Deustuko Unibertsitateak, Deusto Business Schoolen bidez, “ETEentzako eraldaketa digitalerako programaren” edizio berri bat jarriko du abian irailean. Ekimen hori beren erakundeen integrazio teknologikoan aurrera egiteko interesa duten Euskadiko enpresa txiki eta ertainetako arduradunei zuzenduta dago. 

Ikastaroa 16.000 eurokoa izango da, eta erabat doakoa parte hartzen duten enpresentzat, Europako Next Generation funtsek % 100ean finantzatzen baitute. 

Inskripzioak irailean irekiko dira, eta heldutasun digitaleko test bat egin beharko da, bai eta dagokion prestakuntza bonua tramitatu ere. Plazak mugatuak dira, eta parte-hartzaileen hautaketa izena emateko eta profilera egokitzeko ordenaren arabera egingo da. 

Informazio gehiago nahi izanez gero, jarri harremanetan Deusto Business Schoolekin [email protected] helbide elektronikoan edo kontsultatu haien webgunea

Plan digital errealista eta eraginkor bat diseinatzea eta ezartzea 

Digitalizazioa ezinbesteko prozesua bihurtu da enpresen lehiakortasunerako. Programa horren bidez, Deustuk ibilbide orri bat eskaintzen du ETEek erronka horri ikuspegi integral batekin aurre egin ahal izateko. Prestakuntzak sei hilabeteko iraupena du, eta lanaldiarekin bateragarriak diren aurrez aurreko eta online saioak konbinatzen ditu. Bereziki diseinatuta dago 10 eta 249 langile arteko erakundeetako zuzendarientzat, eta Bilboko eta Donostiako egoitzetan emango da. 

Ikasturtean zehar, parte-hartzaileek enpresaren beharretara egokitutako eraldaketa digitaleko plan bat garatuko dute, hainbat alderdi landuz, hala nola bezeroaren esperientzia, prozesuen automatizazioa, gaikuntza teknologikoa, barne komunikazioa eta kultura digitala. Gainera, programak barne hartzen du industriaren, zerbitzuen edo hirugarren sektorearen kasu errealen azterketa. 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago