Martxan daFIRST LEGO League Euskadi programaren 18. edizioa, aurten bioaniztasuna ardatz dela. Hainbat ikastetxetako 180 talde hasiak dira lanean ‘BIOGLOW’ erronkan. Horren bidez, espezieen, habitaten eta ekosistemen arteko loturari behatu ahal izango diote, aniztasun hori arriskuan jartzen duten arazoak identifikatu ahal izango dituzte, eta soluzio berritzaileak diseinatu bioaniztasun hori babesten laguntzeko.

 Aurreko edizioetan bezala, lehen urratsa FLL Euskadi prestakuntza-programa da, Estatu osoan parekorik ez duen ekimena, eta, beraz, elementu bereizgarria. Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Innobasque, da horren antolatzailea. Programa gaur abiatu da: ikasleek gaur egin dute entitate bazkideen lankidetzari esker garatzen diren bisitetan aurrenekoa. Bisita horien bidez taldeek aukera izango dute bioaniztasuna mehatxatzen duten arazoetako batzuk lehen eskutik ezagutzeko, eta haien berrikuntza-proiektuak planteatzeko lagungarri izan ditzaketen zenbait erreferentzia eskuratuko dituzte.

FIRST LEGO League Euskadi hezkuntza-programa Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Innobasquek, antolatzen du, Deustoko Unibertsitatearekin, Mondragon Unibertsitatearekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekinelkarlanean. Horiez gain, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Sailak ere laguntzen dute programan, STEAM Euskadi Estrategian txertatuta baitago FLL ekimena. Xedea da gazteen artean zientziarekiko eta teknologiarekiko interesa piztea, horretarako esperimentazioa, pentsamendu kritikoa, sormena eta talde-lana landuz eta bultzatuz.

Sei bisita soluzioak inspiratzeko

Azaroaren 12tik abenduaren 2ra, parte hartzen duten taldeek aukera izango dute Euskadiko ingurumen, hezkuntza eta ikerkuntza esparruetako hainbat entitate bisitatzeko; besteak beste, organismo publikoak eta natura-eremu babestuak, bikaintasuneko ikerkuntza-zentroak eta unibertsitateak. Sei proposamenetan, behaketa, landa lana eta profesional espezializatuekin hartu-emana uztartzeko aukera izango dute ikasleek.

Ibai-gela: gure ibaiak ezagutzeko eta zaintzeko esperientzia

(azaroaren 12a) Uraren Euskal Agentzia: URA (Araba)

Ikasleek ibaiko zati bat egingo dute oinez, zer egoera ekologikotan dagoen ebaluatzeko eta ibai-ekosistema batek nola funtzionatzen duen ulertzeko. Jardueran, hainbat eduki jorratuko dituzte: ibaiertzeko landaredia, kutsadura, arroan eragindako aldaketak edo ibaien osasuna lehengoratzea.

Bioaniztasuna eta kontserbazioa: muxar grisaren erronka

(azaroaren 18a) Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko Interpretazio Zentroa. Araia (Araba)

Bisitaren bidez, ikasleek muxar grisa ezagutuko dute, zer habitatetan bizi den eta bioaniztasunari eragiten dioten mehatxu nagusiak zein diren. Bisitaren alderdi praktikoan, taldeek espezieari egokitutako habia-kaxak egingo dituzte, eta leku egokietan ipiniko dituzte haietako batzuk.

Txingudi: padura lehengoratzeko misioa

(azaroaren 19a) Ekoetxea Txingudi – Ekoetxea Sarea. Irun (Gipuzkoa)

Plaiaundin, taldeek egiaztatuko dute giza jarduerak eraldatutako eremu bat nola bihurtu ahal izan zen lehengoratze ekologikorako erreferentzia. Hezeguneek zer garrantzi duten ere ikusiko dute, eta ekosistemak lehengoratzeko zientziak, ingeniaritzak eta berrikuntzak duten zeregina ere bai.

