Argazkia: Imanol Rego eta Leire Bilbao, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidente eta zuzendari nagusia, Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuarekin eta zuzendaritza batzordeko kideekin batera

  • Berrikuntzaren Euskal Agentziaren oinarria osatzen duten 900 entitateetako ordezkariek ahobatezko babesa eman diote bide-orri berriari. Inpaktu handiko berrikuntza bultzatzea da Plan Estrategiko berriaren xedea, horren bidez Euskadiren lehiakortasuna sendotzeko, kalitatezko enplegua sortzeko, berrikuntzaren euskal ekosistema indartzeko eta etorkizuneko erronka berrien aurrean entitate bazkideak prestatzeko 
  • Imanol Rego, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidentea, eta Carlos Mira, CRE100DO Fundazioko presidentea, berrikuntzari buruz aritu dira solasean, berrikuntza enpresen hazkunderako palankatzat harturik 
  • TRAS100DE programan parte hartu duten Innobasqueko bazkide eta erreferentziazko hainbat euskal enpresatako zuzendari nagusiak eta enpresaburuak mahai-inguru batean elkartu dira, haien esperientzia eta ikasketak konpartitzeko. Euskadin, CRE100DO Fundazioak sustatzen du enpresen hazkundea xede duen ekimen hori, Innobasquerekin elkarlanean 
  • Leire Bilbao, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusia, eta Jesús Valero, Tecnaliako zuzendaria, EARTOko (Ikerkuntza eta Teknologia Antolakundeen Europako Elkartea) presidentea eta Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteordea aritu dira beste solasaldi batean, eta Europako etorkizuneko finantzaketa programak (FP10) Euskadirako zabalduko dituen aukerak eta erronkak aztertu dituzte 
  • Juan Ignacio Pérez Iglesiasek, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako sailburuak eta Innobasqueko presidenteordeak, Innobasqueren Plan Estrategiko berriaren eta 2030 ZTBP birformulatuaren arteko bat-etortzea azpimarratu du Batzar Nagusira igorritako mezuan, eta Euskadin berrikuntza sendotzeko ahalegin horretan bi erakundeen arteko lankidetza nabarmendu du 
  • 2026ko Batzar Nagusiaren laburpen bideoa
  • Innobasque 2025eko jardueraren bideoa
  • Ikusi argazkiak 

Gasteiz, 2026ko ekainaren 3a. Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, bere XIX. Batzar Nagusia egin du gaur Gasteizko Ondare eraikinean, eta bertan elkartu dira Agentziaren oinarria osatzen duten entitateetako ordezkariak. Gaur egun, 900 baino gehiago dira Innobasqueko bazkideak: enpresak, administrazio publikoak, hezkuntzako eragileak, zientzia eta teknologia munduko entitateak, berrikuntza ekosistemako tarteko organismoak, entitate sozialak eta Euskadin berrikuntzari bultzada emateko konpromisoa duten pertsona esanguratsuak. 

Batzarrean izan dira, orobat, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua, Mikel Jauregi Letemendia, eta Berrikuntzaren Euskal Agentziako Zuzendaritza Batzordeko beste kide batzuk ere. Gaur egun, euskal berrikuntzaren esparru estrategiko nagusietako erreferentziazko 60 profesionalez osaturik dago zuzendaritza. 

Batzar Nagusian bildutako ordezkariek eguneko gai-zerrendako puntu guztiak onartu dituzte aho batez, besteren artean 2025eko ekitaldiko urteko kontuak eta kudeaketa-txostena, Zuzendaritza Batzordearen eta Batzorde Eragilearen osaera, aurtengo aurrekontua eta entitate bazkideen 2026ko kuoten eguneratzea. Era berean, ontzat eman dute 2026-2030 Plan Estrategikoa martxan jartzea. Hain zuzen, bide-orri berri horrek gidatuko du Agentziaren jarduera datozen urteetan. 

