Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak Jakindari, kultura zientifikoaren aldeko aliantza berriaren lehen topaketa egin du gaur. Dagoeneko, 60 erakunde baino gehiagok bat egin dute aliantzarekin, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko (ZTBES) kideek zein EAEn ezagutzaren hedapenean erreferente diren beste eragile batzuek ere. Gaur goizean Getxoko Olatua eraikinean egin den topaketan erakunde horietako ordezkari ugari izan dira.
Jakindari Sailaren Ezagutza Gizartean Zabaltzeko Proiektuaren barruan kokatzen den ekimena da. Proiektu horren helburua da zientziak espazio publikoan duen presentzia indartzea, herritarren kultura zientifikoa handitzea, zientziaren eta euskal gizartearen arteko harremana estutzea, euskararen erabilera sustatzea zabalkunde-jardueretan eta dibulgazio inklusiboa bermatzea, ezagutzarako sarbidean dauden gizarte-arrakalak murriztuz.
Aliantza berriak parte-hartzaileen arteko lankidetza sustatu nahi du, haien indarguneak eta gaitasunak aprobetxatuz sinergia handiagoak lortzeko eta, hala, inpaktu sozial handiagoa sortzeko, publiko zabalago eta anitzago batengana iritsiz. Eraginkortasun handiagoa lortzen ere lagundu nahi du, hura osatzen duten eragileen artean baliabideak eta ezagutzak partekatuz. Ildo horretan, eragileen arteko lankidetza berrikuntzarako eta sormenerako motorra izango da, eta zientziaren presentzia publikoa indartzea ahalbidetuko du, irudi bateratuago eta ikusgarriago batekin.
Bere hitzaldian, Juan Ignacio Pérez Iglesias sailburuak eskertu die erakundeei aliantzarekin bat egiteagatik. Helburu nagusia, nabarmendu duenez, “eragileen ahaleginak batzea da, ezagutza zientifikoa gure lurraldeko toki ezberdinetara hurbiltzeko, jarduera bateratuak eta jardunbide egokien trukea sustatuz. Horrela, guztion artean zientziari ikusgarritasun eta gizarte-ospe handiagoa emango diogu, gero eta desinformazio handiagoa dagoen testuinguru batean “.