Hirugarren herrialdeekiko mendekotasun teknologikoa eta adimen artifizialaren garapen azkarra eraldatzen ari dira testuinguru ekonomikoa, soziala eta enpresena, eta, horren ondorioz, erronka berriak sortzen ari dira Europarako eta Euskadirako. Zenbaterainoko gaitasuna du Europak bere gaitasun teknologikoak garatzeko? Nola ezarri adimen artifiziala enpresetan, teknologia horren aukerak baliatuz eta, aldi berean, dituen eragin etikoak eta sozialak aintzat hartuz?

Global Innovation Day jardunaldiaren XV. ekitaldian hainbat aditu bilduko dira gaurkotasun beteko gai horiek aztertzeko; izan ere, biak ala biak ekonomia, gizarte eta enpresa munduko eztabaidaren muinean daude, eta Europaren eta Euskadiren etorkizuna baldintzatzen ari dira. Euskal berrikuntzaren urteroko hitzordu nagusia azaroaren 17an izango da aurten, Bilboko Euskalduna Jauregian, goiburu honekin; «Humanismoa eta teknologia berriak». Berrikuntzaren Euskal Agentzia, Innobasque, da topaketaren antolatzailea, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Sailaren eta Iberdrolaren laguntzarekin.

Burujabetza teknologikoa, Carme Artigas eta Pello Rodríguez adituen eskutik

Burujabetza teknologikoa Europako lehentasun estrategikoetako bat bihurtu da, nazioarteko lehia eta tirabira geopolitikoak gero eta handiagoak diren testuinguru batean. Erdieroaleen, softwarearen, lainoko konputazioaren edo adimen artifizialaren esparruetan kanpoko hornitzaileen mende egoteak baldintzatu egiten du Europaren ahalmena azpiegitura eta teknologia funtsezkoak garatzeko, kontrolatzeko eta babesteko.

Europako Batzordeak (2026ko ekaina) eginiko kalkuluen arabera, produktu, zerbitzu, azpiegitura eta jabetza intelektual digitaletan Europak hirugarren herrialdeekiko duen mendekotasuna %80tik gorakoa da. Ahultasun horrek Europaren lehiakortasunari, segurtasunari eta erabakitzeko ahalmenari eragiten dio.

Testuinguru horretan, Global Innovation Day jardunaldian hausnarketarako gune bat izango da, adituen eskutik Euskadiren etorkizuna baldintzatuko duten joera teknologikoak aztertzeko eta burujabetza teknologikoak sortzen dituen erronkei buruz jarduteko.

Saio horretan, Carme Artigas, Nazca CapitalsozietatekoOperating Partnerra eta Digitalizazioko eta Adimen Artifizialeko Estatu idazkari ohia eta Pello Rodríguez, MONDRAGONKorporazioko Kontseilu Orokorreko presidentea, ariko dira solasean. Leire Bilbao, Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendari nagusia izango da solasaldiaren dinamizatzailea. Eraldaketa horien ondorioz Euskadiko enpresa-ehunean eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Sisteman sor daitezkeen aldaketei buruzko ariko dira.

BERRITASUNA: Bertaratuen parte-hartzea sustatuko duen dinamika. Ondoren, solasaldia bertaratuei zabalduko zaie. Mahaietan antolatuta, topaketan bildutako ordezkariek aukera izango dute identifikatutako joeren inguruan eztabaidatzeko, beren ikuspegiak konpartitzeko, eta, nork bere enpresaren errealitatetik, ikuspuntuak alderatzeko. Taldetan banatuta, galdera funtsezko bat identifikatuko dute, eta gonbidatu adituei adieraziko diete; era horretara, joera handien eta entitateen erronka zehatzen arteko elkarrizketa bat irekiko da.

Adimen artifiziala: aukerak, mugak eta erantzukizuna. Hauek izango dira solaskideak: Eneko Agirre, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) HiTZ Zentroaren zuzendaria, eta Javier Martínez Contreras, Deustoko Unibertsitatean Etika Aplikatuko Zentroaren zuzendaria

Adimen artifiziala enpresen eta gizartearen beraren jarduna eraldatzen ari da, nahiz eta batetik bestera alde handiak egon teknologia horren ezarpenean. Euskadin, hamar langile edo gehiagoko enpresen %28,7k AAko teknologiaren bat erabiltzen du, baina %62,7k ez du erabiltzen eta ez du planteatu erabiltzea, EINen datuak oinarri hartuta Berrikuntzaren Euskal Agentziak eginiko azterketaren arabera.

Erronka ez da soilik AAren erabiltzera zabaltzea. Horrez gain, ulertu egin behar da zer aukera ematen duen, modu eraginkorrean txertatu behar dira tresna horiek eta aintzat hartu behar dira AAren garapenak izan ditzakeen eragin etikoak eta sozialak.

Global Innovation Day jardunaldian ohikoa den solasaldian gai horiek guztiak jorratuko dira. Izenburua, hauxe: “Teknologia, etika eta erantzukizuna aldaketa garaietan”. Honako hauek izango dira solaskide: Eneko Agirre, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasle osoa eta HiTZ Zentroaren zuzendaria –adimen artifizialean eta hizkuntzaren teknologietan espezializatutako ikerketa zentroa da–, eta Javier Martínez Contreras, Deustoko Unibertsitatean Etika Aplikatuko Zentroaren zuzendaria –etika aplikatua eta filosofia politikoa dira zentro horren ikergai nagusiak–.

Gai hauek izango dira solasaldiaren ardatz: garapen teknologikoaren, etikaren eta erantzukizunaren artean dagoen lotura, eta eraldaketa oso azkarreko testuinguru honetan, printzipio horiek berrikuntza-prozesuetan txertatzeko beharra.

Euskadin garatutako berrikuntza-esperientziak, nazioarteko lankidetza bat eta jardunaldiaren itxiera Juan Ignacio Pérez Iglesiasen eskutik

Global Innovation Day topaketan berrikuntzako zortzi kasu praktiko aurkeztuko dira, Innobasqueren zazpigarren deialdian parte hartu duten 45 entitateek bidalitako 52 proposamenetatik hautatuak.

Berrikuntzak hainbat esparrutan dituen aplikazioen erakusle dira proiektuak. Aurten, esparru hauei loturiko kasuak aurkeztu dira: jakintzaren transferentzia, adimen artifiziala, dibertsifikazio zientifiko-teknologikoa eta administrazio publikoaren modernizazioa. Hauek dira hautatutako kasuak bultzatu dituzten enpresak eta entitateak: Alba (Petronor), AZTI Fundazioa, BilbaoTIK, ELIKA Fundazioa, Intellialert Technologies, Lantek, Novanano Medical eta Enkarterri Trokelgintza.

Egitarauan izango da, orobat, Astryd Park, konputazio kuantikoa eta arte sortzailea uztartzen dituen artista nabarmenenetako bat. Parkek “RealityIs Not WhatIt Seems” instalazio interaktiboa aurkeztuko du, konputazio kuantikoaren eta sormen artistikoaren lotura esploratzen dituen proposamen bat.

Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza sailburuak itxiko du jardunaldia.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago

Agencia Vasca de la Innovación, Innobasque
Pribatutasunaren laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientziarik onena eskaini ahal izateko. Cookieei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzeko edo gure ekipoari webguneko zein atal aurkitzen dituzun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzeko funtzioak betetzen ditu.