Urte askotan, segurtasun ekonomikoa merkataritzari lotutako gaitzat hartu izan da. Testuinguru hori txiki geratu da, ordea. Irailaren 29an argitaratutako blog batean, Jerry Sheehan eta Kévin Magron, ELGA erakundeko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Zuzendaritzako zuzendaria eta zuzendariaren ondokoa, kezka horri buruz aritu dira gogoetan. Idatzian, azaldu dute segurtasun ekonomikoaren gaineko kezkak baldintzatu eta orientatu egin dituela adimen artifizialaren, teknologia kuantikoen, erdieroaleen, altzairuaren, datuen eta lankidetza zientifikoaren arloetan hartutako hainbat eta hainbat erabaki. Kapital pribatuaren mugimenduak argi erakusten du aldaketa horren neurria eta garrantzia: 2025ean, AAko enpresek kontzentratu zuten munduko arrisku kapitalaren % 62, 2022an halako bi. Eztabaida jada ez da zenbat inbertitu bakarrik, baizik eta nola murriztu mendekotasun estrategikoak berrikuntza elikatzen duten nazioarteko kanalei aterik itxi gabe.

Adimen artifizialetik altzairura: sakoneko arazo bera

ELGAren ibilbideak bost esparru desberdin hartzen ditu, baina guztietan sumatzen da galdera bera. Mugako teknologietan, AA garatzeko lasterketa ez da ereduetan soilik jokatzen: oso aintzat hartzekoa da nork dituen beharrezko kalkulu gaitasuna, azpiegitura eta ikerkuntza ahalmena eredu horiek garatzeko. Kuantikarekin gauza bera gertatzen da. ELGAko 19 herrialdetan, esleitutako I+G arloko finantzaketari dagokionez, I+G kuantikoaren pisua nabarmen aldatu zen 2015etik 2023ra:  2015ean %  0,4koa izatetik 2023an % 1,1koa izatera, hain zuzen. Egileen arabera, erabakitzea zer gaitasun landu behar diren, zein eskura daitezkeen hornitzaile fidagarrien eskutik eta zeinetan behar den nazioarteko lankidetza, auzi estrategikoa bihurtu da.

Fokua intsumo kritikoetara eramanez gero, arazoa ageriko bihurtzen da balio kateetan. 2020 eta 2022 artean, ELGAko herrialdeek 49 mendekotasun komertzial zituzten erdieroaleen sektorean; horietatik 29 Txinarekiko. Zifra hori 2012 eta 2014 artean erregistratutakoa baino % 53 handiagoa zen. ELGAK ohartarazi duenez, datu horrek ez ditu herrialdeak behartzen osagai bakoitza beren mugen barnean fabrikatzera; aitzitik, mendekotasun horien mapa egitea da kontua, eta bereiztea zein mendekotasun diren onargarriak eta zein izan daitezkeen ahulezia eragileak disrupzio uneetan.

Kezka ez da indarra hartzen ari diren sektoreetara mugatzen. ELGAren Steel Outlook 2026 azterlanak aurreikusten du altzairuaren munduko gaitasunaren soberakina 745 milioi tonara iritsiko dela 2028an. Orobat, zehazten du, 2024an, Txinako enpresa ertainek, haien aktiboen proportzioan, hamabost aldiz diru-laguntza gehiago jaso zutela munduko gainerako enpresa ertainek baino. Esparru digitalean, 40 herrialdetako datuak lekutzeko 2023aren hasieran indarrean ziren ehun bat neurri aintzat hartuta, argi ikusten da informazio-fluxuak zenbateraino ari diren arautzen segurtasun-irizpideen arabera. Europari dagokionez, mendekotasun hori aurreko artikulu batean aztertu genuen.

Euskadi mendekotasunen mapa berri baten aurrean

Euskadin, eztabaida honek berehalako isla du. Hemengo ekonomiak, industriala eta irekia den aldetik, ekoizten ez dituen intsumoak eta teknologiak ere behar ditu, eta, aldi berean, nazioarteko merkatuetan lehiatzen du, eta beste herrialde batzuetako laguntza publikoak handiagoak diren heinean, horrek balantza desorekatu dezake. Altzairua, euskal industriaren historiari estu loturiko sektorea, da horren adibide hurbila.