Herrialde mailako estrategiekin lerrokatutako plana, eta entitate bazkideekin elkarlanean eraikia 

Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren 2026-2030 Plan Estrategiko berria etapa berri baten hasierako mugarria izango da. Funtsean, bi dira aurrera begirako etapa horren xede nagusiak: batetik, Euskadin berrikuntzaren inpaktua bultzatzea, bai ekonomian, bai gizartean eta bai ingurumenean, eta, bestetik, Agentziaren zeregina sendotzea Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sisteman, beti ere entitate bazkideak estrategiaren motor direla. 

Euskadik oinarri sendoa du zientzian, teknologian eta industrian —hori da estrategia berriaren abiapuntua—, baina, aldi berean, nazioarteko testuinguru gero eta exijenteago bati aurre egin behar dio, eta, beraz, jakintza hori emaitza ukigarri bihurtzeko prozesua azkartu egin beharko du, lehiakorragoa izateko eta ongizatea eta garapen jasangarria lortzeko. 

Imanol Regok, Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteak, Batzar Nagusiaren irekieran nabarmendu du Euskadik goi-mailako berrikuntzako eskualdea izaten jarraitzen duela Europan, baita “bikaintasun-poloa” ere, Europar Batzordeak horrela aitortuta, eta testuinguru horretan kokatu du 2026-2030 Plan Estrategikoa, baina, aldi berean, nabarmendu du erronka handia duela aurrean: gero eta lehia handiagoko ingurune global batean posizio horri eustea eta sendotzea, hain zuzen. 

Alde horretatik, Regok azpimarratu du 2026-2030 Plan Estrategiko berriak Euskadiren posizionamedu hori egokitzeko eta sendotzeko beharrari erantzuten diola. Gaur egungo testuinguru globalean, trantsizio energetikoa, digitalizazio azeleratua eta kohesio sozialaren beharra dira bereizgarri nagusietako batzuk, eta horri erantzute aldera, plan estrategikoak honako hauek hartzen ditu ardatz: aurre-hartze estrategikoa, berrikuntza sustatzea, Europako esparruan lidergoari eustea eta euskal ekosistema osoa aktibatzea. “Europak eta munduak azeleratzea exijitzen digute, eta Euskadik badu hori egiteko oinarria”, nabarmendu du Regok bere esku-hartzean, eta “proiektuaren izaera konpartitua, eta enpresek, erakundeek eta zientzia eta teknologia esparruetako eragileek berrikuntza inpaktu erreal bihurtzeko betetzen duten funtsezko zeregina” azpimarratu du. 

Presidenteak azaldu duenez, Innobasqueren bide-orri berria diseinatzerakoan, herrialde mailako estrategia nagusiak hartu dira aintzat —bereziki Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana (2030 ZTBP)— eta haiekin lerrokatu da, baita Europan berrikuntzaren, burujabetza estrategikoaren eta jakintzaren transferentziaren esparruetan indarrean diren lehentasunekin ere. 

Plana gauzatzeko, gainera, Innobasqueko entitate bazkideei modu aktiboan entzuteko prozesu bat gauzatu da 2025ean, zeinetan 128 entitate eta 600 pertsona baino gehiago izan diren partaide zazpi lan-mahaitan banaturik. Haien ekarpenak funtsezkoak izan dira bide-orri berriaren definizioan. 

Testuinguru horretan, Regok azpimarratu du entitate bazkideak direla estrategiaren motor; zehazki “Innobasqueren nukleoa” direla esan du, “izan ere, haien jakintza, esperientzia eta sistemaren errealitatearekiko konexioa dira gure indargune nagusia”. Presidenteak azaldu du entitate bazkideek ezinbesteko eginkizuna izango dutela planaren jarduera-ildo nagusien garapenean, eta gaineratu du ekonomian, gizartean eta ingurumenean inpaktu handiagoko berrikuntza sortzea izango dela jarduera-ildo horien xede nagusia. 

2026-2030 Plan Estrategikoaren ardatzak 

Ondoren, Leire Bilbaok, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak, xehetasun handiagoz azaldu du 2026-2030 Plan Estrategikoaren edukia, eta aipatutako jarduera-ildo nagusi horiek aletu ditu banan-banan. 

