Aurreko irailaren 23an, Alemaniako SPRIND agentziak eta sortze-fasean dagoen Herbeheretako NADI agentziak 40 milioi euroko erronka jarri zuten abian elkarrekin, adimen artifizialaren bidez txipen diseinua azkartzeko proiektu baterako. SPRINDek bost urteko bidea egin du jada formula hori garatzen, eta, jatorriz alemaniarra izan arren, Europa osoko lantaldeak onartzen ditu.

Zer da SPRIND eta zer hartzen du berrikuntza disruptibotzat?

Berrikuntza Disruptiborako Alemaniako Agentzia Federala da SPRIND. 2019an sortu zen Alemaniako sistemaren ahultasun bat zuzentzeko; izan ere, berrikuntza inkrementalean lehiakorra izan arren, muturreko berrikuntzak merkatura eramateko zailtasunak zituen sistema horrek. Orduan aipatu zen adibidea MP3 erreproduzitzailea izan zen: Alemanian garatu zuten gailua, baina ondoren Asiako eta AEBetako enpresek merkaturatu zuten.

Zerk bereizten ditu berrikuntza disruptiboa eta inkrementala? Berrikuntza inkrementalak hobetu egiten du lehendik dagoena: produktu eraginkorragoa bihurtzen du, edo prozesua merkeago egiten du. Disruptiboak, agentzia arautzen duen legearen arabera, goitik behera eraldatzen ditu produktuak, teknologiak edo negozio-ereduak, edo ordeztu egiten ditu, ikuspegi berritzaileen bidez, eta horrekin merkatu berriak zabaltzen ditu edo arazo teknologiko, sozial edo ekologiko garrantzitsu bat konpontzen du. Alemanezko Sprunginnovation terminoak honela laburtzen du: «saltokako» berrikuntza. Txipen erronka da horren adibidea: eskakizuna ez da txip zertxobait hobea diseinatzea, urtetako diseinu prozesua astetan egitea baizik, eta deialdian baztertu egiten dira berariaz hobekuntza inkrementalak. SPRINDek, gainera, onura soziala sortzea exijitzen du, eta, beraz, arlo komertzialean soilik erakargarriak diren proiektuak bazterrean uzten ditu.

Agentziak AEBetako Defentsa Departamentuaren DARPA agentzia hartu zuen erreferentziatzat, baina orientabide zibilarekin eta edozein teknologia edo sektoretara zabalik. Jabetza federaleko sozietate mugatu bat da SPRIND, eta zuzenean finantzatzeko eta inbertitzeko ahalmena du, 2026an 237,9 milioi euroko aurrekontua du eskura.

Zergatik ari dira biderkatzen agentzia hauek Europan?

Joerak Estatu Batuetan du jatorria. DARPA[1] 1958an jaio zen Sputnik satelitearen jaurtiketari erantzuteko. Agentzian erabakiak hartzeko eta arrisku handiko apustuak egiteko ahalmen handia zuten kudeatzaileak zeuden; hori zen formularen oinarria. Horren ondotik,(ARPA-E) energia eta (ARPA-H) osasuna agentziak sortu ziren.

Europan, Alemaniak SPRIND eratu ondoren, Erresuma Batuak ARIA (Advanced Research and Invention Agency) sortu zuen 2023an, eta Herbehereak NADI (National Agency for Disruptive Innovation) sortzen ari dira. Frantzian, ekainean aurkeztutako txosten frantziar-alemaniar batek entitate propio bat sortzeko gomendioa eman zuen, baina Gobernuak ez du horren gaineko erabakirik hartu oraindik. Bestalde, Europako Berrikuntza Kontseilua (EIC) berrikuntza aurreratuko bi erronka pilotatzen ari da faseka, aurten hasita, 709 proposamenen artean 20 hautatuta. Programen kudeatzaileak ari dira erronka horiek zuzentzen.

Agentzia hauen patroia ez da eredu baten kopia izatea, zenbait ezaugarri bateratzea baizik: autonomia, erabakitzeko ahalmena duten kudeatzaileak eta fasekako lehiaketak.

Nola funtzionatzen dute Erronkek eta Funken delakoek?

SPRIND agentziaren lehiaketak Europa osoko partaideei zuzenduta daude. Agentziak arazo teknologiko bat zehazten du eta hainbat lantalde hautatzen ditu. Talde horiek paraleloan egiten dute lan. Fase bakoitzaren ondoren, epaimahai batek erabakitzen du nork jarraitzen duen aurrera. Hala, faseka, finantzaketa handitzen doa.

Formatuak bi aldaera ditu. Alde batetik, Erronkak (Challenges) daude. Horien helburua gaur egungo arazo teknologiko bati konponbidea ematea izaten da, bi urte inguru luzatzen dira eta 500.000 eta 3 milioi euro arteko ekarpena egiten da lantalde eta fase bakoitzeko. Nolanahi ere, azken aldiko deialdietan gainditu egin da eskala hori. Bestetik Funken deritzenak daude, txinpartak alemanez. Horien helburua teknologia bat azkartasunez egiaztatzea da, eta finantzaketan alde handiak daude kasu batetik bestera.

Hiru ezaugarrik bereizten dituzte ohiko laguntza publikoetatik. Lehena, azkartasuna da: hautaketak, batez beste, bi aste irauten du, eta, behin epaimahaiak erabakia hartuta, funtsak egun gutxira irits daitezke. Bigarrena, formula da: merkaturatu aurreko erosketa publiko gisa bideratzen dira; hau da, agentziak, diru-laguntza bat eman beharrean, proiektu jakin horren garapena kontratatzen du, eta emaitzen jarraipena egiten du, gastuen justifikazioa eskatu ordez. Hirugarrena, jabetza intelektuala da, partaideen esku geratzen baita, baina SPRINDek doan erabiltzeko eskumena du.

Deialdira unibertsitateak, ikerkuntza-zentroak, gora bidean diren enpresak eta sendotutako enpresak aurkeztu daitezke. Baldintzak aldatu egiten dira deialdi batetik bestera; azkeneko deialdietan, erronkan zehar enpresa bat eratzea exijitzen zaie partaideei. Finantzaketaz gain, lantaldeek mentoretza eta laguntza jasotzen dute bazkide-sareak eratzeko. Helburua da sortutako teknologia baldintza egokietan geratzea inbertsio pribatua erakartzeko: Jano Costard SPRIND agentzian programa horien arduradunaren arabera, beste batzuek ikusten dutenean zer egin daitekeen, prestutasun handiagoa agertzen dute inbertitzeko, eta agentzia saiatzen da inbertitzaileak aurkitzen, baita fase jakin bat gainditu ez duten lantaldeentzat ere. Atzerriko partaidetza egon, badago, baina lehiakideak ere badira: Next Frontier AI deialdiak 30 herrialdetako eskabideak jaso zituen eta bosteko hamar talde hautatu zituen.

Nola parte hartu?

Gaur egungo deialdien artean, bada bat oraindik ere hautagaitza prestatzeko adinako tartea ematen duena, AA bidez txipak diseinatzeko (AI-Native Chip Design). Bi fasetan garatuko da deialdia, 20 hilabetetan, eta 9,6 milioi euro arteko finantzaketa izango da lantalde bakoitzeko. Europar Batasunean (EB), Europako Merkataritza Askearen Elkartean (EFTA) eta Erresuma Batuan egoitza izan eta enpresa eratorri bat sortzea aurreikusten duten taldeak aurkeztu daitezke deialdira. Eskabideak aurkezteko epea azaroaren 20an bukatuko da.

Oro har, Erronken eta Funken lehiaketetarako deialdiak agentziaren webgunean iragartzen dira eta zortzi bat astez egoten dira zabalik. Aurrez beren gaitasunak eta bazkideak identifikatuak dituzten taldeei egiten die mesede epe horrek. Finantzaketa hainbat milioi eurotakoa izan daiteke, kapitala laga beharrik gabe eta jabetza intelektualari eutsita. Euskal lantaldeentzat, ordea, interesa ez da finantzaketa hutsera mugatzen, harago doa. Modu bat da teknologia nazioarteko epaimahaien aurrean eta Europa osoan helburu bera duten taldeen parean egiaztatzeko, ikusgarritasuna lortzeko, hautatutako lantaldeak publikoki iragartzen baitira, eta adituekin, balizko bazkideekin eta inbertitzaileekin harremanetan jarri eta haien babesa lortzeko. Gainera, behin erronka amaituta, SPRINDek jarrai dezake etorkizun oparoena duten proiektuak bultzatzen eta babesten.

[1] 1958 ARPA siglekin sortu zen (Advanced Research Projects Agency), eta D (Defentsa) 1972an gehitu zitzaion. Geroztik, DARPA da agentziaren izena.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago

Agencia Vasca de la Innovación, Innobasque
Pribatutasunaren laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientziarik onena eskaini ahal izateko. Cookieei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzeko edo gure ekipoari webguneko zein atal aurkitzen dituzun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzeko funtzioak betetzen ditu.