DEIALDIA

  • Agentziaren entitate bazkideetako ordezkariak bilduko dira urteroko hitzorduan, aurten Gasteizen, Innobasqueren bide-orri berria ezagutzeko. Gaur egun 900 bazkidek baino gehiagok osatzen dute gure oinarria
  • Enpresen hazkunderako berrikuntza hizpide hartuta, Imanol Rego Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidentea, eta Carlos Mira, CRE100DO Fundazioko presidentea eta HALO Space enpresako CEOa, solasaldi batean arituko dira elkarrekin. Espazio hurbilean bidaiariekin hegaldi komertzialak eta defentsa eta segurtasunerako sistemak eskainiko dituen plataforma da HALO Space
  • TRAS100DE mahai-inguruan, berriz, berrikuntza ardatz estrategiko duen programa horretan parte hartu duten Agentziako enpresa bazkideetako zuzendari nagusiak eta arduradunak elkartuko dira, enpresen hazkundea bultzatzeko programa horretan haien esperientzia nolakoa izan den eta zer ikasi duten azaltzeko. Hain zuzen, hori izango da egitarauko ekitaldi nagusietako bat. Euskadin, CRE100DO Fundazioak sustatzen du programa hori, Innobasquerekin elkarlanean
  • Jardunaldiari amaiera emateko, Leire Bilbao, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusia eta Jesús Valero, Tecnaliako zuzendaria, EARTOko (Ikerkuntza eta Teknologia Antolakundeen Europako Elkartea) presidentea eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteordea arituko dira beste solasaldi batean, Europar Batasunaren etorkizuneko 10. Esparru Programak (FP10) Euskadirako planteatzen dituen aukerak hizpide hartuta

INNOBASQUE, 2026ko maiatzaren 27a. Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Innobasquek, entitate bazkideen Batzar Nagusia egingo du datorren asteazkenean, ekainak 3, Gasteizko Ondare Eraikinean. Mugarri bat izango da topaketa: 2021-2025 ziklo estrategikoa itxi eta Agentziarentzat etapa berri bati hasiera emango zaio, 2026-2030 Plan Estrategiko berriaren aurkezpenarekin.

Urteroko hitzorduan, bide-orri berri horri loturiko helburuak eta jarduera-ildoak aurkeztuko dira. Hain zuzen, bide-orri horrek gidatuko du Agentziaren jarduera datozen urteetan, eta Agentziak euskal berrikuntzaren ekosisteman duen zeregina eta inpaktua sendotuko ditu. Zuzendaritza Batzordeak dagoeneko onartua du plana.

Innobasque osatzen duten entitate bazkideetako ordezkariak bilduko dira batzarrean. Gaur egun 900 baino gehiago dira bazkideak: enpresa mundukoak, administrazio publikoak, hezkuntzako eragileak, antolakunde zientifiko-teknologikoak, berrikuntzaren ekosistemako tarteko organismoak, entitate sozialak eta Euskadin berrikuntza bultzatzeko konpromisoa duten pertsona esanguratsuak. Batzarrean izango dira Zuzendaritza Batzordeko kideak ere, berrikuntzaren esparru estrategikoetako maila goreneko 60 ordezkari, honela banatuta: %25 Euskadiko erakunde publikoetako ordezkariak eta langileen eta enpresaburuen ordezkariak dira; %25 enpresa eta elkarteetako ordezkariak; %25 zientzia, teknologia eta irabazi asmorik gabeko elkarteetako eragileak; eta, azkenik, %25, bizitza sozial, ekonomiko eta kulturaleko ordezkariak.

Aurreko plan estrategikoari loturik egin diren jardueren balantzea eta emaitzak ere aurkeztuko dira Batzar Nagusian. Testuinguru horretan, Euskadik leku nabarmenari eusten dio Europan, goi-mailako berrikuntzako eskualde gisa, eta, orobat, erronka berriak ditu aurrean, lehiakortasunari eta jakintzaren transferentziari loturik.

Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidentea, Imanol Rego, eta CRE100DO Fundazioko presidentea eta HALO Space enpresako CEOa, Carlos Mira, solasaldi batean ariko dira elkarrekin, berrikuntzak enpresen hazkunderako zer-nolako garrantzia duen hizpide hartuta. Espazio hurbilean bidaiariekin hegaldi komertzialak eta defentsa eta segurtasunerako sistemak eskainiko dituen plataforma da HALO Space. TRAS100DE mahai-inguruaren atarikoa izango da solasaldi hori. Berrikuntza palanka nagusitzat hartuta, enpresa-hazkundearen alde apustua egin duten ETE-etako CEOei zuzenduriko programa da TRAS100DE. Hain zuzen, Euskadin egin da programaren bigarren edizioa, eta horretan parte hartu duten Innobasqueko enpresa bazkideetako zuzendari nagusiek eta arduradunek esperientziari buruzko xehetasunak emango dituzte mahai-inguru horretan.

Honako hauek izango dira mahaian: Eduardo Anitua, BTI Biotechnology Institute enpresako presidentea eta zuzendari zientifikoa; Iosune Astobiza, Nor Steel eta Forging Steel Products enpresetako zuzendari nagusia; Iñigo Beraza, Gobesako CEOa; Jon Fernández, Orbea Fundazioko presidentea; eta Juncal de Lucas, Salto Systems enpresan Pertsonak eta Kultura saileko zuzendaria. Ekimen horretan beren esperientzia nolakoa izan den eta zer ikasi duten azalduko dute enpresa horietako goi-kargudunek.

Batzarrari amaiera emateko, Leire Bilbao, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusia, eta Jesús Valero, Tecnaliako zuzendaria, EARTOko (Ikerkuntza eta Teknologia Antolakundeen Europako Elkartea) presidentea eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteordea solasean ariko dira, Europar Batasunaren etorkizuneko 10. Esparru Programari (FP10) buruz. Hizketaldi horretan, besteak beste, Horizonte Europaren lekua hartuko duen programa horrek zer aldaketa nagusi ekarriko dituen aztertuko dute, eta Euskadiko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Sistemarako zabalduko dituen aukera eta erronken berri emango dute.

EGITARAUA 

09.00Prentsarako akreditazioak  
09.30Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako entitate bazkideen Batzar Nagusia  
10:15Imanol Rego Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidentearen eta Carlos Mira CRE100DO Fundazioko presidentearen eta HALO Space enpresako CEOaren arteko solasaldia  
TRAS100DE mahaia: enpresen hazkunderako programa horren bigarren edizioan parte hartu duten entitate bazkideek ekimenaren nondik norakoak azalduko dituzte. Berrikuntza da programaren ardatz estrategikoetako bat  
Eduardo Anitua, BTI Biotechnology Instituteko presidentea eta zuzendari zientifikoa
Iosune Astobiza, Nor Steel eta Forging Steel Products enpresetako zuzendari nagusia
Iñigo Beraza, Gobesa enpresako CEOa Jon Fernández, Orbea Fundazioko presidentea
Juncal de Lucas, Salto Systems enpresan Pertsonak eta Kultura saileko zuzendaria  
11:15Europar Batasunaren 10. Esparru Programa (FP10)
Leire Bilbao, Innobasqueko zuzendari nagusia eta Jesús Valero, Tecnaliako zuzendari nagusia, EARTOko (Ikerkuntza eta Teknologia Antolakundeen Europako Elkartea) presidentea eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteordea solasean ariko dira Horizonte Europa programaren lekua hartuko duen etorkizuneko esparru-programari buruz
11:30Batzarraren itxiera  

Partekatu albiste hau

Agencia Vasca de la Innovación, Innobasque
Pribatutasunaren laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientziarik onena eskaini ahal izateko. Cookieei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzeko edo gure ekipoari webguneko zein atal aurkitzen dituzun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzeko funtzioak betetzen ditu.