Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, bere XIX. Batzar Nagusia egin du gaur Gasteizko Ondare eraikinean, eta bertan elkartu dira Agentziaren oinarria osatzen duten entitateetako ordezkariak. Gaur egun, 900 baino gehiago dira Innobasqueko bazkideak: enpresak, administrazio publikoak, hezkuntzako eragileak, zientzia eta teknologia munduko entitateak, berrikuntza ekosistemako tarteko organismoak, entitate sozialak eta Euskadin berrikuntzari bultzada emateko konpromisoa duten pertsona esanguratsuak.

Batzarrean izan dira, orobat, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua, Mikel Jauregi Letemendia, eta Berrikuntzaren Euskal Agentziako Zuzendaritza Batzordeko beste kide batzuk ere. Gaur egun, euskal berrikuntzaren esparru estrategiko nagusietako erreferentziazko 60 profesionalez osaturik dago zuzendaritza.

Batzar Nagusian bildutako ordezkariek eguneko gai-zerrendako puntu guztiak onartu dituzte aho batez, besteren artean 2025eko ekitaldiko urteko kontuak eta kudeaketa-txostena, Zuzendaritza Batzordearen eta Batzorde Eragilearen osaera, aurtengo aurrekontua eta entitate bazkideen 2026ko kuoten eguneratzea. Era berean, ontzat eman dute 2026-2030 Plan Estrategikoa martxan jartzea. Hain zuzen, bide-orri berri horrek gidatuko du Agentziaren jarduera datozen urteetan.

Herrialde mailako estrategiekin lerrokatutako plana, eta entitate bazkideekin elkarlanean eraikia

Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren 2026-2030 Plan Estrategiko berria etapa berri baten hasierako mugarria izango da. Funtsean, bi dira aurrera begirako etapa horren xede nagusiak: batetik, Euskadin berrikuntzaren inpaktua bultzatzea, bai ekonomian, bai gizartean eta bai ingurumenean, eta, bestetik, Agentziaren zeregina sendotzea Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sisteman, beti ere entitate bazkideak estrategiaren motor direla.

Euskadik oinarri sendoa du zientzian, teknologian eta industrian —hori da estrategia berriaren abiapuntua—, baina, aldi berean, nazioarteko testuinguru gero eta exijenteago bati aurre egin behar dio, eta, beraz, jakintza hori emaitza ukigarri bihurtzeko prozesua azkartu egin beharko du, lehiakorragoa izateko eta ongizatea eta garapen jasangarria lortzeko.

Imanol Regok, Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidenteak, Batzar Nagusiaren irekieran nabarmendu du Euskadik goi-mailako berrikuntzako eskualdea izaten jarraitzen duela Europan, baita “bikaintasun-poloa” ere, Europar Batzordeak horrela aitortuta, eta testuinguru horretan kokatu du 2026-2030 Plan Estrategikoa, baina, aldi berean, nabarmendu du erronka handia duela aurrean: gero eta lehia handiagoko ingurune global batean posizio horri eustea eta sendotzea, hain zuzen.

Alde horretatik, Regok azpimarratu du 2026-2030 Plan Estrategiko berriak Euskadiren posizionamedu hori egokitzeko eta sendotzeko beharrari erantzuten diola. Gaur egungo testuinguru globalean, trantsizio energetikoa, digitalizazio azeleratua eta kohesio sozialaren beharra dira bereizgarri nagusietako batzuk, eta horri erantzute aldera, plan estrategikoak honako hauek hartzen ditu ardatz: aurre-hartze estrategikoa, berrikuntza sustatzea, Europako esparruan lidergoari eustea eta euskal ekosistema osoa aktibatzea. “Europak eta munduak azeleratzea exijitzen digute, eta Euskadik badu hori egiteko oinarria”, nabarmendu du Regok bere esku-hartzean, eta “proiektuaren izaera konpartitua, eta enpresek, erakundeek eta zientzia eta teknologia esparruetako eragileek berrikuntza inpaktu erreal bihurtzeko betetzen duten funtsezko zeregina” azpimarratu du.

Presidenteak azaldu duenez, Innobasqueren bide-orri berria diseinatzerakoan, herrialde mailako estrategia nagusiak hartu dira aintzat —bereziki Euskadi 2030 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plana (2030 ZTBP)— eta haiekin lerrokatu da, baita Europan berrikuntzaren, burujabetza estrategikoaren eta jakintzaren transferentziaren esparruetan indarrean diren lehentasunekin ere.

Plana gauzatzeko, gainera, Innobasqueko entitate bazkideei modu aktiboan entzuteko prozesu bat gauzatu da 2025ean, zeinetan 128 entitate eta 600 pertsona baino gehiago izan diren partaide zazpi lan-mahaitan banaturik. Haien ekarpenak funtsezkoak izan dira bide-orri berriaren definizioan.

Testuinguru horretan, Regok azpimarratu du entitate bazkideak direla estrategiaren motor; zehazki “Innobasqueren nukleoa” direla esan du, “izan ere, haien jakintza, esperientzia eta sistemaren errealitatearekiko konexioa dira gure indargune nagusia”. Presidenteak azaldu du entitate bazkideek ezinbesteko eginkizuna izango dutela planaren jarduera-ildo nagusien garapenean, eta gaineratu du ekonomian, gizartean eta ingurumenean inpaktu handiagoko berrikuntza sortzea izango dela jarduera-ildo horien xede nagusia.

Innobasque 2025eko jardueraren bideoa

Ikusi argazkiak 

Informazio gehiago

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago

Agencia Vasca de la Innovación, Innobasque
Pribatutasunaren laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientziarik onena eskaini ahal izateko. Cookieei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzeko edo gure ekipoari webguneko zein atal aurkitzen dituzun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzeko funtzioak betetzen ditu.