Aitziber López Cortajarena euskal ikertzaileak eta Ana Laguna Pradas datu zientzialariak jaso dute Emakume Teknologoarentzako 2026ko Ada Byron Saria. Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultateak ematen du saria, eta Leire Bilbao Berrikuntzaren Euskal Agentziako (Innobasque) zuzendari nagusiak du epaimahaia.
López Cortajarenak Senior kategoriako saria jaso du nanoteknologia biomolekularrean egindako aurrerapenengatik, eta Laguna, berriz, Gazteen kategorian saritu dute, haurren osasunari aplikatutako adimen artifizialean egindako lanagatik.
Gainera, Taldeki Biosolutions sortu du, proteinetan oinarritutako teknologiak diagnostikorako eta terapiarako soluzioen garapenera eramatea helburu duen enpresa deribatua (spin-off). Emakumeak Zientzian ekimenaren sorreran eta sustapenean ere parte hartu du. Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sareko hogei erakunde baino gehiago biltzen ditu ekimen horrek, STEAM bokazioak sustatzeko eta emakumeek zientzian egiten duten lana ikusarazteko.
Bestalde, Ana Laguna Pradas datuen zientzialaria eta Zoundream osasunaren arloko enpresa teknologikoaren sortzaileetako bat da, eta adimen artifiziala erabiltzen du haurren negarra interpretatzeko. Bere lanaren helburua patologien eta neurogarapeneko alterazioen detekzio goiztiarra erraztea da, autismoa kasu.
Adimen artifizialean hamabost urte baino gehiagoko esperientziarekin, Lagunak BBVA D & Ako taldean eta hizkuntza naturalaren prozesamenduan eta audientzia digitalen analisian espezializatutako nazioarteko enpresetan lan egin du. Halaber, GKE bat sortu du, gizarte-onerako datuen erabileran zentratua, eta ekintzailetza teknologikoa unibertsitateko irakaskuntzarekin uztartzen du.
Hautagai errekorra duen saria
Ada Byron Sariaren hamabigarren edizioak 187 hautagaitza jaso ditu, sortu zenetik izan den kopururik altuena. Sariak emakumeek zientziaren, teknologiaren eta ingeniaritzaren arloetan egindako lana aitortzea eta ikusaraztea du helburu, baita STEM diziplinetan emakumeen bokazioak sustatzea ere.
Sariak 2027ko otsailaren 11n banatuko dira, Deustuko Unibertsitatearen Bilboko campusean, Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Egunarekin bat eginez eta Deustuko Ingeniaritzaren 50. urteurrenaren eta unibertsitatearen 140. urteurrenaren ospakizunen esparruan.
Sariak Bizkaiko Foru Aldundiaren, Emakunderen eta Danobatgroupen babesa du, eta Innolab Bilbaoren eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren laguntza.




