Euskal Berrikuntzaren Agentziak, Innobasquek, antolatzen duen Global Innovation Day jardunaldiak Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sistemako 400 ordezkari inguru bildu ditu gaur Bilboko Euskalduna Jauregian, teknologia berrien garapenak sortzen dituen erronkei eta gizartean duen inpaktuari buruz eztabaidatzeko. “Humanismoa eta teknologia berriak” izan da aurtengo goiburua, eta Europaren eta Euskadiren etorkizuna baldintzatzen duten bi gai hauek izan dira ardatz: burujabetza teknologikoa eta adimen artifizialaren eragin etiko eta sozialak.

Erronka horiei loturiko ikuspegi zientifiko, enpresarial eta humanistikoak kontrastatzeko aukera izan da jardunaldian; era berean, bertaratuen parte hartzea sustatzeko dinamika baten bidez, debatea entitate bakoitzaren errealitateari lotzeko aukera ere izan da. Euskadin garatutako zortzi soluzio berritzaile ere aurkeztu dira; ikerkuntzaren eta teknologiaren bidez, enpresetan, zientzian eta kudeaketa publikoan sortzen diren erronkei nola erantzun dakiekeen ikusteko zortzi adibide izan dira.

Innobasque, Euskal Berrikuntzaren Agentziako presidenteak, Imanol Regok, zabaldu du topaketa. Aurten ere, Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Saila eta Iberdrola izan dira laguntzaile antolaketan Bere esku-hartzean, Euskadik eraldaketa teknologikoei aurre egiteko duen gaitasuna nabarmendu du Regok, eta horiek gidatzen laguntzeko anbizioa izan behar dela aldarrikatu du. “Zer nahi dugu: besterik gabe aldaketa horietara egokitu, edo horiek zuzentzen lagundu? Nik uste dut Euskadik bigarrena izan behar duela helburu”, adierazi du. Alde horretatik, berrikuntzako euskal ekosistemaren talentua, jakintza, enpresak, unibertsitateak, teknologia zentroak eta berrikuntzako euskal ekosistemak lankidetzarako duen gaitasuna jarri ditu balioan.

Regok azpimarratu du berrikuntzaren eskutik gizarterako emaitza zehatzak lortu behar direla. “Berrikuntza ez da helburu bat bere horretan. Berrikuntzak zentzua izango badu, eraldatu egin behar du, aukerak sortu behar ditu eta pertsonen bizimodua hobetu behar du”, bere esanetan. Era berean, nabarmendu du oso garrantzitsua dela jakintzaren eta teknologiaren bidez benetako arazoei konponbideak ematea: “Berrikuntzaren abiapuntuan jakintza eta teknologia daude, baina haren benetako balioa arazo jakinei konponbidea ematea da”.

Aurtengo edizioko goiburuaren harira, garapen teknologikoaren erdigunean pertsonak jarri behar direla aldarrikatu du, batez ere adimen artifiziala izaten ari den garapen azkarraren aurrean. “Adimen artifizialak gaitasuna jartzen digu eskura. Gizakiok irizpidea, xedea eta erantzukizuna jarri behar ditugu”, Regoren hitzetan. Ildo beretik, hala gehitu du: “Humanismoak ez du teknologia galgatu nahi. Aitzitik, norabide bat eman nahi dio”.

Azkenik, Euskadik anbizio handiagoz jokatu behar duela aldarrikatu du, dituen gaitasunen bidez enpresa berriak sortzeko, produktu hobeak egiteko, kalitatezko enplegua, ongizatea eta aukerak sortzeko. “Gaitasuna badugu. Jakintza badugu. Talentua badugu. Eta ekosistema bikain bat dugu. Orain, anbizioa ere behar dugu”, nabarmendu du. Sarrerako hitzaldia amaitzeko, berriz, hauxe azpimarratu du: “Euskadik ez du mugatu behar etorkizunari aurre hartzera. Etorkizuna eraikitzen lagundu behar du. Eta etorkizun hori gidatzeko anbizioa eduki behar du”.

Tradizioa, sormena eta teknologia berriak lotu dituzten zenbait adierazpen artistiko ere izan dira jardunaldian. Donostiako Aukeran dantza konpainiak, bere sormenaren lagin bat aurkeztu du, eta erakutsi du nola uztartu duten euskal dantza tradizionala beste hainbat hizkuntza eta adierazpide garaikiderekin.

Bestalde, nazioarteko ekarpena Astryd Park artistaren eskutik heldu da. Londresko Moth Quantum konpainian aplikazio kuantikoetako ingeniaria eta arte sormeneko profesionala da Park, eta haren jarduna konputazio kuantikoaren eta arte sortzailearen artean loturak esploratzea da. Bertaratuek Parken «Reality Is Not What It Seems» instalazioa ezagutu ahal izan dute aretoaren sarreran, algoritmo kuantikoen bidez bideoa denbora errealean kodetzen duen lan bat. Teknologia horrek, izan ditzakeen aplikazio zientifikoetatik harago, adierazpen-hizkuntza gisa eta sormen artistikorako tresna gisa zer aukera ematen duen esploratzen du Parken proposamenak.

Informazio gehiago

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago

Agencia Vasca de la Innovación, Innobasque
Pribatutasunaren laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientziarik onena eskaini ahal izateko. Cookieei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzeko edo gure ekipoari webguneko zein atal aurkitzen dituzun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzeko funtzioak betetzen ditu.