• Hauek izan dira edizio honetako irabazleak: Begoñazpi, Begoñazpi Ikastolakoa (Bilbao); Nova Heritage-Begoñazpi, de Begoñazpi Ikastolakoa (Bilbo); C’mon Guys, Madre de Dios Ikastetxekoa (Bilbo); Overlock, Axular Lizeoa Kooperatiba Elkartekoa (Donostia); Synthesis, STEM Toki – Edurobotic-ekoa (Portugalete); Bikibox, Bera Kruz Ikastolakoa (Markina-Xemein); Nclic Shakespeare, NClic-ekoa (Vitoria-Gasteiz); Salburulegoak, talde librea (Vitoria-Gasteiz); eta Tecnobots Elburgo, Tecnoclub Elburgokoa (Elburgo)
  • Gaur egin da torneoa, hiru euskal unibertsitateek antolatuta, haien bost egoitzetan aldi berean: Bilbon, Donostian, Arrasaten eta Gasteizen. Guztira, 68 ikastetxetako 1.700 ikaslek hartu dute parte, 205 taldetan banatuta. Estatuko torneorik jendetsuena da Euskadikoa, partaide kopuruari dagokionez.
  • Bederatzi talde irabazleak Espainiako finalean parte hartzeko sailkatu dira. Burgosen izango da final hori, apirilaren 11n (larunbata)
  • Komunikabideok jardunaldiaren informazio eguneratua (prentsa-oharra, argazkiak eta bideoak) duzue eskura esteka honetan: 17 FLL EUSKADI

Larunbata, 2026ko otsailaren 28a. FIRST LEGO League Euskadiprogramaren hamazazpigarren edizioaren finala izan da gaurBilbon, Donostian, Arrasaten eta Gasteizen, eta, beste behin, dibertsioa eta jakintza zientifiko-teknologikoa nagusitu dira egoitza guztietan. Deustoko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin elkarl,anean antolatutako egoitza anitzeko torneoan 68 ikastetxetako 1.700 ikasle bildu dira guztira aipatutako egoitzetan, 205 taldetan banatuta, zientziaren eta teknologiaren hitzordu handi honekin bat eginik.

Aurtengo erronka UNEARTHED izan da (Lurpetik azalera), eta arkeologia izan da ardatz. Hala, erronka horretatik abiatuta, Espainia eta nazioarte mailako erreferentziazko hezkuntza-programa honek 6 eta 16 urte bitarteko gazteen sormena estimulatzea lortu du STEM arloen bidez (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza, Artea eta Matematika, ingelesezko sigletan).

FLL Euskadi programan eta torneoan, taldeek bi kategoria desberdinetan parte hartzen dute, adinaren arabera. “Explore” kategorian 6 eta 9 urte arteko ikasleek esku hartze dute, eta maketa bat eraikitzen dute LEGO® -ren modelo motordun batekin. Era berean, poster bat ere diseinatzen dute, urteko erronkan oinarritutako soluzio bat aurkeztuz. Gaur, taldeek, epaimahai baten aurrean aurkeztu dituzte beren lanak, eta torneoaren aurreko hilabeteetan egindako lanean FLL programaren balioak nola txertatu dituzten erakutsi dute.

“Challenge” kategorian, berriz, 10 eta 16 urte arteko ikasleek hartzen dute parte. Kategoria honetan, taldeek robot bat eraikitzen dute LEGO® piezekin, mahai-gain batean hainbat misio egiteko gai den robota. Era berean, berrikuntza-proiektu bat ere garatzen dute, denboraldiko gaiarekin zerikusia duten arazo erreal bati erantzuteko. Gaur, beren robotekin lehiatu dute taldeek, eta beren berrikuntza-proiektuak aurkeztu dituzte epaimahaiaren aurrean, STEM balioak erakusteaz bat.

FIRST LEGO League Euskadi programaren 17. edizio honetan irabazi duten bederatzi taldeek Espainiako finalean hartuko dute parte apirilaren 11n Burgosen. Han, beren berrikuntza-proiektuak aurkeztuko dituzte, eta lantalde irabazleen robotek lehian jardungo dute Houstonen (AEB) egingo den munduko finalerako txartela lortzeko. Apirilaren 29tik maiatzaren 2ra izango da mundu mailako final hori.

Edizio honetako talde irabazleak ikastetxe hauetako ordezkariak izan dira: Begoñazpi Ikastolakoak (Bilbo); Madre de Dios Ikastetxekoak (Bilbo); Axular Lizeoa Kooperatiba Elkartekoak (Donostia); STEM Toki – Edurobotic-ekoak (Portugalete); Bera Kruz Ikastolakoak (Markina-Xemein); Nclic Shakespeare, NClic-ekoa (Vitoria-Gasteiz); talde librea (Vitoria-Gasteiz); eta Tecnoclub Elburgokoak (Elburgo).

Haien berrikuntza-proiektuek honelako soluzioak eman dizkiete aurtengo erronkari: muntaketa errazeko azpiegiturak, hornidura-autonomiarekin eta langileak babesteko prebentzio-sistema integratuekin; barrunbeak ikuskatu, 3D ereduak sortu eta kobazuloaren egonkortasuna zein interes arkeologikoa baloratzeko gai diren robotak; lurrean ezkutatutako objektu arkeologikoak adimen artifizialaren bidez automatikoki detektatu eta bereizten dituen baheketa robotizatu bat, eta indusketetan arkeologoen lana errazteko exoeskeleto bat; indusketetan arkeologiako profesionalen osasun posturala hobetzeko irtenbide berritzaile bat; indusketa arkeologikoetan ingurumen-inpaktua minimizatzeko soluzio bat; eta aurkikuntza arkeologikoak detektatu eta haien kokapen zehatza markatzeko robot autonomo bat.

Datuak egoitzaren arabera

FLL Euskadi Bilbo-Deuston, Deustoko Unibertsitatearen Bilboko campusean, Bizkaia osoko 20 ikastetxek hartu dute parte ekitaldi honetan, 49 taldetan banatuta (30 Challenge + 19 Explore). Guztira, 414 ikaslek hartu dute parte.

Aurten, Mondragon Unibertsitatearen Bilbo AS Fabrik campusa batu da FLL Euskadi torneoaren deialdira. Guztira, 180 ikasle aritu dira egoitza horretan; zehazki, Bizkaiko 6 ikastetxetako 22 talde (12 Challenge + 10 Explore).

FLL Euskadi Donostian, Deustoko Unibertsitateko Donostiako campusean, berriz, 15 ikastetxetako (Bizkaiko 9 eta Gipuzkoako 6) 44 taldek hartu dute parte (27 Challenge + 17 Explore). Egoitza honetan, 372 ikasle aritu dira.

FLL Euskadi Arrasaten, Mondragon Unibertsitateko Iturripeko campusean, Bizkaiko eta Gipuzkoako 13 ikastetxetako 49 talde aritu dira lehian (28 Challenge + 21 Explore), 406 ikasle guztira.

Azkenik, EHUren Gasteizko egoitzan Arabako eta Bizkaiko 17 ikastetxetako 43 talde aritu dira (24 Challenge + 19 Explore), 354 ikasle guztira.

Erakundeen presentzia

Aurten, bisita instituzionala Deustoko Unibertsitatearen Bilboko campusean izan da. Bertan bildu dira Juan Jose Etxeberria, Deustoko Unibertsitateko errektorea, eta Aitziber Irigoras, Unibertsitate Komunitateko eta 2030 Agendako errektoreordea; Andoni Eguiluz, unibertsitate horretako Ingeniaritzako dekanoa; Maialen Agirre, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko Berrikuntza zuzendaria; Ainara Basurko, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko diputatua; Leire Bilbao, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusia; Itxaso Erroteta, Bilboko Udaleko Gaztedia eta Kirola Saileko zinegotzia; Joseba Martínez, Ulma Taldeko Giza Baliabideetako zuzendari korporatiboa; Ana Belén Martínez, BBK Fundazioko Talentua eta Ekintzailetza saileko burua; Estíbaliz Goñi, i-DE – Iberdrola enpresako Prozesu eta Teknologia arloko zuzendaria; Ander García, Drone by Drone enpresako CEOa; César López, Ausolan enpresako Operazioen zuzendaria; eta Cristina Giménez Elorriaga, Deustoko Unibertsitateko ingeniaritza Kanpo Harremanetako zuzendaria.

Lankidetza-sarea

Antolatzaileek torneo honetan lagundu duten 300 boluntarioen parte-hartzea eskertu dute, haiek gabe ezingo baitzen egin, baita babesleen konpromisoa ere. Aurten Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Sailak, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundiek, Ingeniera Soy Elkarteak eta egoitza bakoitzeko babesleek babestu eta lagundu dute ekimena. Euskadiko 43 entitatek babesten dute programa, horien artean hainbat enpresak, unibertsitatek, ikerketa-zentrok eta erakundek. Erakunde horien guztien konpromisoa da ikasleen artean karrera zientifiko-teknologikoekiko interesa eta haiei loturiko gaitasunak sustatzea: berrikuntza, esperimentazioa, pentsamendu kritikoa, talde-lana eta sormena, besteak beste.

Hamazazpi edizio hauetan, FIRST LEGO League Euskadi STEAM Hezkuntzako (zientzia, teknologia, ingeniaritza, arteak eta matematika, ingelesezko siglen arabera) erreferentziazko programa gisa sendotu da Euskadin eta Estatuan.

Informazio gehiago:

Olalla Alonso T. 688 868 384 / [email protected]

Partekatu albiste hau

Agencia Vasca de la Innovación, Innobasque
Pribatutasunaren laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientziarik onena eskaini ahal izateko. Cookieei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzeko edo gure ekipoari webguneko zein atal aurkitzen dituzun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzeko funtzioak betetzen ditu.