- “Euskal enpresa berritzailearen ezaugarriak” txostenak, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziak Eustatek emandako datuekin eginak, 2.438 establezimenduren 249 aldagai aztertu ditu EAEko enpresa-berrikuntzaren alde egiten duten faktoreak identifikatzeko, bultzatzen duten elementuak zein diren jakiteko eta indartzeko mekanismoak hautemateko helburuz
INNOBASQUE, 2026ko abuztuaren 4a. Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, “Euskal enpresa berritzailearen ezaugarriak” txostena argitaratu du, Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak, emandako datuekin osatutako ikerlana, EAEko enpresa berritzaile eta ez-berritzaileen erradiografia erakusten duena eta berritzeko joeran gehien eragiten duten faktoreak identifikatzen dituena. Txosten osoa Innobasqueren web orritik jaitsi daiteke.
Analisiak ondorioztatzen du enpresaren neurria, jarduera-sektorea, teknologia digitalak erabiltzea eta ekonomia eta finantza egoera direla enpresa-berrikuntzari lotutako elementu nagusiak. Horien artean, enpresa txikientzako eta manufaktura-sektoretik at dauden enpresentzako palanka bereziki aipagarri gisa aurkezten da digitalizazioa.
Ikerlana garatzeko, hamar langile edo gehiago dituzten EAEko 2.438 enpresa-establezimenduri dagokien informazioa aztertu du Innobasquek. Horietatik 956 sailkatu zituen berritzaile gisa eta 1.482 ez-berritzaile gisa, Eustaten Berrikuntzaren Inkestan bildutako erantzunen arabera.
Ikerlanak hainbat estatistika-iturritik hartutako 249 aldagai bildu ditu bere baitan. Neurria, kokapena, sektorea eta halako datu orokorrez gain, kontuan izan ditu baita ere ekonomia- eta finantza-adierazleak, Eustaten Berrikuntzaren Inkestako informazioa eta hainbat teknologia erabiltzeari buruzko datuak, hala nola adimen artifiziala, hodeiko konputazioa, robotika, 3D inprimatzea, gauzen interneta (IoT), makrodatuak eta zibersegurtasuna.
Oinarri horren gainean estatistika-analisiak, logistika-erregresio ereduak eta adimen artifizialezko teknikak aplikatu dira ereduak hautemateko eta enpresak ezaugarri komunak dituzten profiletan taldekatzeko.
Enpresa handiek eta manufakturakoek berritzeko joera handiagoa dute
Emaitzek erakutsi dute 250 langile edo gehiagoko enpresek berritzeko aukera dezente handiagoa dutela, eta txikiagoa, aldiz, 50 langile baino gutxiagokoek. Alde hori enpresa handiek eskura baliabide gehiago eta eskala-ekonomiez baliatzeko gaitasun handiagoa izatearekin dago lotua.
Sektorea ere erabakigarria da. Manufaktura-enpresek, oro har, beste jardueretakoek baino joera handiagoa dute berritzeko. Industrian, berrikuntza lehiakortasun-estrategiaren parte izaten da sarri, eta inbertsio jarraituak eskatzen ditu teknologian, ekoizpen-aktiboetan eta ezagutzan.
Hala ere, txostenak ohartarazi du bai neurria bai sektore-espezializazioa epe laburrean eraldatzeko zailak diren egiturazko ezaugarriak direla. Hori dela eta, enpresek eta politika publikoek era zuzenagoan eragin ditzaketen beste mekanismo batzuk hauteman ditu.
Digitalizazioak atea irekitzen die berrikuntza konplexuagoei
Teknologia digitalak erabiltzea ageri da berrikuntzarekin estuen lotutako faktoreen artean. Hodeiko zerbitzuek, informazioa automatikoki trukatzeko programek, gauzen internetak, 3D inprimatzeak, robotikak, makrodatuek, enpresen sare sozialek eta zibersegurtasun tresnek enpresek produktu berriak garatzeko edo negozio-prozedurak hobetzeko dituzten aukerak handitzen dituzte.
Lotura hori bereziki argia da enpresa txikietan, bai manufakturan bai zerbitzuetan jarduten dutenetan. Kasu horietan, digitalizazioa berrikuntza-prozesu konplexuagoak hasi aurreko urratsa izaten da sarri.
Industria-enpresa handietan, aldiz, garrantzi handiagoa dute kaudimenak, finantza-egonkortasunak, kostu-egiturak eta giza-kapitalaren prestakuntzak. Manufakturakoak ez diren enpresa handietan, digitalizazioak berebiziko garrantzia du berriz ere.
Enpresen errealitate anitza
Ikerlanak enpresa berritzaile eta ez-berritzaileen profilak identifikatzeko taldekatze-teknikak ere erabiltzen ditu. Hiru tipologiek aztertutako enpresa berritzaileen % 83 hartzen dituzte: batez ere Araban eta Bizkaian dauden neurri ertaineko industria-enpresak; teknologia asko baliatzen duten zerbitzu aurreratuen enpresak; eta Gipuzkoan dauden neurri handiagoko industria-enpresak.
Enpresa ez-berritzaileen kasuan, lau profil nagusiek laginaren % 92 biltzen dute. Horien artean daude negozio-eredu tradizionalak mantentzen dituzten enpresa txikiak, ia teknologiarik erabiltzen ez duten ETEak eta digitalizazioan aurrera egin duten baino ahalegin hori oraindik produktu edota prozesu berri bilakatu ez duten enpresa handiagoak.
Horrez gain, emaitzek erakutsi dute digitalizazioak ez dakarrela automatikoki berrikuntza. Teknologia enpresa-estrategia batean integratu behar da, baliabideekin, barne-gaitasunekin eta ekonomia eta finantza kudeaketa orekatuarekin batera.
Enpresentzako eta politika publikoentzako orientabideak
Txostenak proposatu du berrikuntza-politikak digitalizazio, enpresa-hazkunde, sektore-dibertsifikazio eta finantzaketa estrategiekin koordinatu behar direla. Laguntza-tresnak dagokien lurralde, sektore eta enpresa-tipologiari egokitzea ere gomendatu du.
Enpresentzat, ikerlanak lehentasunezko hiru eremu nabarmentzen ditu: teknologia digitalen erabileran aurrera egitea, inbertsioei eustea ahalbidetzen duen finantza-egiturari eustea eta beste enpresa, unibertsitate eta teknologia-zentroekiko lankidetza indartzea. Lankidetza horrek bereziki ETE-ei lagun diezaieke ezagutza espezializatua eskuratzen, arriskuak elkarbanatzen eta eskalari lotutako mugak gainditzen.




