikuspegi batetik lantzearen garrantzia nabarmendu du, kontuan hartuta zer testuinguru sozialetan gertatzen diren eta horrek pertsonengan eta ingurunean dituen ondorioak.
Pérez Iglesiasek gogorarazi duenez, “berrikuntza ez da gertatzen gizarte huts batean, eta haren emaitzek ondorio positiboak zein negatiboak eragin ditzakete, ingurumen inpaktuarekin hasi eta lan merkatuaren eraldaketekin buka”. Ildo horretan, adierazi du Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planak (ZTBP 2030) komunitateari buruzko atal espezifiko bat jasotzen duela, hain zuzen ere gizarteak berrikuntza eta garapen teknologikoko prozesuetan duen inplikazioa aitortzeko.
Azpimarratu du, gainera, teknologia ez dela neutrala, eta bere garapenari eta aplikazioari buruzko erabakiek neurri handi batean gizartearentzat dituen ondorioak zehazten dituztela. Pérez Iglesias kontseilariak bere hitzaldian berreskuratu du Global Innovation Dayren XV. edizioko elkarrizketa-espazioetan indar handienaz entzun den ideietako bat, alegia, teknologia ez dela neutrala, eta azpimarratu du haren ondorioak, neurri handi batean, haren garapena eta aplikazioa bideratzen duten giza erabakien mende daudela. Azken gogoeta bat, euskal berrikuntzaren hitzordu handi honen leloarekin lotzen dena: «Teknologia berriak eta humanismoa – Humanismoa eta teknologia berriak».




