Gaur eta bihar, Iberdrola Dorrean (Bilbo), nazioarteko topaketa bat egingo da Erresuma Batuarekin eta Espainiako zenbait eskualderekin, industria-berrikuntzaren arloko lankidetza bultzatzeko eta Europar Batasunaren Horizon Europe ikerketa eta berrikuntzarako esparru-programako 4. Klusterrean (Industria) parte hartuko duten partzuergoak sustatzeko.

Topaketa Innovate UK eta GTIZ erakundeek sustatu dute, SPRI eta Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin lankidetzan. Euskadi eta Erresuma Batuan arlo akademikoan, teknologikoan eta enpresaren arloan hautatu diren 40 erakundek parte hartuko dute, beste erkidego batzuetako entitateekin batera, hala nola Errioxa, Gaztela eta Leon, Galizia eta Madril.

Bi egunetan zehar, erakundeen aurkezpenak, aldebiko bilerak eta tailer praktikoak egingo dira, 2026–2027 Lan Programako proiektuetarako partzuergoak sortze aldera.

Eztabaida eta dinamikek honako gai hauek izango dituzte ardatz: “Fast-Tracking Circularity”; manufaktura aurreratua; material jasangarri berriak; bir- eta de-manufacturing prozesuak; eta ehunen zirkularitatea, besteak beste. 2025ean, Horizon Europek 655 milioi euro bideratuko ditu 4. Klusterrera (Industria); hortaz, aukera estrategikoa izango da entitate parte-hartzaileentzat.

Ekimena euskal I+G+b arloa nazioartekotzeko estrategiaren parte da, eta Enterprise Europe Network (EEN Basque) sarearen esparruan kokatzen da. Honako hauek hartuko dute parte: Innovate UK; Erresuma Batuko berrikuntzaren agentzia publikoa; Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren mendeko GTIZ, Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroa; SPRI, industria sustatzeko Eusko Jaurlaritzaren entitatea; Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia; Erresuma Batuko Zientzia- eta Teknologia-sarea; eta Espainiako Industria Harremanetarako Gune Nazionalak.

Topaketari hasiera eman zioten bi herrialdeetako erakundeen ordezkariek: Jane Watkins (Innovate UK), Anshumaan Krishnan Ayyangar (Innovate UK), Carlos Toledo Rey eta Nieves González López (GTIZ) eta Leire Bilbao (Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentzia).

Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako zuzendariak nabarmendu du “ekitaldia lorpen gakoa dela euskal I+G nazioartekotzeari eta industria-berrikuntzarako lankidetza estrategikoari dagokionez”. Bilbaok azpimarratu du sektoreak euskal ekonomian duen pisua —“BPGaren % 40 industriatik eta lotutako zerbitzuetatik dator”— eta gogorarazi du euskal entitateek dagoeneko 100 miloi eurotik gora lortu dituztela Horizon Europeko 4. Klusterreko proiektuetan.

Amaitzeko, zuzendariak topaketa gidatu duten oinarriak azpimarratu ditu: “gure helburua da industria digitalagoa, jasangarriagoa eta lehiakorragoa sustatzea, aurrean dauzkagun erronka teknologikoei eta ingurumeneko erronkei aurre egiteko gai dena”.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago