Aciturri Tech Aciturri Taldearen eskumendeko teknologikoa da, adimen artifizialean, automatizazioan, prozesuen hobekuntzan eta beste hainbat teknologiatan oinarritutako konponbideak garatzen dagoena espezializatuta. Duela gutxi Innobasqueko erakunde bazkide bilakatu denez, José María Ballesteros Chief Comercial Officerrarekin hitz egin dugu, berrikuntza ikusteko duen moduari, adimen artifizial aplikatuaren ahalmenari eta teknologia horiek enpresetan txertatzeak dakartzan erronkei buruz.

Aciturri Taldearen baitan aeronautikaren eta industriaren arloetako beharrei erantzuteko garatutako gaitasunetatik sortua da Aciturri Tech. Nolakoa izan da bilakabidea, sorrera horretatik hasi eta bokazio propioa duen eta sektore berrietara zabalik dagoen enpresa teknologiko bihurtu arte?

    Aciturri Techen sorrera Aciturri Taldearen beharrak aztertu eta konpontzera bideratutako informazio-teknologien barneko talde baten finkatzea da. Garatutako aplikazio eta automatizazioen arrakastak enpresa beregain bat sortzea bultzatu zuen, jakintza hori aeronautikaren eta industriaren sektoreko beste enpresetara eramateko gai izango zena.

    Ordutik aurrera, gure jarduera pixkanaka zabaldu dugu beste hainbat arloetara, hala nola inbertsioa eta arriskuak, dokumentuen kudeaketa integrala edota adimen artifizialeko prestakuntza. Gure bokazioa sektore berrietan hazten jarraitzea da, prozesuak automatizatuko dituzten eta arintasun, zehaztasun eta efizientzia handiagoa emango duten AAn oinarritutako konponbideen bidez.

    Defendatzen duzuen lan egiteko moduaren abiapuntua ez da teknologia, erakunde bakoitzak konpondu behar duen arazoa zein den ulertzea baizik. Zer esan nahi du berrikuntzak Aciturri Techentzat eta nola txertatzen duzue ikuspegi hori zuen proiektuetan?

    Aciturri Techentzat teknologia ez da hasierako zehaztapen batzuen arabera txertatzen den produktu estandar bat. Guretzat, berrikuntzak arazoa sakonki ulertzea, erakunde bakoitzaren benetako beharrak identifikatzea eta erantzun egokiena diseinatzea esan nahi du.

    Horregatik, lehenengo urratsa bezeroa entzutea da. Talde espezializatu batek haren egoera aztertzen du eta, jakintza hori eta gure eskarmentua elkartuz, aholku ematen dio bai alderdi teknikoan bai ekonomikoan, inbertsioaren itzulkinak eta eragina maximizatzeko.

    Helburua proiektu oro enpresaren behar eta xede jakinetara egokitzea da, eta ez enpresa izatea aurrez definitutako konponbide batera makurtu behar duena.

    Adimen artifiziala zuen espezializazio-esparru nagusienetako bat da eta hainbat gaietan ari zarete erabiltzen jada, besteak beste ekoizpenaren plangintzan, ikusmen artifizialean edota prozesuen automatizazioan eta kontrolean. Zuen esperientzian, zer behar dute enpresek AArekiko interesa izatetik haien jardueretan benetako eragina lortzera igarotzeko?

    Adimen artifizialeko proiektu bati ekin aurretik, ezinbestekoa da arlo bakoitzeko arduradunek oinarrizko prestakuntza izatea eta jakitea AA benetan zer den, nola funtzionatzen duen eta zer balio eman diezaiokeen jarduera horri.

    Jakintza hori esker, errazago identifikatu daitezke erabilera-kasuak, argi defini daitezke helburuak eta espektatiba errealistak ezar daitezke. Horrela, proiektua martxan jartzeko unea iristen denean, arduradun bakoitzak badaki zer behar duen eta haren efizientzia nola neurtu behar duen.

    Bi alderdien inplikazioa ere erabakigarria da. Bezero eta bazkide teknologikoek lankidetza estuan egin behar dute lan prozesu osoan zehar, aurrerapausoak balioetsiz eta konponbidea egokituz. Horrela, azken entrega erakundearen benetako beharren araberakoa izango da eta benetako eragina izango du.

    Aciturri Tech hazkundeko eta merkatu berrietara zabaltzeko une batean sartu da orain Innobasquera. Zerk bultzatu zaituzte gure elkarte-oinarriaren parte izatera eta zer espero duzue aurkitzea eta euskal berrikuntzaren ekosistemari ematea?

    EAEn erreferentziazkoak diren erakundeekin harremanak izan nahi dituen enpresa teknologiko eta berritzaile batentzat, Innobasquen parte izatea ekosistemari lotzeko bide zuzen eta aktiboa da. Ezagutza partekatzea, lankidetza-aukerak sortzea eta adimen artifizialean, automatizazioan eta prozesuen hobekuntzan dugun eskarmentua zabaltzea espero dugu.

    Partekatu albiste hau

    Albiste gehiago

    Agencia Vasca de la Innovación, Innobasque
    Pribatutasunaren laburpena

    Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientziarik onena eskaini ahal izateko. Cookieei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzeko edo gure ekipoari webguneko zein atal aurkitzen dituzun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzeko funtzioak betetzen ditu.