STEAM Sareak gaur egin du bere hirugarren topaketa, TUMO Bilbao-Bizkaian, Azkuna Zentroko Sormen Teknologien Zentroan. Sare horretako kide diren elkarteetako 40 ordezkari inguruk hartu dute parte ekitaldian.

Topaketan, sareak egindako lanaren balantzea egin da, eta, batez ere, datozen urteetako erronketan jarri da begirada. Bokazio zientifiko-teknologikoei, STEM talentuari eta euskal hezkuntza sistemaren eta ehun sozioekonomikoaren etorkizuneko beharrei loturiko erronkak aztertu dira, batez ere.

Jardunaldian izan dira Amaia Esquisabel, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Saileko Zientzia Politikako zuzendaria, eta Aitor Uriondo, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ikaskuntza eta Berrikuntza zuzendaria. Euskadin, hezkuntzari eta talentuari loturiko erronken aurrean STEAM Hezkuntzak duen garrantziaz hausnartu dute bi agintariek, eta horren gaineko ikuspegi instituzionala azaldu dute.

STEAM Sare katalogoa zifratan

Innobasquek STEAM Sarea 2026-2027 katalogoaren emaitzak aurkeztu ditu. Hori izan da, hain zuzen, topaketaren ardatzetako bat. Ikasturte honetan 63 proposamen jasotzen dira, honela egituratuta: iraupen laburreko 38 jarduera, 8 programa eta STEM orientabideko 17 ekimen.

Aurten 230 ikastetxek eman dute izena, aurreko ikasturtean baino 30 gehiagok, eta 1.033 eskabide jaso dira –2025-2026 katalogoan 905 izan ziren–.Gainera, 55.994 ikaslek eman dute aurretiaz izena jardueretarako, aurreko ekitaldian baino 10.330 gehiagok.

Jasotako eskabide guztietatik 643 onartu dira, eta, horri esker, 34.525 ikaslek parte hartu ahal izango dute azkenean programan, 2025-2026an baino 4.255 gehiagok. Horrenbestez, onartutako eskabideen portzentajea %62koa izan da, aurreko ikasturtekoa baino zertxobait apalagoa. Horrek esan nahi du eskariaren hazkundea eskueran zegoen edukieraren hazkundea baino handiagoa izan dela.

Hauek dira eskabide gehien jaso duten jardueretako batzuk: “Code.org Erronka”, “Antropologia, hezurren hizkuntza” eta “Hegan egiteko zientzia eta teknologia, Zientziako emakume eta neskatoen egunean”. Programen artean, hauek nabarmendu dira: “Emakumeak Zientzian”, “Inspira STEAM” eta “FIRST LEGO League Euskadi”. Bestalde, STEM orientabideko ekimenen artean, hauek dira eskari handiena izan dutenak: “Moldeak apurtzen: emakume makinistak trenean eta tranbian”, “Galaxia – Etorkizuna argitzen” eta speed dating orientazio-jardunaldiak.

Topaketan azpimarratzekoa izan da elkarteen eta ordezkarien parte-hartzea. STEAM Sarea osatzen duten elkarteek lan dinamika bat egin dute, eta horren bidez aztertu dute zer aldaketa-zantzu ikusten dituzten eta etorkizunera begira zer behar antzematen dituzten STEM talentuari, bokazio zientifiko eta teknologikoei eta datozen urteetan Euskadin izango diren erronkei loturik.

TUMO Bilbao-Bizkaia

Topaketak balio izan du, orobat, partaideek TUMO Bilbao-Bizkaia lehen eskutik ezagutzeko. 12 eta 18 urte arteko gazteei zuzenduriko hezkuntza proiektu horrek sormena, teknologia eta ikaskuntza autogidatua uztartzen ditu.

Proiektu horren ereduak aukera ematen du hainbat esparru lantzeko, hala nola robotika, diseinu grafikoa, animazioa, bideojokoen garapena, ikus-entzunezkoen ekoizpena eta adimen artifiziala, eta horietan gaitasunak eskuratzeko. Erabiltzen den metodologiak, gainera, gazte bakoitzaren interesak eta autonomia sustatzen ditu.

STEAM Sareari buruz

STEAM Sareak lotura lanak egiten ditu ikastetxeen eta enpresa, unibertsitate, zentro teknologiko, ikerketa zentro eta STEM profesionalak dituzten beste erakundeen artean. Xedea da ikasleen artean zientzia eta teknologiarekiko interesa piztea eta bokazio zientifiko-teknologikoak bultzatzea.

Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Sailak bultzatzen du sarea, eta Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Sareak, koordinatzen du.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago

Agencia Vasca de la Innovación, Innobasque
Pribatutasunaren laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientziarik onena eskaini ahal izateko. Cookieei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzeko edo gure ekipoari webguneko zein atal aurkitzen dituzun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzeko funtzioak betetzen ditu.