• Euskal berrikuntzaren hitzordu nagusiaren 15. edizioan aurkeztuko diren ekimenek hainbat esparru barne biltzen dituzte: ekonomia zirkularra, adimen artifiziala, fabrikazio aurreratua eta hirien kudeaketa adimentsua
  • Innobasqueren kasu praktikoen zazpigarren deialditik datoz hautatutako proiektuak. Guztira, 45 euskal entitateren 52 proposamen jaso dira, proposatutako lau esparru hauei loturik: zientziatik berrikuntzarako transferentzia, adimen artifiziala, industria dibertsifikazioa eta administrazio publikoa berrikuntzako motor gisa
  • Global Innovation Day jardunaldia azaroaren 17an egingo da, 16:00etatik 19:00etara, Bilboko Euskalduna Jauregian. Sarrera librea izango da, aurrez izena emanda, edukiera bete arte

INNOBASQUE, 2026ko urriaren 29a. INNOBASQUE, 2026ko urriaren 29a. Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Innobasquek, Global Innovation Day jardunaldiaren 15. edizioan aurkeztuko diren zortzi kasu praktiko hautatu ditu. Azaroaren 17an izango da Euskadiko berrikuntzaren urteroko topaketa, Bilboko Euskalduna Jauregian. Edizio guztietan bezala, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sistemako eragileak bilduko dira, gaur egungo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko baliagarri izango diren esperientziak, jakintza eta soluzio berritzaileak konpartitzeko.

Euskadiko berrikuntzaren aniztasuna islatzen dute hautatutako zortzi kasuek, baita berrikuntzaren ahalmena ere, jakintza soluzio aplikatuetara eramateko. Ekonomia zirkularretik adimen artifizialera edota industria dibertsifikaziotik zerbitzu publikoen hobekuntzara, esperientziek erakusten dute nola enpresen, eragile zientifiko-teknologikoen eta administrazioen arteko lankidetzaren bidez erronka jakinei erantzun dakiekeen, eta ekonomian, gizartean nahiz ingurumenean balioa sor daitekeen.

Innobasquek aurreko ekainean bultzatutako Euskadiko Berrikuntzako Kasu Praktikoen zazpigarren deialdian, guztira, 52 proposamen aurkeztu dituzte 45 entitatek, eta horien artetik aukeratu ditu zortzi ekimenak. Onartutako kasu guztiak Innobasqueren Kasu Praktikoen Bankuan jasoko dira. Beste entitate batzuk inspiratzea eta jakintzaren trukea erraztea da bilduma horren xedea.

Deialdian lau kategoria izan dira aurten: zientziatik berrikuntzarako transferentzia, adimen artifiziala berrikuntza-prozesuetan aplikatzea, industria oinarri zeintifiko-teknologikoa duten sektore berrietarantz dibertsifikatzea eta administrazio publikoa berrikuntzako motor gisa.

Ikerkuntza zientifikotik soluzio berrietara

Hautatutako hiru kasuk erakusten dute jakintza zientifikoa eta teknologikoa nola eraman daitekeen merkatura beharrizan zehatzei erantzuteko.

Bizkaiko Biscay Eco Aggregates sozietateak, ALBA Emission Free Energy (Petronor) konpainiaren eta Erresuma Batuko O.C.O. Technology enpresaren partaidetzarekin, AGGREGACO2 mineralizazio-proiektua bultzatu du. Bilboko portuan, planta bat jarri dute martxan, Petronorrek Muskizeko lantegian sortzen dituen hondakin industrialak eraldatu eta karbono-aztarna txikiagoa duten eraikuntzako agregakin sintetiko bihurtzeko. Instalazioak erabiltzen duen teknologiaren bidez CO₂-a hondakinetan finkatzen da, eta hondakin horiek material berri bihurtzen dira. Ekimenak Europako Batzordearen Berrikuntza Funtsaren laguntza du.

Ikerkuntza arloko eta enpresetako eragileen lankidetzak bultzatuta sortu da BIOGEARS ere. Proiektu horrek akuikulturarako soka biodegradagarriak garatzen ditu, jatorri fosileko plastikoekin eginiko soken ordez erabiltzeko. AZTI zentro teknologikoak –Bizkaian du egoitza– martxan duen Blue Lab berrikuntza irekiko metodologiaren eta elkarrekin sortzeko ikuspegiaren bidez sortu da ekimena. Honako enpresa hauek ere partaide izan dira proiektuan: GAIKER, ITSASKORDA —hauek ere Bizkaian dute egoitza—, Irlandako ERINN Limitedy, Belgikako CENTEXBEL zentro teknologikoa eta akuikulturaren balio-kateko beste zenbait eragile. Jakintza zientifikoa sektorearen beharrizanetara hurbiltzea eta material jasangarriagoak lortzeko aurrerapausoak ematea da helburua.

Bestalde, Gipuzkoako CIC nanoGUNE ikerkuntza-zentroak jarri du beharrezkoa den jakintza zientifikoa Donostiako Novanano Medical enpresak bere inplanteen teknologiak gara ditzan. Teknologia horien bidez, Novanano Medical-ek inplante kirurgikoen segurtasuna hobetu du, bakterioen atxikitzea murriztu du eta horrek inplanteak hezurrean hobeto txertatzea ekarri du. Ikerkuntza eta balioztatze klinikoa eta industriala uztartzen ditu proiektuak, zenbait ospitalek, fabrikatzailek eta euskal ekosistemako eragilek osatutako lankidetza-sarearen bidez. 2025. urtearen amaieran sortu zen enpresa, eta garatutako teknologiaren fase aurre-komertzialean dago.

