ApplAI 2025ek argi utzi du Adimen Artifiziala jada ez dela etorkizuneko promesa bat, benetako inpaktua duen tresna eraldatzaile bat baizik. Bigarren edizioan, Basque Artificial Intelligence Centerrek (BAIC) antolatuta, 230 erakunde baino gehiagotako 500 parte-hartzaile bildu ditu biltzarrak. Enpresek, administrazio publikoek, unibertsitateek, zentro teknologikoek eta startupek esperientzia eta irtenbide errealak partekatu dituzte, eta dagoeneko eragina sortzen ari dira.
Ekitaldiak AAren euskal ekosistemaren sendotasuna nabarmendu du, askotariko eragileen arteko lankidetzaren eta helburu horrekin garapen teknologikoa bultzatzeko konpromiso partekatuaren gainean eraikia. BAICek koordinazio eredu bat sustatzen du, komunitate dinamiko hori indartzeko, Euskadin AAren inplementazio arduratsu eta eraginkor baterantz aurrera egiteko prest eta erabakita. ApplAI eredu horren froga praktikoa izan da.
Biltzarrean, eta AAn erreferenteak diren 25 hizlari baino gehiagoren bidez, AA sendo eta jasangarri baterako funtsezko osagaiak landu ziren: datuaren etika eta arauditik eta estrategiatik hasi, eta talentuaren prestakuntzara, kultura aldaketara, jasangarritasunera eta azpiegitura teknologikora iritsi arte. Hori guztia ikuspegi partekatu baten barruan: industriarentzat, zerbitzu publikoentzat eta herritarrentzat benetako balioa sortuko duen AA batean aurrera egitea.
Benetako eraldaketarako gakoak
Jardunaldian zehar, Adimen Artifiziala abian jartzeari eta eraginkortasunez ezartzeari buruzko ikaskuntza praktikoak eta esperientzia errealak partekatu ziren. Funtsezko alderdiak landu ziren, hala nola AA dauden prozesuetan eraginkortasunez integratzea, talentu espezializatuaren garrantzi estrategikoa, datuen kudeaketa eta kalitatea, baita erabilerari lotutako erronka etikoak eta Euskadin enpresa eta gizarte lehiakortasuna hobetzeko aukerak ere.
Nazioarteko hizlariek balioa eman zioten esparru akademikoaren, enpresarialaren eta gobernukoaren arteko lankidetzari, eta erakutsi zuten Adimen Artifiziala jada inpaktu nabarmena sortzen ari dela produktu, zerbitzu eta prozesuetan.
Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko sailburuorde Jaione Ganzarainek inaugurazioan nabarmendu duenez, “Adimen Artifiziala ez da soilik teknologia emergente bat, aurrekaririk gabeko iraultza industrial baten motorra da. Euskadin AAren hedapena gidatu nahi dugu gure industrian, lehiakortasuna handitzeko. Gure abiapuntua oso ona da: dagoeneko 7.500 profesional baino gehiago ditugu Adimen Artifizialeko hainbat arlotan lanean, eta 1.300 profesional ikertzaile 90 lantaldetan. AA ezarri duten enpresen % 70 industria eta teknologia arlokoak dira, eta lehen mailako euskal konpainiak dagoeneko ari dira arlo horretan proiektuak garatzen “.
“ApplAIk erakutsi du eragile guztien arteko lankidetza funtsezkoa dela Adimen Artifizial aplikatu, arduratsu eta partekaturantz aurrera egiteko. Euskadik ekosistema kohesionatua eta konprometitua du, eta nazioartean ondo kokatuta dago, teknologia horrek planteatzen dituen erronkei erantzun kolektiboak emateko gai dena “, adierazi du Laura Marronek, BAICeko zuzendari nagusiak.
Berrikuntza gisa, ApplAI 2025ek online publikoari ere hurbildu dio ekitaldia, ApplAI OnAIr bideo-podcastarekin. Iñaki Leturiak eta Bego Zubiak (Elhuyar) gidatzen dute, eta elkarrizketak, eztabaidak eta eguneko laburpenak eman ditu zuzenean.




