INNOBASQUE, martxoaren 9a. Hurrengo Ikerkuntza eta Berrikuntza Esparru Programaren lanketa dela-eta, lehiakortasun ereduari buruz sortzen ari den eztabaida, horixe da ‘Innobasque Joerak’ hileroko buletineko martxoko zenbakiaren gai nagusia. Hauxe da galdera: Europak berehalako inpaktua duten tresnetan kontzentratu behar ditu bere baliabideak, horien bidez krisi eta aurkari globalen aurrean berehala erantzuteko, edo, aitzitik, jakintza, talentua eta teknologia propioak sortzeko ahalmen iraunkorraren alde egin behar du apustu eta zientzia irekira eta lankidetza bidezkora bideratu behar du arreta?
Science Business aldizkariak argitaratutako bi artikuluren ondorioak jasotzen ditu buletinak. Horietan, adituek eta eurodiputatuek ohartarazten dute arriskutsua izan daitekeela Batzordeak proposatutako Europako Lehiakortasun Funtsak merkatutik hurbileko proiektuak lehenestea –industriaren eskalada eta hedapena ardatz duten proiektuak– eta bigarren maila batean uztea nazioz gaindiko lankidetzazko ikerketa. Orain arte, esparru programen bereizgarria izan da lankidetzazko ikerkuntza hori; areago, Europako berrikuntzaren historian izan diren aurrerapauso industrial asko berehalako aplikazioa ez zuten esplorazio-ikerkuntzetatik sortuak izan dira.
Zenbaki honetako bigarren erreportajean, Estatu Batuetako Adimen Artifizialeko enpresen eta Defentsa Departamentuaren arteko pultsua da aztergai; zehazki, pultsu horren eraginez, sektorearen muga moralak eta estrategikoak nola birdefinitzen ari diren. Esaterako, Anthropic enpresak uko egin dio bere AAko ereduen erabilera malgutzeari, balizko aplikazio militarretarako erabil ez daitezen. Uko horrek mugatu egin dio kontratu federal askotarako aukera. Aldiz, OpenAI enpresak, sektoreko beste erraldoietako batek, lankidetza bideak esploratzen dihardu. Baten eta bestearen jarrerak erakusten du gero eta haustura handiagoa dagoela industrian: zer egin, defentsa arloko aukeren alde lehiatu edo, presio geopolitiko handiko testuinguru honetan, konpromiso etikoak blindatu?
Hilabete honetako hirugarren erreportajean ere adimen artifiziala da aztergai. Horren arabera, zeregin konplexuak planifikatzeko eta gauzatzeko gai diren Adimen Artifizialeko eragileak ikerkuntza- eta berrikuntza-prozesuak eraldatzen ari dira, prozesuak askoz azkarrago bihurtzen, hain zuzen. Alabaina, beste arrisku batzuk ere sortzen ari dira; izan ere, eragile bat autonomiaz ari daitekeen moduan, manipulatua, engainatua edo ustiatua ere izan daiteke.