Ezagutu dezagun Uliako aniztasunaren aberastasuna!

 (azaroaren 23a) Cristina Enea Fundazioa. Donostia (Gipuzkoa)

Uliako Interpretazio Zentrora eginiko txangoaren bidez, partaideek basoak, txilardiak eta labarrak ikusiko dituzte, ingurune berean dauden hiru habitat desberdin. Haien aberastasun naturala eta gune bereziak babestearen garrantzia ulertzea izango da helburua.

Bioaniztasunaren aldeko begiak zeruan: droneak, argiaren fisika eta espezie ikusezin eta inbaditzaileak

(azaroaren 25a) Deustoko Unibertsitatea. Bilbo (Bizkaia)

Saioan zehar, ikasleek ikusiko dute nola drone, kamera eta espektro anitzeko sentsoreen bidez espezie inbaditzaileak detektatu eta kartografiatu daitezkeen. Era horretara, teknologiaren eboluzioa kontserbazioaren zerbitzura nola jar daitekeen egiaztatuko dute taldeek, adibide praktiko baten bidez.

Bioaniztasunaren detektibeak: nola aztertzen dugu eta nola babesten dugu?

(abenduaren 2a) BC3 Basque Centre for Climate Change. Leioa (Bizkaia)

BC3 zentroko bisitaren bidez, bioaniztasuna zer den, zergatik ari den galtzen eta zientziak nola ikertzen duen aztertu ahal izango dute taldeek. Polinizatzaileen kutxa entomologikokoak eta bioaniztasuna galtzeko arrazoiei buruzko joko bat baliatuko dituzte ikasleek, eta txango labur bat egingo dute zentroaren ingurumarietan; era horretara, lehen eskutik ezagutuko dute arazo hori eta nola ikertzen den.

14 ikastetxetako 200 ikasle

Formakuntza-programan ikastetxe hauetako 200 ikaslek hartuko dute parte: Asti-Leku Ikastola (Portugalete), Axular Lizeoa (Donostia), Berakruz Ikastola (Markina-Xemein), Botmaker Academy (Bilbo), El Regato Ikastetxea (Barakaldo), Santa Maria – Marianistak Ikastetxea (Gasteiz), Antonio Trueba BHI (Barakaldo), Kantauri BHI (Santurtzi), Zabalgana BHI (Gasteiz), Jado Ikastetxea (Erandio), Nclic School (Gasteiz), Salestarrak Magale Ikastetxea (Urnieta), San Fidel Ikastola (Gernika-Lumo) eta Santo Tomas Lizeoa (Donostia).

Esperientzia horien bidez, ikasleek aukera izango dute ‘BIOGLOW’ erronkaren eta beren inguruneko egoera errealen arteko lotura egiteko, eta, ondoren, ikasitakoa beren berrikuntza-proiektua garatzen erabiltzeko.

Finala, otsailaren 27an bost egoitzatan

Datozen hilabeteetan egindako lanak 2027ko otsailaren 27an izango du helmuga, FIRST LEGO League Euskadi programaren finalean. Hainbat egoitzatan aldi berean egingo da torneoa: FLL Euskadi BILBO – AS FABRIK; FLL Euskadi BILBO – DEUSTO; FLL Euskadi DONOSTIA; FLL Euskadi ARRASATE; eta FLL Euskadi GASTEIZ.

Ordura arte, 180 taldeek ‘BIOGLOW’ erronkan jarraituko dute lanean, zientzia, teknologia, sormena eta talde-lana uztartuz, gure inguruneko erronka handienetako bati erantzun berriak bilatzeko: bioaniztasuna babesteko premiari, hain zuzen.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago

Agencia Vasca de la Innovación, Innobasque
Pribatutasunaren laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientziarik onena eskaini ahal izateko. Cookieei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzeko edo gure ekipoari webguneko zein atal aurkitzen dituzun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzeko funtzioak betetzen ditu.