2026an birformulatutako Euskadi 2030 ZTBP planak jada jasotzen du ikuspegi aldaketa hori. Hain zuzen, hauxe da plan horren helburu estrategikoetako bat: «euskal industriaren eraldaketa azeleratzea eta burujabetza teknologikoa sendotzea». Gainera, planean, teknologia estrategikotzat jotzen dira adimen artifiziala eta teknologia kuantikoak, eta horretarako azpiegiturak ere badaude, hala nola IBM-Euskadi Quantum Computer Center (BasQ). Planak beraz, ELGAk adierazitako galderetako bati erantzuten dio: zer gaitasun merezi du etxean garatzeak? Beste galdera bat geratzen da, hori ere aurrekoa bezain garrantzitsua. Planean bertan «balio-kate globaletako posizionamendua birplanteatzeko beharra» aipatzen da; eztabaida honen harian, horrek eskatzen du zer bazkide eta hornitzaileren esku dauden gaitasun horiek eta zenbateraino dauden kontzentratuta.

Sektore kritikoak babestea harresirik altxa gabe

ELGAren iritziz, irekitasuna eta babesa ez dira mutur bateraezinak. Antolakundearen proposamena pragmatikoagoa da: gehiegizko kontzentrazioak detektatu behar dira, erantzuteko gaitasuna sendotu behar da eta sentibera den hori babestu behar da, baina hein handi batean zientziaren eta berrikuntzaren euskarri diren nazioarteko lokarriak eten gabe. Ikuspegi horretatik, lankidetzan aritzeak ez du ahultzen segurtasun ekonomikoa; areago, sendotu ere egin dezake moduren batera edo bestera.

Ideia hori bat dator ekainean planteatzen genuenarekin: burujabetza teknologikoaren funtsa «ez da den-dena etxean ekoiztea, baizik eta aukerarik gabe ez geratzea». Euskal sistemarako, horrek metodo bat eskatzen du, kontsignak baino gehiago. Datuak eskuetan direla, desberdindu egin behar dira, ekonomia moderno orok duen elkarrekiko mendekotasun normala, eta gerora ahulezien eragile izan daitezkeen kontzentrazioak, eta identifikatu egin behar dira gaitasun kritikoak eta haien mendekotasunak, zertan esku hartu erabaki aurretik.

Tenka hori oso argi antzematen da unibertsitateetan eta ikerketa-zentroetan. 2025ean, herrialdeek ikerkuntzan segurtasuna indartzeko hartutako 250 neurriren berri eman zioten ELGAri, 2018an hartutako neurriak baino hamar aldiz gehiago; eta horiek aplikatu zituzten herrialdeak 12 izatetik 41 izatera igaro ziren. Neurriok ordenatzeko, antolakundeak hiru oinarri hauek proposatzen ditu: gaitasun estrategikoak sustatzea; ikerkuntza sentibera babestea eta herrialde bakoitzaren interesak proiektatzea. Eta horiek guztiak arautzeko, hiru irizpide hauek jotzen ditu ezinbesteko: proportzionaltasuna, zehaztasuna eta lankidetza. Birformulatutako ZTBPak jada jasotzen du Europako ikuspegi hori arlo honetan. Horiek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sarean (ZTBES) zehazki aplikatzeko, ordea, beharrezkoa da berariazko analisi bat egitea. Arrakastaren gakoa, Sheehan eta Magronen iritziz, ez da isolatzeko gaitasun handiagoa lortzea izango, baizik eta elkarrekiko mendekotasun hori erresistenteagoa, seguruagoa eta berrikuntzarekin bateragarriagoa egitea. 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago

Agencia Vasca de la Innovación, Innobasque
Pribatutasunaren laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientziarik onena eskaini ahal izateko. Cookieei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzeko edo gure ekipoari webguneko zein atal aurkitzen dituzun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzeko funtzioak betetzen ditu.