Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Euskadi 2020 Planeko (ZTBP 2020) berrikuntzarako eta I+Grako laguntza‑programek 1.776 milioi euro mobilizatu zituzten 2015etik 2020ra bitartean. Hala jasotzen da Berrikuntzaren Euskal Agentziak (Innobasque) egindako “ZTBP Euskadi 2020. 2020 policy mix tresnak” txostenean, zeinak I+G+b publikoaren eta pribatuaren inbertsioari laguntzeko tresnen konbinazioa eta horien eragina aztertzen baititu.

1.776 milioi euro horien % 41,5 (736 milioi euro) gaitasun zientifiko-teknologikoak sortzeko tresnetara bideratu zen, % 28,1 (500 milioi euro) gaikuntza teknologikora eta enpresen I+G sustatzera, eta % 12,4 (219 milioi euro) enpresa‑berrikuntzako ekosistemaren babesera. Gaitasunak bateratzeko eta lankidetzan I+G sustatzeko laguntzek 185 milioi euro ekarri zituzten, guztizkoaren % 10,4, eta zientzia‑, teknologia‑ eta enpresa‑talentua kudeatzeko eta sustatzeko laguntzek 132 milioi euro, hots, inbertitutako kopuruaren % 7,4.

2020an, ZTBP 2020ren azken urtean, programek 333 milioi euroko laguntzak mobilizatu zituzten, 2015ean (planaren lehen urtea) baino % 36 gehiago. Programa‑kopurua ere handitu da: 2020an 72 programa aktibatu ziren, eta 2015ean, berriz, 59. Tresna horien espezializazio‑maila ere nabarmentzekoa da; izan ere, % 67 RIS3 Euskadi Espezializazio Adimenduneko Estrategian zehaztutako eremu estrategikoetan berrikuntza eta I+G sustatzera bideratuta zeuden: fabrikazio aurreratua, energia, biozientziak-osasuna, elikadura, ekosistemak, hiri‑habitata eta kultura‑ eta sormen‑industriak.

2020rako laguntzetara bideratutako 333 milioietatik % 89 Eusko Jaurlaritzak jarri zituen, eta ahalegin handiena Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak hartu zuen bere gain, kopuru horren % 64 jarri baitzuen; Hezkuntza Sailak, berriz, % 23 jarri zuen, eta gainerako % 1 Osasun Sailak. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru-aldundiek laguntza horien % 11 jarri zuten.

Txosten osoa irakurri.

 

 

 

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago

Agencia Vasca de la Innovación, Innobasque
Pribatutasunaren laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientziarik onena eskaini ahal izateko. Cookieei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzeko edo gure ekipoari webguneko zein atal aurkitzen dituzun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzeko funtzioak betetzen ditu.