Nazioarteko banda batek lapurreta egin du Itsasmuseumen, eta Bilboko itsas-museoko bilduma iraunkorrean ikusgai zegoen Ordenantzen Liburu historikoa eraman du.

Fikziozko kasu hori argitzeko, Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren Burutzak Euskadiko 18 ikastetxetako Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleen laguntza izan du. Ikasleek zantzuak aztertu dituzte eta auzitegi-teknikak erabili dituzte lapurretaren egileak identifikatu eta balio handiko dokumentua berreskuratzeko.

Ariketa Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleen artean bokazio zientifikoak piztea helburu duen Hezkuntzako STEAM (Science, Technology, Engineering, Arts and Mathematics) proiektuaren barruan gauzatzen den “Forensic Science” ekimenaren baitan egin da. Auzitegi-zientziaren bitartez, Ertzaintzak eta Gaztelueta ikastetxeak bultzatutako proiektu berritzaile honek zeharkako konpetentziak garatzen ditu eta ikasleen artean STEM lanbideekiko, hala nola polizia zientifikoarekiko, interesa sortzen du. Gainera, proiektuak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza Sailaren babesa du, eta Innobasque – Berrikuntzaren Euskal Agentziaren laguntza.

“Forensic Science” STEAM Euskadi estrategiaren parte da, eta Euskadiko ikastetxeei zuzendutako zientzia, teknologia, ingeniaritza, arte eta matematikako hezkuntza-ekimen nagusiak biltzen dituen STEAM SARE katalogoan sartuta dago. 2025-2026 edizioan, katalogo horrek STEM orientazioko 60 jarduera, programa eta ekimen jasotzen ditu, eta Euskadiko hezkuntza-ekosistemaren funtsezko tresnetako bat da zientzia eta berrikuntza ikasleengana hurbiltzeko.

Aurten 32 ikastetxek parte hartzen dute, eta beste konpetentzia batzuen artean taldeko lana, berrikuntza, ikertzeko trebetasunak eta pentsamendu sortzailea eta kritikoa garatuko dituzte ikasturtean zehar.

Delitua berregiteaz gainera, programak beste prestakuntza-jarduera batzuk ere barne hartzen ditu: laborategiko praktikak Gaztelueta ikastetxean (Leioa), online prestakuntza-saioak irakasleentzat eta Ertzaintzaren laborategietara bisitak. Ikasturtea amaitzen denean, 2026ko ekainean, ikastetxeen bost ikerketa onenak aurkeztuko dira Polizia Zientifikoaren egoitzan egingo den klausura-ekitaldian.

Informazio Gehiago

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago