Juan Ignacio Pérez Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntzako sailburuak Euskampus Bordeaux Eguna 2026 ekitaldiaren irekieran parte hartu du. Bere hitzaldian, Euroeskualdean garatutako lankidetza-esperientzia makroeskualdera zabaltzeko aukera nabarmendu du, bereziki unibertsitatearen, zientziaren eta berrikuntzaren arloetan.
Topaketak mugaren bi aldeetako 300 parte-hartzaile inguru bildu ditu. «Zubiak ehuntzen» lelopean, XI. edizio honen helburua Euskampus Bordeaux Mugaz Gaindiko Campusaren aurrerapenak partekatzea da. Aliantza horretan, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), Bordeleko Unibertsitateak, Tecnaliak eta Donostia International Physics Centerrek (DIPC) parte hartzen dute.
Bere hitzaldian, Pérez Iglesiasek nabarmendu du Euskampus Bordeaux Mugaz Gaindiko Campusaren aliantza bat datorrela berak zuzentzen duen Saila garatzen ari den politikekin, bai unibertsitatearen arloan, bai zientziaren esparruan.
Sailburuak azaldu duenez, Sailak sustatzen duen nazioartekotze-estrategia, gaur egun izapidetzen ari den Unibertsitate Legearen aurreproiektuan jasotzen dena, zirkulu zentrokideen ereduan egituratzen da: euskararen lurraldeak biltzen dituen Euroeskualdea, makroeskualdea eta diaspora.
Bere iritziz, «Euskadik eta Akitania Berriak nolabaiteko abantaila dute prozesu honetan aurrera egiteko; izan ere, bidearen zati bat egina dute, eta lankidetzan aurretik lortutako esperientzia dute». Era berean, Euroeskualdeko lankidetza emankorrena unibertsitatearen, zientziaren eta berrikuntzaren esparruetan garatzen ari dela azpimarratu du.
Halako dimentsioko proiektu batek zailtasunak dituela eta oztopoak gainditu beharko direla aitortu badu ere, ekimenaren izaera itxaropentsua eta hainbat arlotan eskaintzen dituen aukerak nabarmendu ditu. Ildo horretan, Euroeskualdean sortutako harreman-sarea goraipatu du, oso aberasgarria dela esanez, eta esperientzia hori makroeskualdera zabaltzeko aukera nabarmendu du.
Berrikuntzaren Itsasargiak eta Mugaz Gaindiko Laborategiak
Bestalde, Mugaz Gaindiko hamargarren Lankidetza Laborategia (LTC) aurkeztu den honetan, sailburuak laborategi horien eta Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren ildo estrategikoen arteko lotura nabarmendu du, bereziki Berrikuntzaren Faroak programarekin eta Ikur estrategiarekin. Bat datozen arloen artean, honako hauek aipatu ditu: adimen artifiziala, zientzia eta teknologia kuantikoak, deskarbonizazioa, One Health ikuspegia, medikuntza pertsonalizatua eta doitasunezkoa, demografia eta gizarte- eta osasun-arloko erronkak.
Azaldu duenez, bat-etortze hori oinarri komun baten eta Euskadik eta Akitania Berriak arlo horietan dituen indarguneen ondorio da, gizartean eta ehun sozioekonomikoan duten eraginagatik. Era berean, azpimarratu du Mugaz Gaindiko Lankidetzako Laborategiek Sailaren babesa izaten jarraituko dutela; izan ere, azken sei urteotan hiru milioi eurokoa izan da horietara bideratutako aurrekontua.
“Proiektu arrakastatsua”
Pérez Iglesiasek Euskampus Bordeaux Mugaz Gaindiko Campusa “proiektu arrakastatsua” dela nabarmendu du. Horretarako, Leon Tolstoiren Anna Karenina eleberriaren hasiera ospetsua ekarri du gogora —”Familia zoriontsu guztiak elkarren antzekoak dira; zorigaiztoko familia bakoitza, ordea, bere erara da zorigaiztokoa”—, arrakasta duten proiektuen eta helburuak lortzen ez dituztenen arteko paralelismoa egiteko. Izan ere, arrakastaz amaitzen diren proiektuek formula jakin bati erantzun ohi diote; porrot egiteko, berriz, hainbat modu daude.
Ildo horretan, sailburuak adierazi du Euskampus proiektuaren arrakasta hiru faktoretan oinarritzen dela: “erakunde sustatzaileen hasierako ideia bikaina eta ikuspegi egokia; proiektuarekin konprometituta dauden eta gaitasun handia duten pertsonek egiten duten kudeaketa; eta denboran zehar mantendutako erakundeen babesa, Eusko Jaurlaritzaren babes jarraia”.
Amaitzeko, Euskampus proiektua sortu eta abian jarri zuten pertsonei eta gaur egun Euskampus Bordeaux Mugaz Gaindiko Campusean lanean ari direnei bere esker ona adierazi die.




