Forging Steel Products altzairuzko pieza forjatuen fabrikazioan espezializatutako industria-enpresa da, eta aurre egiten die eraldaketa bete-betean dagoen sektoreko erronkei. Iosune Astobiza enpresako zuzendari nagusiarekin mintzatu gara berrikuntzak industrian duen rolari, sektoreko etorkizuna markatuko duten erronkei eta askoz gehiagori buruz.

Forging Steel Products enpresak tradizio luzea duen baina eraldaketa handien mende dagoen industria-sektorean garatzen du bere jarduera. Nola ulertzen duzue berrikuntza forjaketa industrialean aritzen den enpresa batean?

Urte asko daramatzagu altzairua forjatzen, eta denbora honetan guztian ikasi dugu berrikuntza ez dela beti ikusgarriena edo teknologikoena; askotan, jada daukazuna beste ikuspegi batetik begiratzea besterik ez da. Gure kasuan, berritzea, batez ere, kontu estrategikoa da: gure baliabideak eta ekoizpen-gaitasunak aztertzea eta behin eta berriro gure buruari galdetzea nola egokitu ditzakegun bezeroak une bakoitzean behar duen horretara. Ez gara aldi bakoitzean zerotik hasten; esperientzia handia dugu, eta eskarmentu hori baliatzen dugu exijentzia berriak betetzeko. Egokitzeko gaitasun hori, hau da, jada egiten dakigunari buelta eman eta beste erronka bati erantzutea, da , hain zuzen ere, benetan definitzen gaituen berrikuntza.

Sektore oso exijenteetan lan egiten duzue: ibilgailu astuna, trena, defentsa eta industria aurreratua. Zer joera eta erronka ari dira markatzen, gaur egun, merkatu horien bilakaera?

Itxuraz, haien artean oso ezberdinak diren sektoreetan egiten dugu lan, baina arretaz begiratuta erraz ikus daiteke guztiak doazela norabide berean: gero eta segurtasun, iraunkortasun eta jasangarritasun handiagoa eskatzen da hemendik ateratzen den pieza bakoitzean. Ibilgailu astunaren arloan presio handia dago osagaiak arintzeko erresistentziarik galdu gabe; azken batean, horrek kontsumo txikiagoa eta emisio gutxiago ekarriko bailituzke. Trenaren esparruan, mugikortasun jasangarriago baten aldeko apustuarekin, araudiak gero eta zorrotzagoak dira, eta, beraz, ez dago errore-marjinarik kalitatean. Defentsan, erabateko fidagarritasuna da gako nagusia: piezek beti erantzun behar dute, salbuespenik gabe; eta, horretarako, doitasun eta kontrol aparta exijitzen zaigu. Eta industria aurreratuan, oro har, bideak hornidura-katearen digitalizaziora eta produktuaren erabateko trazabilitatera garamatza, lehengaia jasotzen denetik amaierako pieza ateratzen den arte. Gainera, arlo guztiak zeharkatzen dituen erronka bat ere badago: gure prozesuen karbono-aztarna murriztea. Denbora luzea daramagu horretan lanean, eta gure ibilbide-orriaren parte da.

3. Duela hilabete batzuk TRAS100DE programan hartu zenuten parte, Innobasquerekin lankidetzan gauzatutako enpresa-hazkuntzarako programan. Zer ikaspen edo hausnarketa atera dituzue esperientzia horretatik?

Zoragarria izan zen, benetan. Egunerokoan ia ez dugu denborarik lasai pentsatzeko nora goazen, eta TRAS100DEk horretarako abagunea eman zigun. Gainera, Innobasquek prozesu osoan lagundu zigun. Aukera ederra izan zen presarik gabe pentsatzeko norantz joan nahi dugun enpresa gisa, eta bide berean dauden beste enpresa batzuekin kontrastatu ahal izan genuen, gainera. Ikaspen oso praktikoak atera ditugu, baina, batez ere, aurretik geneukan susmo bat konfirmatu dugu: hainbeste urteren buruan, hazten jarraitzeko, galderak egiten jarraitu behar dugu, eta lan hori errazago egiten da taldean bakarrik baino.

Horrez gain, alderdi batek bereziki markatu gintuen, hain zuzen ere, egun gurea baino eskala handiago batean dauden enpresen eskuzabaltasuna; izan ere, beren esperientzia kontatzera etorri ziren, ezer gorde gabe. Zuzenean ikusi genuen nola hazi diren, zer urrats egin dituzten, bai eta bidean zer oztopo aurkitu dituzten ere. Horrek mezu oso argia eman zigun: lan eginez, saiatuak izanik eta inguruan gertatzen denari arreta jarriz, maila horretara irits daiteke. Oso inspiratzailea izan zen, egia esanda; eta indarberrituta atera ginen aurrera egiten jarraitzeko.

Zerk bultzatu zaituzte Innobasquerekin bat egitera eta zer aukera espero duzue aurkitzea berrikuntzaren euskal ekosistemaren barruan?

Berrikuntza kutsatzen dela uste dugu. Eta berritzen jarraitzeko modurik onena da bide berean daudenez inguratzea. Innobasquek asko baloratzen dugun zerbait ematen digu: esperientziak partekatu ditzakegu beste enpresa batzuekin, haiek egiten dutenetik ikasi, eta guk ere gure aletxoa jarri. Espero dugu benetan lankidetzan jarduten den leku bat aurkitzea, aurrera begiratzen jarraitzen lagunduko diguna honaino ekarri gaituen oinarri sendo berarekin.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago

Agencia Vasca de la Innovación, Innobasque
Pribatutasunaren laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientziarik onena eskaini ahal izateko. Cookieei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzeko edo gure ekipoari webguneko zein atal aurkitzen dituzun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzeko funtzioak betetzen ditu.