Berrikuntzan aplikatutako adimen artifiziala

Adimen artifizialari loturikoak dira beste bi kasu. Arrisku klimatikoen kudeaketan eta prozesu industrialen hobekuntzan teknologia horrek duen aplikazioa erakusten dute bi ekimenek.

Tecnaliak (Bizkaiko zentro teknologikoak) eta Team Ingeniaritza eta Aholkularitzak (Bizkaiko enpresa) FAST plataforma (Flood Advisor Service Technologies) bultzatu dute, bi eragile horiek eratutako Intellialert Technologies enpresaren bidez. Plataformak adimen artifiziala erabiltzen du uholdeak eta beste fenomeno klimatiko batzuk iragartzeko. Horretarako, datu meteorologikoak, hidrologikoak eta geoespazialak bateratzen ditu, horien bidez alerta goiztiarrak sortzeko eta arriskuei aurre hartzeko.

Bestalde, Lantek , Arabako enpresa teknologikoa, iQuoting tresnaren garapenaren buru da, txapa ebakitzeko industrian aurrekontuak egiteko adimen artifiziala aplikatzen duen tresna. Soluzioa ekoizpen datu errealetan eta Lantekek hamarkadetan metatutako industria ezagutzan oinarritzen da, piezen eta multzoen kostuak segundo gutxitan kalkulatzeko, materialaren kontsumoa, hondakinak eta makinaren denbora bezalako aldagaiak kontuan hartuta. Proiektuak Ikerlanen laguntza izan du (Arrasate, Gipuzkoa), zentro teknologiko gisa, eta Hazitek programaren finantzaketa.

Teknologian oinarritutako industria-dibertsifikazioa

Industriako enpresa tradizional batek merkatu berrietara zabaltzeko eginiko eraldaketa argi erakusten du Alonsotegiko (Bizkaia) Enkarterri Trokelgintza lantegiak.

Enpresak lau hamarkada egin ditu trokelak fabrikatzen eta autogintzaren sektorean lanean, eta orain arkitektura digital berritzaile bat ezarri du, diseinua, programazioa, simulazioa, zenbakizko kontrola baliatzen duten makina bidezko fabrikazioa eta metrologia- eta kalitate-prozesuak uztartuz.

Bateratze-lan horri esker, enpresak jarduera dibertsifikatu ahal izan du, eta sektore aeroespazialean, defentsan eta energian lortu du lana, eta, beraz, autogintza sektorearekiko zuen mendekotasuna murriztu du. Prozesu horretan, SPRI taldearen hainbat programaren laguntza jaso du —Industria Digitala eta Fast Track Innobideak ekimenena, adibidez— baita Bizkaiko Foru Aldundiaren 2i programaren laguntza ere.

Administrazio publikoa berrikuntzako motor gisa

Administrazio publikoak berrikuntzako motor gisa izan dezakeen zeregina erakusten dute azken bi kasuek.

Bilboko Udal Informatika Zentroak eta Bilboko Udalak berak bultzatu duten GeoBilbao plataformak erakusten du nola datuen erabilera partekatuak hobetu eta erraztu egin dezakeen udal zerbitzuetan erabakiak hartzea eta zerbitzu horien arteko koordinazioa. Plataformak hainbat iturritako datu geoespazialen 1.129 multzo barne biltzen ditu. Hauek dira iturriak: udal sistemak, hiriko sentsoreak, eraikin eta azpiegituren eredu digitalak (BIM), LiDAR teknologia (laser bulkadak erabiltzen ditu ingurunea hiru dimentsiotan kartografiatzeko), garraio publikoa, mugikortasuna eta larrialdiak. Hala, azpiegitura horrek aukera ematen du informazio eguneratua kontsultatzeko eta horrek erraztu egiten du udal kudeaketa. Egunero, Udaleko 1.000 erabiltzaile baino gehiago eta 400 erabiltzaile aktibo inguru ditu.

Bestalde, Arkautin (Araba) egoitza duen ELIKA Fundazioak Ontzi Hub proiektua sustatu du, Basque Food Cluster-aren partaidetzarekin (irabazi asmorik gabeko elkarte pribatu bat da, eta Zamudion du egoitza, Bizkaian). Ekimen horrek, alde batetik, EAEko elikagaien sektoreko enpresen eta, bestetik, ontzi eta material hornitzaileen, eragile teknologikoen, jakintza-entitateen eta erakundeen arteko lankidetza sustatzen du. Elikadurako ontzi seguruagoak, jasangarriagoak eta lehiakorragoak sortzeko soluzioak garatzea da ekimenaren helburua. 2023. urtetik, Ontzi Hub-ek berrikuntzako 40 proiektutan lan egin du, askotan lankidetzaren bidez, eta I+G+b arloan 2,5 milioi euroko inbertsioa mobilizatu du.

Hautatutako zortzi kasu praktiko horien ordezkariek xehetasun osoz aurkeztuko dituzte beren ekimenak Global Innovation Day jardunaldiaren hamabosgarren edizioan. Azaroaren 17an izango da, 16.00etatik aurrera, Bilboko Euskalduna Jauregian. Sarrera librea izango da, aldez aurretik izena emanda, edukiera bete arte.

Partekatu albiste hau

Agencia Vasca de la Innovación, Innobasque
Pribatutasunaren laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientziarik onena eskaini ahal izateko. Cookieei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzeko edo gure ekipoari webguneko zein atal aurkitzen dituzun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzeko funtzioak betetzen ditu.