Berrikuntzaren Euskal Agentziak, Innobasquek, Frantziako Kanpo Merkataritzako Aholkularien ordezkaritza bat hartu du gaur, ekainak 5, bere egoitzan. Berrikuntzaren euskal ekosistema eta lehiakortasuna bultzatzeko politika nagusiak ezagutzeko xedearekin etorri dira gurera aholkulari frantziarrak.

Ekonomia arloko nazioarteko aholkulari-sare horretako 46 ordezkari bildu dira bisitan; Espainian ordezkaritzak dituzten Frantziako talde handietako filialetan zuzendaritza karguak betetzen dituzten kideak izan dira gehienak, Frantziako Gobernuak aholkulari ofizial izendatuak kanpo merkataritza, nazioartekotze eta inbertsioak erakartzeko gaietan.

Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntzako sailburuak eta sailburuordeak, Juan Ignacio Pérez Iglesiasek eta Adolfo Moraisek, eta Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteak eta zuzendari nagusiak, Imanol Regok eta Leire Bilbaok, egin diete harrera ordezkaritzako kideei.

Ondoren, Juan Ignacio Pérez Iglesias sailburuak eta Imanol Rego Innobasqueko presidenteak berrikuntzaren euskal ekosistema, eragile nagusiak eta haren euskarri diren politika publikoak aurkeztu dizkiete aholkulari frantziarrei, eta eredua lankidetza publiko-pribatuan oinarritzen dela azaldu diete.

Aurkezpen horretan, hainbat gai jorratu dituzte: besteak beste, Euskadik industrian eta teknologian dituen gaitasunak, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen egitura, RIS4 espezializazio adimendunaren estrategia, enpresa-berrikuntza eta ikerkuntza laguntzeko eta talentua erakartzeko politikak. Era berean, Frantziako ordezkaritzak aukera izan du Innobasquek, Berrikuntzaren Agentzia gisa zer eginkizun betetzen duen ikusteko, batez ere lurraldearen eraldaketa ekonomiko eta soziala azkartzeko zeregin horretan enpresen, teknologia-zentroen, unibertsitateen eta erakundeen arteko lankidetzarako zubi eta eragile gisa.

Innobasqueko bisitaren ondoren, ordezkaritzak ITP Aero enpresaren instalazioetara jo du, konpainiaren berrikuntza-estrategia eta abiazio jasangarriari lotutako haren proiektuak lehen eskutik ezagutzeko. Bizkaiko Foru Aldundiko eta Iberdrolako goi kargudunekin ere bildu dira Frantziako aholkulariak, egitarauaren barnean.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago

Agencia Vasca de la Innovación, Innobasque
Pribatutasunaren laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientziarik onena eskaini ahal izateko. Cookieei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzeko edo gure ekipoari webguneko zein atal aurkitzen dituzun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzeko funtzioak betetzen ditu.