Euskadiko Adimen Artifizialaren hirugarren Diagnostikoak baieztatzen du teknologia honek euskal erakundeetan aurrera egiten jarraitzen duela eta haren erabilerari lotutako balio-zantzuak agertzen hasi direla. Hiru urtez adopzioa eta heldutasuna neurtzeko oinarri sendoa eraiki ondoren, Eusko Jaurlaritzak eta BAICek orain adimen artifiziala enpresetan eta euskal industrian sortzen ari den eraldaketa hobeto ulertzera bideratu nahi dute arreta.
Azterlanak erakusten du Euskadik irmotasunez egiten duela aurrera Adimen Artifizialaren adopzioan. Aztertutako erakundeen %87k adimen artifizialean inbertitzen du, eta lau erakundetatik batek urtebete baino gutxiagoan berreskuratzen du bere proiektuetan egindako inbertsioa. Bestalde, 10 langile edo gehiagoko establezimenduen %21ek dagoeneko adimen artifizialeko sistemak erabiltzen ditu, aurreko urteko %17,4aren aldean; horrek %20tik gorako hazkundea dakar urte bakarrean.
Euskadiko Adimen Artifizialaren hirugarren Diagnostikoa BAIC Adimen Artifizialaren Euskal Zentroak egin du, eta gaur goizean aurkeztu da SPRIren egoitzan. Ekitaldian parte hartu dute Jaione Ganzarain Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuorde eta BAICeko presidenteak; Joana Azqueta CAFeko Datu eta Adimen Artifizialeko arduradun korporatibo eta elkarteko presidenteordeak; eta Laura Marrón BAICeko zuzendari nagusiak.
AA txertatzetik, emaitzak eta inpaktua lortzera
Azken urteotan, AA Euskadi Diagnostikoak aukera eman du adimen artifizialaren bilakaera ezagutzeko, bai adopzioaren hazkundea, bai erakundeek beren jardueran eta estrategian txertatzeko behar dituzten gaitasunen garapen progresiboa agerian utziz.
Hirugarren edizio honek neurketa-oinarri horiei eusten die, baina aldi berean AAk sortzen duen balioa hobeto ulertzera bideratutako dimentsio berri bati ateak irekitzen dizkio. Adopzioan eta heldutasunean izandako aurrerapenak aukera ematen du orain adimen artifizialak produktibitatea hobetzen, lehiakortasuna indartzen, berrikuntza bizkortzen eta lan-prozesuak eta ereduak eraldatzen nola laguntzen duen hobeto ezagutzeko.
Jaione Ganzarainek adierazi duenez:
“Adimen artifizialak eboluzionatzen jarraituko du. Teknologia berria da, eta, beraz, beharrezko babes-neurriak izan behar ditu. Baina uste dugu produktibitatea eta lehiakortasuna irabazten lagun diezagukeela ere. Orain, adopzio-maila neurtzetik harago joan behar dugu, zein eraldaketa bultzatzen ari den eta Euskadiren aurrerapen ekonomiko eta sozialean nola laguntzen duen ulertzera. Izan ere, neurtzea erabakitzen dugunak hartzen ditugun erabakiak ere gidatzen ditu.”
Norabide horretan aurrera egiteko, Eusko Jaurlaritza eta BAIC industriako eta beste eragile espezializatu batzuekin lanean hasi dira, teknologia horiek sortzen duten inpaktua hobeto ezagutzeko aukera emango duten adierazle berriak pixkanaka txertatzeko.
Helburua da adopzioa eta heldutasuna neurtzetik harago joatea, AAk erakundeetan eta lurralde osoan sortzen dituen emaitzak modu zabalagoan ulertzeko.
“Erronka hau,” gehitu du Ganzarainek,”Euskadi 2030 Industria Planaren lehentasunetako bat ere bada, eta iaz iragarritako adimen artifizialaren euskal estrategia indartzeko konpromisoari jarraipena ematen dio. Bilakaera hori gaur egun BidaIA ekimenean gauzatzen da; Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk BAICekin batera sustatutako ibilbidea da, industria-pymei AAk non sor dezakeen balioa identifikatzen, zein aukera lehenetsi behar diren zehazten eta horiek praktikara eramateko urratsak ematen laguntzeko.”
