Innobasquek “Osasun arloko berrikuntza bultzatzeko erronkak eta gaitasunak konektatzen” jardunaldia hartu du gaur, Osasunaren arloko III. Matchmakingaren emaitzak partekatzeko eta Basque Health Clusterrek, Basque Research and Technology Alliancek (BRTA) eta Berrikuntza eta Ikerketa Sanitarioko Euskal Fundazioak (BIOEF) Innobasqueren lankidetzarekin antolatutako ekimen honen edizio berria aurkezteko topaketa, euskal osasun ekosistemako eragileen arteko lankidetza indartzeko.
Saioaren helburua izan da III. Matchmakingaren esparruan identifikatutako erronka nagusiak ezagutaraztea eta erronka horiei elkarlanean erantzuteko Euskadin dauden gaitasun zientifiko, teknologiko eta industrialak erakustea. Era berean, topaketak ekosistemaren eskura programaren IV. edizioa prestatzen lagunduko duten tresnak eta baliabideak jartzeko balio izan du.
Jardunaldian, BRTAk I+G+Bko euskal ekosistemaren gaitasun teknologikoen eta azpiegituren mapa aurkeztu du, eta BIOEFek, berriz, osasun sistemaren lehentasunezko arloak eta gaitasunen mapa partekatu ditu. Bestalde, Basque Health Clusterrek klusterraren katalogoaren aurrerapenak erakutsi ditu, bere erakunde elkartuen talentua eta gaitasunak ikusarazteko diseinatutako tresna.
Topaketa amaitzeko, Osasuneko Matchmakingaren IV. edizioa abiarazi da, eta espazio hori industriaren, ikerketaren eta osasun sistemaren arteko loturak bultzatzeko eta etorkizuneko osasun erronketarako soluzio berritzaileen garapenean aurrera egiteko ekimen gisa finkatu da.




