DATA
HIZLARIA
LABORAL Kutxa, Ikerlan eta Lagun Aro Aseguruak izan dira Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatutako “Zientziatik berrikuntzara” zikloko azken web-mintegiaren protagonistak. Topaketa horiek hileko azkeneko ostiralean izaten dira eta zentro teknologikoek, enpresek eta berrikuntzaren euskal ekosistemako beste eragile batzuek prozesuak, lankidetzak eta funtsezko ikaskuntzak partekatzen dituzte, ezagutza zientifiko-teknologikoa eraldatu eta eragin ekonomiko eta soziala izan duten irtenbide bihurtu badituzte. Oraingo honetan, Borja Garate, LABORAL Kutxako berrikuntzako teknikaria; Josu Ircio, Ikerlaneko adimen artifizialaren eta datuen analitikako ikertzailea; eta Unai Echevarría, Lagun Aro aseguruetako programazio-analista izan dira azaldu dutenak hiru erakundeak lankidetzan aritu direla tresna bat sortzeko, argazki edo bideoetatik abiatu eta etxeko ezbeharren izapidetze digitala egin ahal izateko. Eusko Jaurlaritzako Hazitek programaren babesa izan du proiektuak eta sortu den sistemari esker 2023az geroztik bezeroek bitrozeramiken matxuren berri eman diezaiokete aseguru-etxeari, akatsa beiran baldin badago.
Garapenaren hasierako fasean aseguru-etxeak eskatu zuen kaltetutako beiren argazkiak eta bideoak igortzeko, instalatzaileek emandakoak ez baitzetozen bat etxeko elektrotresna horien eguneroko erabileraren ondorioz sortu daitezkeenekin. Hasiera batean 600 irudi aukeratu ziren, gutxi gorabehera, eta Adimen Artifizialaren modeloa entrenatzen hasi ziren irudi horiekin, gero, baliozkotutakoan, irudiak bildu eta identifikatzen jarraitu ahal izateko. Gainera, karaktere-ezagutza optikoaren (OCR ingeleseko siglengatik) teknologia hautatu zen, argazki edo bideo batetik abiatuta sistemak elektrotresnaren marka identifikatu ahal izateko.
Baliozkotu denetik, sistema hori 2.300 parte digital kudeatzeko erabili da jada. Aseguru-etxearen arabera, bezeroen % 60 baino gehiagok aukeratzen du irudien bidez izapidetzea eta horietatik % 71k arrakastaz osatzen du prozesua, beraz, tresna erabiltzeko erraza dela eta onespen handia izan duela argi dago.
Gaur egun, beste mota batzuetako beiretan (leihoak, altzariak eta ateak) izandako kalteak identifikatzeko entrenatzen ari dira, eta tresna eta adimen artifizialaren eredua etorkizunean beste kasu batzuetarako erabiltzea aztertzen ari dira.
Proiektu hori Innobasqueko kasu praktikoen bankuan dago, lineako tresna bat da eta euskal erakundeek ezarritako berrikuntzako 250 adibide baino gehiago ditu beste batzuentzako inspirazio-iturri izateko.
© 2024 Innobasque