Testuinguru globalean Euskadiren egoera zein den azaldu du zuzendari nagusiak, eta testuinguru horren zenbait bereizgarri aipatu ditu, hala nola azelerazio teknologikoa, industria-eraldaketa, trantsizio energetikoa eta klimatikoa eta talentua eta jakintza eskuratzeko lehia global gero eta handiagoa. “Innobasquek jakin du beti testuinguru horren baitan aurrera egiten, bere jarduera euskal ekosistemaren beharrizanetara egokituz, aurrera egiten jarraitzeko”, azaldu du, eta horrek Agentziarentzat beste misio bat ekarri duela gaineratu du: “Gure oinarri diren entitate bazkideen babesarekin bultzatzen dugu berrikuntza Euskadin, beti ere Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren (ZTBP) testuinguruan, eta ekonomian, gizartean eta ingurumenean inpaktua sortzeko xedearekin, hiru rol hauetatik: monitorizatzea, gaitzea eta eragitea”. 

Agentziaren hiru rol horiek betetzeko, lau jarduera-esparru izango ditu Innobasquek, helburu nagusi batekin: euskal ekosistemaren gaitasuna sendotzea, aldaketei aurre egin ahal izateko eta inpaktu handiagoko berrikuntza sortzen laguntzeko. Zehazki, hauek dira lau jarduera-esparruak: prospektiba, zientzia, teknologia eta berrikuntzaren euskal sistemaren monitorizazioa eta aurre-hartze estrategikoa sendotzeko; berrikuntzaren sustapena, Agentziaren prozesuak inpaktu handiagokoak izateko; Euskadi Europako ikerkuntza- eta berrikuntza-eremuan posizionatzea; eta entitate bazkideak aktibatzea estrategiaren motor izan daitezen.  

Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako sailburuak eta Innobasqueko presidenteordeak, Juan Ignacio Pérez Iglesiasek, bere mezua helarazi nahi izan die Batzar Nagusian bildutako entitateei, lehendakariarekin batera bidaia instituzionalean dagoenez, ezin izan baitu Gasteizen egon. Bere esku-hartzean, sailburuak nabarmendu du Innobasqueren Plan Estrategiko berriaren onarpena bat etorri dela berrikuntzaren euskal ekosistemako beste une garrantzitsu batekin; izan ere, Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana (2030 ZTBP) berriro formulatu da berriki. 

Bi erakundeek prozesu honetan elkarrekin egin duten lana azpimarratu du Pérez Iglesiasek, eta Innobasquek herrialde mailako berrikuntza-estrategiak diseinatzeko eta lerrokatzeko egin duen ekarpena jarri du balioan. Alde horretatik, azaldu du 2030 ZTBPak berrikuntzari eskainitako bosgarren zutabe bat gehitu duela berariaz, eta zutabe horrek bederatzi itsasargi jasotzen dituela, Euskadik aurrean dituen trantsizio handiei erantzun ahal izateko. Era berean, berrikuntza disruptiboa bultzatzeko eta ekosistemako eragile guztiei iritsarazteko tresna berriak martxan jarri dituztela nabarmendu du, eta esparru horretan Innobasquek eginiko ekarpen esanguratsua azpimarratu du. 

Azkenik, Berrikuntzaren Euskal Agentziak 2030 ZTBParen lanketan eta bi estrategiak lerrokatzeko prozesuan eginiko lana eskertu du sailburuak, eta bi bide-orriak diseinatzerakoan Sailaren eta Innobasqueren artean izan den lankidetza goraipatu du. 

Hazteko berrikuntza  

Alderdi instituzionalaren ondoren, Imanol Rego Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidentearen eta Carlos Mira CRE100DO Fundazioko presidentearen arteko solasaldia izan da, berrikuntzak enpresen hazkunderako eta lehiakortasunerako faktore gisa duen garrantzia aztergai hartuta. 

Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, eta CRE100DO Fundazioak, aliantza bat jarri dute martxan aurten, eta horren bidez, TRAS100DE programaren bigarren edizioa egin da Euskadin. Hazteko helburua eta anbizioa duten enpresa txiki eta ertainei zuzendutako ekimen horretan, zuzendari eta enpresaburuen arteko ikasketa sustatzen da. Ekimen horretan, zientzia, osasuna, industria, energia eta elikaduraren esparruetako 29 enpresa txiki eta ertainek hartu dute parte, eta haiekin batera, jada tarteko merkaturako jauzia eman duten industria, finantza, teknologia eta zerbitzu aurreratuen sektoreetako 18 entitatetako zuzendariek; hain zuzen, azken horiek egin dituzte mentore lanak. 

Solasaldian, biek ala biek nabarmendu dute enpresen hazkundea dela lehiakortasunerako oinarri nagusietako bat, eta Mirak neurri ertaineko enpresek duten garrantzia azpimarratu du. Midle market edo tarteko merkatuaren segmentuan dauden konpainia horiek ETE tradizionalak baino handiagoak dira, baina ez dira iristen korporazio multinazional handiak izatera. Miraren esanetan, tarteko enpresa horiek “trakziogileak dira, enplegua, nazioartekotzea eta produktibitatea sortzen dute” eta, horrez gainera, gai dira “sektoreak, lurraldeak eta gizarteak eraldatzeko, anbizioa, berrikuntza eta jomuga uztartuta”. Era berean, TRAS100DE programa jarri nahi izan du balioan, enpresen artean ikasteko gunea den aldetik; izan ere, “ibilian hartutako erabaki errealetatik ikastea, eta ez teoria hutsetik, oso garrantzitsua da hazkundea azkartzeko”. 

Era berean, finantza-sistemen eta inbertsiorako tresnen balioa nabarmendu du, eta funtsezkotzat jo ditu gaitasun handiagoa izateko berritzeko, inbertitzeko eta produkzio-sarearen baitan enpresa-proiektuak handitzeko. 

Esparru-programa berriaren erronkak eta aukerak 

Batzarrari amaiera emateko, beste solasaldi bat izan da. Kasu honetan, Leire Bilbao, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusia, eta Jesús Valero, Tecnaliako zuzendaria, EARTOko (Ikerkuntza eta Teknologia Antolakundeen Europako Elkartea) presidentea eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteordea aritu dira elkarrekin hizketan, Europar Batasunaren etorkizuneko Ikerkuntza eta Berrikuntza Esparru Programak (FP10) Euskadirako ekarriko dituen aukerak eta erronkak aztergai hartuta. 

Europako etorkizuneko ikerkuntza- eta berrikuntza-politikan sortzen eta egiten ari diren aldaketa nagusiak aztertu dituzte solasaldian. Gero eta gehiago, lehiakortasuna, burujabetza estrategikoa eta zientzia eta teknologiaren bidez ekonomian inpaktua sortzea dira politika horren ildo behinenak, bi hizlariek nabarmendu dutenez. 

Jesús Valerok nabarmendu du Euskadik egoera sendo batetik aurre egingo diola testuinguru berri horri; “izan ere, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistema oso indartsua da, Euskadik apustu jarraitua egin du I+G+b arloaren alde eta emaitza bikainak lortu ditu Europako finantzaketa-programetan”. Era berean, adierazi du Europako etorkizuneko programaren diseinuak aukera garrantzitsuak sortzen dituela industria aldetik lehiakorrak diren ekosistema aurreratuentzat, eta euskal ekosistema halakoa dela gehitu du. “Abiapuntua oso ona da, eta aukera, bikaina. Euskadik hainbat indargune ditu: ahalegin handia egin dugu Europako finantzaketa gero eta handiagoa eskuratzeko, eragile asko jarri ditugu zeregin horretan, eta horrek lotura zuzena du Euskadik jardunaren adierazle nagusietan duen posizioarekin, baita euskal sarearen eta ekosistemaren sendotasunarekin ere. Inbertsio handia egiten dugu I+G arloan, eta ahalmen handiko ekosistema daukagu, hasi zientziatik eta berrikuntzara, balio-kate osoa barne hartuz. Gainera, gure ekosistema oso ondo lotzen da euskal industriaren beharrizan errealekin, eta hori abantaila gehigarri bat da”, Valeroren hitzetan. 