AAk aurrera egiten jarraitzen du Euskadin
Diagnostikoak erakusten du erakundeak esperimentazio-fasetik eta hasierako hedapenetik gero eta integrazio handiagoko erabilera baterantz igarotzen ari direla. Aztertutako erakundeen %86,9k adimen artifizialean inbertitzen du, hirutik batek bere ereduen errendimendua gainbegiratzeko tresnak ditu, eta AA estrategiaren eta erakundearen estrategia orokorraren arteko lerrokatzeak 3,5eko batez besteko balorazioa lortu du 5 puntutik.
Bilakaera hori emaitza neurgarrietan ere islatzen hasi da. Aztertutako lau erakundetatik batek adierazi du bere AA proiektuetan egindako inbertsioa urtebete baino gutxiagoan berreskuratzen duela.
Gainera, EUSTATen datuek erakusten dute 10 langile edo gehiagoko erakundeen %21ek dagoeneko adimen artifizialeko sistemak erabiltzen dituela, aurreko urteko %17,4aren aldean; horrek %20ko hazkundea suposatzen du. Euskadi, horrela, Europako erreferentziekin lerrokatutako adopzio-mailetan kokatzen da.
Manufaktura-industria, Euskadiren bereizgarrietako bat
Diagnostikoak berriro erakusten du euskal industriak adimen artifizialaren adopzioan duen pisu berezia. Manufaktura-industria bigarren postuan dago AAren adopzioari dagokionez, ingurune europar askotan adierazle horien buru izan ohi diren sektoreen aurretik.
Horrek Euskadiren lehiarako indargune nagusietako bat islatzen du: adimen artifiziala ekoizpen-inguruneetara eramateko eta industria-behar errealekin konektatzeko gaitasuna.
Inpaktua ETEetara hedatzeko erronka
Aurrerapena ez da intentsitate berean gertatzen erakunde guztietan. ETEei eta enpresa handiei buruz egindako heldutasun-analisiak alde nabarmenak erakusten ditu adimen artifiziala integratzeko eta eskalatzeko funtsezko eremuetan, hala nola etikaren eta araudiaren kudeaketan, esperientzian, talentuan edo datu-estrategian.
Horrela, enpresa handien %35,5ek dagoeneko lanean dihardu Adimen Artifizialaren Europako Erregelamenduaren eskakizunetara egokitzeko; ETEen artean, berriz, ehunekoa %13koa da. Bestalde, datu-estrategia martxan edo garapen-fasean duten erakundeen ehunekoa %57,6ra iristen da enpresa handietan eta %44,3ra ETEetan.
Euskadik gaitasunak indartzen ditu eta lankidetza abantaila lehiakor bihurtzen da
Euskal industria-sareak adimen artifiziala modu arduratsu eta iraunkorrean ezartzeko beharrezko baldintzak indartzen jarraitzen du. Adimen Artifizialaren Europako Erregelamendua ezagutzen ez dutenen ehunekoa %32tik %14ra jaitsi da, eta erakundeen %67k DBEOren oinarrizko betetze-maila gainditzen du eta datuen kudeaketa arduratsurako praktika osagarriak txertatzen ditu.
Horri gehitzen zaio gaitasun teknologikoaren hazkundea: 2025ean adimen artifizialeko 136 erakunde hornitzaile identifikatu ziren, 2024an ziren 91en aldean. Talentuak, hala ere, erronka nagusietako bat izaten jarraitzen du: Euskadin AAko profesionalen beharra %58 handitu da, eta behar hori modu eraginkorrean asetzeko itxaropena %74ra igo da.
Gainera, Diagnostikoak lankidetza identifikatzen du lurraldearen indargune nagusietako bat bezala. Aztertutako erakundeen %85ek adimen artifiziarekin lotutako lankidetza-ekimenetan parte hartzen du, industria, enpresa teknologikoak, ezagutza-zentroak eta erakunde publikoak lotuz, adopzioa eta gaitasunen garapena bizkortzeko.
TXOSTEN OSOA DESKARGATU: https://baic.eus/wp-content/uploads/2026/10/Euskadiko_Adimen_Artifizialaren_Diagnostiko_Txostena_2025-2026.pdf




