Eustat Euskal Estatistika Erakundearen Berrikuntza Inkestak, ekainaren 30ean argitaratutakoak, agerian uzten du 10 langile edo gehiagoko enpresa berritzaileen ehunekoa % 41,1era iritsi zela 2024an Euskadin. Datuek erakusten dute 3,7 puntuko igoera izan dela aztertutako aurreko urtearekin alderatuta, eta 10 puntu gehiagokoa 2018arekin alderatuta, metodologia berriarekin aztertutako seriearen lehen urtea baita.

Urteko azterketa horren arabera, enpresa berritzaileenak industriakoak izan ziren ( % 45,6); ondoren, zerbitzuetakoak ( % 40,1) eta eraikuntzaren sektorekoak ( % 38,3). Berrikuntza motari dagokionez, prozesuarena izan zen nagusi, enpresen % 38,4tan gertatu baitzen, eta produktuaren berrikuntza, berriz, % 22,6tan. Bi mota horietan, enpresa berritzaileenak industrialak izan ziren, batez ere produktuaren arloan; aldiz, aldeak txikiagoak izan ziren prozesuaren berrikuntzan, non eraikuntzako enpresak zerbitzuetakoak baino pixka bat berritzaileagoak izan ziren. Azpisektoreak aztertuta, honako bost hauek nabarmendu behar dira (hiru industrialak eta bi zerbitzuetakoak), non enpresen % 50ek baino gehiagok produktu zein prozesuko berrikuntza jarduerak egin dituzten:

image 1

Berrikuntzako gastua

10 langile edo gehiagoko enpresek jarduera berritzaileetan egindako gastuari dagokionez, gastua 3.240 milioi eurokoa izan zen 2024an, aurreko urtean baino % 3,17 gehiago eta 2018ko zifra baino % 36,4 gehiago. Jarduera horietan, barneko I+Gko gastua % 60,3 izan zen, I+Gko eskurapena (kanpoko I+G) % 12,2 eta beste jarduera berritzaile batzuk gainerako % 27,4. Nabarmentzekoa da barne I+Gko gastuaren pisuaren hazkunde handia guztizkoaren gainean, 10 puntu baino gehiago igo baita 2018tik.

Berrikuntza-jarduerak garatzera bideratutako laguntza publikoei dagokienez, enpresa horien % 48,6k nolabaiteko finantzaketa jaso du. Iturri nagusien artean, Eusko Jaurlaritza ( % 36,5), foru-aldundiak ( % 21,6) eta Estatuko Administrazio Orokorra ( % 18,3) nabarmentzen dira. Era berean, % 8,8k Horizonte Europa programaren finantzaketa jaso du, % 7,2k toki-administrazioen laguntzak eta % 6,5ek Europar Batasuneko beste finantzaketa-iturri batzuk.

Berrikuntza zailtzen duten faktoreen azterketari dagokionez, eta Eustaten arabera, 10 langile edo gehiagoko enpresen % 56,5ek uste du faktore jakin batzuk daudela, eta horien artean honako hauek nabarmentzen dira: enpresaren barruan beste lehentasun batzuk egotea, kostu handiegiak, laguntza edo dirulaguntza publikoak lortzeko zailtasunak, enpresa barruko finantzaketa falta, ideia horien merkatuko eskariari buruzko ziurgabetasuna, merkatuan lehia handiegia eta enpresan bertan langile kualifikatuen falta.

Informazio gehiago hemen: Eustat: https://eu.eustat.eus/estad/id_187/ti_berrikuntzaren-inkesta/azken-prentsa-oharra.html

Oharra: Eustatek argitaratutako estatistika sektore guztiei dagokie, eta ez soilik ‘core “izenekoei, industria eta zerbitzu aurreratuak barne hartzen baitituzte. Sektore horiek Berrikuntzaren Euskal Agentziak aztertu ohi dituenak dira, erreferentzia baitira nazioarteko konparaziorako. Innobasquek argitaratuko du azterketa hori, EUSTATek emandako datuetan oinarrituta.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago

Agencia Vasca de la Innovación, Innobasque
Pribatutasunaren laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientziarik onena eskaini ahal izateko. Cookieei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzeko edo gure ekipoari webguneko zein atal aurkitzen dituzun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzeko funtzioak betetzen ditu.