Euskal Agentziak 2026-2030 Plan Estrategikotik eratorritako proiektu berriak aurkeztu dizkio Batzorde Eragileari

Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteak eta zuzendariak, Imanol Regok eta Leire Bilbaok, 2026-2030 Plan Estrategikoaren testuinguruan agentzia garatzen ari den proiektu eta ekimen nagusiak aurkeztu dizkiete gaur Batzorde Eragileko kideei.

Batzorde Eragile horretako hainbat ordezkari bertaratu dira saiora: Juan Ignacio Pérez Iglesias, Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza sailburua eta Innobasqueko presidenteordea; Mikel Jauregi, Industria, Trantsizio Energetikoa eta Jasangarritasuneko sailburua; Joxerramon Bengoetxea, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) errektorea eta Estibaliz Goñi, Iberdrolako Prozesu eta Teknologia zuzendaria, bi-biak Innobasqueko presidenteordeak; Olatz Fernández, Innobasqueko Zuzendaritza Batzordeko idazkaria; Xele Olaizola, Kutxabankeko Berrikuntza arduraduna eta Innobasqueko diruzaina; Jasone Altuna, Euskalteleko zuzendari nagusia; Ana Beobide, Petronorreko kontseilaria; Oiane Niebla, SENER enpresako Proiektuen zuzendaria eta Berrikuntza Irekiko arduraduna; Ana Santiago Giménez-Bretón, SISTEPLANTeko zuzendari nagusia; eta Tamara Yagüe. Confebaskeko presidentea.

Proiektu berriak, Euskadin berrikuntza azkartzeko

Batzorde Eragilearen aurrean gaur aurkeztutako ekimenen bidez, Innobasqueren asmoa da aurre-hartze estrategikoa sendotzea, berrikuntza azeleratzea eta Euskadi Europan posizionatzeko estrategia azkartzea, eta zeregin horretan, ezinbestekoa izango da bazkide sarearen bultzada eta parte-hartzea.

Berrikuntza azeleratzeko helburuari dagokionez, Agentziak Esperimentazio eremu bat jarri du martxan, entitate bazkideei zuzendurik, eta eremu hori zabalduko duten esperimentazioko sei proiektu berriak aurkeztu ditu. 2027an hasiko dira garatzen sei egitasmo horiek. Euskadin orain arte inoiz aplikatu ez diren metodologiak esploratuko dira ekimen horien bidez, ikusi baita munduko beste leku batzuetan emaitzak nabarmenak izan direla. Hauek dira lehen esperientzia honetarako hautatu diren esparruak: adimen artifizial fisikoa, konputazio kuantikoa, berrikuntzaren kudeaketa, administrazio publikoen erronkak, negozio-aukerak ikuspegi disruptibo batetik eta enpresen hazkundea.

Aurrea hartzeari dagokionez, Innobasque berrikuntza-joerei eta teknologia kuantikoei buruzko prospektiba-azterlan berriak garatzen ari da, eta Euskadin berrikuntza-politikak hobetzen lagun dezaketen nazioarteko praktikak identifikatzen, besteak beste.

Ekinbide horien guztien asmoa da ingurune zientifiko, teknologiko eta enpresarialaren bilakaerari buruzko jakintza sendotzea eta erabaki estrategikoak hartzeko eginkizuna erraztea.

Batzorde Eragileari azaldu zaion moduan, estrategiaren hedapenak baditu beste zenbait helburu ere; batetik, Euskadi Europan posizionatzeko xedea sendotzea —horretarako, bultzada emango zaio I+G+b arloa nazioartekotzeko estrategiaren diseinuari— eta, bestetik, aholkularitza-, konexio- eta prestakuntza-jarduerak garatzea. Era berean, Innobasquek bere bazkide diren erakundeen arteko lankidetza- eta ikaskuntza-gune berriak ezagutzera eman ditu. Gaur egun 931 dira Innobasquek entitate bazkideak.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago

Agencia Vasca de la Innovación, Innobasque
Pribatutasunaren laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientziarik onena eskaini ahal izateko. Cookieei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzeko edo gure ekipoari webguneko zein atal aurkitzen dituzun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzeko funtzioak betetzen ditu.