Argazki-oina: Argazki oina: kasu praktikoaren aurkezpena Global Innovation Day 2025ean

  • Deialdian batez ere esparru hauei loturiko kasuak hartuko dira aintzat: jakintzaren eraldaketa bultzatu dutenak, berrikuntzan adimen artifiziala aplikatu dutenak, sektore zientifiko-teknologiko berrietara hedatzea helburu dutenak eta administrazio publikoak berrikuntzaren motor gisa bultzatutakoak
  • Kasu esanguratsuenak XV. Global Innovation Day jardunaldian aurkeztuko dira; hau da, Euskadin berrikuntzari loturik urtero egiten den erreferentziazko topaketan —azaroan izango da aurten—
  • Proposamenak ekainaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira esteka honetan: https://mapa.innobasque.eus/casos-practicos

INNOBASQUE, 2026ko ekainaren 8a. Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Innobasquek, Euskadiko Berrikuntzako Kasu Praktikoen 7. Deialdia jarri du martxan, helburu nagusi honekin: lurraldean berrikuntza bultzatzen ari diren esperientzia errealak identifikatzea eta ikusaraztea; hau da, jakintzaren eraldaketaren bidez ekonomian, gizartean eta ingurumenean modu konektatuagoan balioa eta inpaktu handiagoa sortzen ari diren kasuak eta ekimenak bereiztea eta balioan jartzea.

Innobasqueren 2026–2030 Plan Estrategiko berriari eta Eusko Jaurlaritzaren 2030 ZTBP planari loturik dago deialdia. Europan, berrikuntza-sistemen lehiakortasuna gero eta handiagoa den honetan, funtsezkoa da jakintza emaitza ukigarrietan eraldatzea, eta, hain zuzen, behar horri sendotzera datoz aipatutako bi planak.

Testuinguru horretan, hiru palanka nagusi erabiliz abiadura, arintasuna eta irismena azken hiruzpalau urteetan Euskadin berrikuntza sustatzen lagundu duten kasuak identifikatzeko asmoarekin sustatzen du Innobasquek ekimen hau.

Lau kategoriatan banatuta aurkeztu ahal izango dira kasuak: zientziaren transferentzia berrikuntzara; adimen artifizialaren aplikazioa berrikuntza-prozesuetan; oinarri zientifiko-teknologikoa duten sektore berrietarantz jarduera dibertsifikatzea; eta administrazio publikoaren zeregina berrikuntzaren motor gisa.

Esparru horietan hainbat kasu eta esperientzia daude zientziaren, teknologiaren eta enpresaren arteko lankidetza bultzatu dutenak; teknologia erraztaileak erabili dituztenak; enpresak merkatu berriei begira modu estrategikoan birkokatu dituztenak eta berrikuntza dinamizatzeko tresna publikoak erabili dituztenak.

Hautatutako kasuek erakutsi eta egiaztatu egin beharko dute inpaktua izan dutela sistemaren lehiakortasunean eta eraldaketan, eta ahalmena dutela ekonomian, gizartean edo ingurumenean balioa sortzeko. Ebaluatzeko irizpideen artean aintzat hartuko dira ekimenaren izaera estrategikoa, berrikuntza maila, eragileen arteko lankidetza, jasangarritasuna, eraginkortasuna, inpaktua eta errepikagarritasuna.

Kasu esanguratsuenak XV. Global Innovation Day topaketan aurkeztuko dira, 2026ko azaroan, eta Innobasqueren Kasu Praktikoen Bankuan sartuko dira. Gainera, onartutako kasuek material dibulgatzaileak sortu ahal izango dituzte adituen laguntzarekin, eta, orobat, kasua zabaltzeko ekintzetan parte hartu ahal izango dute hainbat kanalen bidez.

Deialdia zabalik dago enpresentzat, eragile zientifiko-teknologikoentzat, administrazio publikoentzat eta Euskadin jarduera duten entitate sozialentzat.

Kasuak aurkezteko epea 2026ko ekainaren 30era arte izango da zabalik. Innobasqueren Kasu Praktikoen Bankuan egokitutako formularioa bete behar da horretarako.

Partekatu albiste hau

Agencia Vasca de la Innovación, Innobasque
Pribatutasunaren laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientziarik onena eskaini ahal izateko. Cookieei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzeko edo gure ekipoari webguneko zein atal aurkitzen dituzun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzeko funtzioak betetzen ditu.