2025eko Ikerkuntzako Euskadi Saria UPV/EHUko Arkeologia Saileko katedradun Agustin Azkarate irakasleari eman zaio, bere ikerketa-ibilbideagatik eta EHUn ikerketa-talde eta -egitura egonkorrak sortzeko inplikazio pertsonalagatik. Horrek guztiak modu erabakigarrian lagundu du EAEn arkeologia-ikasketak bultzatzen, aurrekaririk gabeko garapen- eta proiekzio-mailan kokatu arte.
Era berean, Azkaratek unibertsitatearekin eta Euskadirekin duen konpromisoak bere ibilbide akademiko osoan iraun du. Horrek guztiak, gainera, nazioarteko proiekzio nabarmena izan du, bere lan zientifikoak lortutako aintzatespenean zein bere ibilbidean zehar sustatzen eta finkatzen jakin duen aliantza akademiko eta instituzionaletan islatuta.
2025eko Euskadi Ikerkuntza Saria
Gizarte Zientzien eta Humanitateen arloan ospe handia duten lau pertsonak osatutako sariaren hogeita hamargarren edizioko epaimahaiak aho batez erabaki du 2025eko Euskadi Ikerkuntza Saria Agustin Azkarate Garai-Olaun arkeologoari ematea, gaur goizean Bilbon egindako bileraren ondoren.
Epaia eman ondoren, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburu Juan Ignacio Pérez Iglesiasek telefonoz jakinarazi dio sarituari.
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailak urtero egiten du Euskadi Ikerkuntza Sariaren deialdia. Urte bakoitietan, 2025ean gertatzen den bezala, saria Gizarte Zientzien eta Humanitateen esparrura bideratzen da; urte bikoitietan, berriz, Zientzia eta Teknologia arloko profesionalen lana aintzatesten da.
Euskadi Ikerkuntza Sariaren helburua jarduera zientifikoa sustatzea da, bai eta Euskal Autonomia Erkidegoko edo Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikertzaileen eta talde kualifikatuen lana bultzatzea, sustatzea eta aintzatestea ere, baldin eta horien lanak eragin positiboa eta bereziki garrantzitsua izan badu Euskadin.
Agustín Azkarate Garai-Olaun
Agustín Azkarate (Elorrio, 1953) Arkeologiako katedraduna da EHUn 1999tik, eta lau hamarkadatik gorako ibilbidea egin du Euskal Herriko unibertsitateetan irakaskuntzan eta ikerketan.
Bere formakuntza akademiko sendoa, Ignacio Barandiaranek zuzendutako Euskal Herriko arkeologia kristauari buruzko doktorego-tesiarekin hasi zena (1987), atzerrian egindako ikerketa-egonaldi ugariek aberastu dute, bai Europan — batez ere Frantzian eta Italian —, bai Amerikan — Kanada, Kuba, Puerto Rico, Peru, Uruguai eta Argentina —.
Horrez gain, 300 ekarpen zientifiko inguru egin ditu, talde sendoak sortu ditu, ikerketa-egitura egonkorrak sustatu ditu, proposamen berritzaileetarako finantzaketa lehiakorra lortu du, eta ezagutza zientifikoak dimentsio sozial eta balio garrantzitsu bat duela uste izatean oinarritutako proiektuak abian jarri ditu.
Azkarate aitzindaria izan zen, 1990eko hamarkadan jada, arkeologoek, matematikariek, arkitektoek, ingeniariek, antropologoek eta juristek osatutako diziplina anitzeko ikerketa-taldeak eratzen, eta 2010 eta 2023 artean GPAC taldea zuzendu zuen: Kultura Ondare eta Paisaien Berrikuntza, Zientziaren Euskal Sistemaren talde finkatua.