Era berean, zientziaren arloko eta teknologiaren arloko euskal politiken bateratzeak ekosistemen sendotasun hori areago indartzen duela azpimarratu du: “Ezohikoa da hori, eta giltzarria Euskadiren arrakastan; izan ere, bateratze horrek aukera emango du zientzia finantzatzeko ez ezik Zientzia eta Teknologia Planeko proiektu estrategiko handiak Europako Lehiakortasun Funtsarekin konektatzeko, eta horrek ekimen eraldatzaileen garapena ahalbidetuko du ekosistema osoan”. 

Solasaldia amaitzeko, dei egin diete eragile guztiei Europako esparru berriari aurre har diezaioten, eta FP10 programak zabalduko dituen aukerak aprobetxa ditzaten Euskadiren lehiakortasuna, berrikuntza eta nazioarteko posizionamendua bultzatzen jarraitzeko. 

DESPIEZEA 

Innobasqueko bazkide diren euskal enpresetako hainbat zuzendarik hazteko nola berritu behar den azaldu dute 

Imanol Regok eta Carlos Mirak Batzar Nagusian konpartitutako hausnarketen ondotik, TRAS100DE mahai-ingurua egin da, CRE100DO Fundazioak enpresen hazkunderako sustatzen duen programa horri buruz. Erreferentziazko hainbat euskal enpresek hartu dute parte aurten programa horretan, eta konpainia horietako zuzendari nagusiek eta arduradunek haien esperientzien berri eman dute mahai-inguruan. TRAS100DE CEOen programa bat da CEOentzat, hazteko anbizioa duten enpresei zuzendua, aurrez bide hori egina duten konpainiekin elkartrukea bideratu eta hortik ikasketak ateratzeko. Programaren bigarren edizioa Euskadin egin da, eta Innobasque bazkide estrategikoa izan da.  

Honako hauek aritu dira solasaldian: Eduardo Anitua, BTI Biotechnology Institute enpresako presidentea eta zuzendari zientifikoa; Iosune Astobiza, Nor Steel eta Forging Steel Products enpresetako zuzendari nagusia; Iñigo Beraza, Gobesako CEOa; Jon Fernández, Orbea Fundazioko presidentea; eta Juncal de Lucas, Salto Systems enpresan Pertsonak eta Kultura saileko zuzendaria. Programaren bigarren edizio horretan beren esperientzia nolakoa izan den eta zer ikasi duten azaldu dute enpresa horietako goi-kargudunek. 

Benetako kasuen eta bizipenen bidez, mahaian parte hartu duten enpresaburuek berdinen arteko ikasketa-prozesua jarri dute balioan, haien iritziz tresna egokia baita enpresen hazkundearekin lotutako erronkei aurre egiteko. Aurrez eraldaketa, nazioartekotze eta eskalatze prozesu horiek bizi izan dituzten konpainien bidez lehen eskutik haien erabaki, hutsegite eta esperientzien berri jakiteko aukera ematen du programa horrek, eta, alde horretatik, formakuntza-eredu tradizionalagoen aldean elkartruke zuzen horrek duen garrantzia azpimarratu dute partaideek. 

Solasaldian, hainbat gai jorratu dituzte, besteren artean, honako hauek: talentua kudeatzea eta erakartzea, kultura berritzaileak eraikitzea, markak enpresen lehiakortasunean duen garrantzia, hazkunde-estrategia desberdinak eta enpresen berrikuntzarako gaitasuna sendotzeko dimentsio handiagoa eskuratzearen beharra. 

Partekatu albiste hau

Agencia Vasca de la Innovación, Innobasque
Pribatutasunaren laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientziarik onena eskaini ahal izateko. Cookieei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzeko edo gure ekipoari webguneko zein atal aurkitzen dituzun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzeko funtzioak betetzen ditu.