Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak “Zientziatik Berrikuntzara” zikloaren saio berri bat egingo du ostiralean, hilak 24, 09:00etan. Gune horrek, protagonisten eskutik, eragin handiko soluzio berritzaileak ekarriko ditu ikerkuntzara.
Oraingo honetan, “Bihotzeko kirurgia konplexuan pertsonalizatutako 3D ereduen aplikazioa” izenburupean, Biobizkaia OIIk – Bizkaiko osasun arloko ikerketa eta berrikuntzako erreferentziazko zentroa – eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleak – EHUren laguntzarekin – garatutako kasu bat aurkeztuko da. Kasu horretan, 3D teknologia bihotzeko interbentzio konplexuen plangintza nola eraldatzen ari den erakutsiko da.
Topaketari esker, irudi medikoetatik abiatuta, paziente bakoitzari egokitutako hiru dimentsioko eredu anatomikoak nola sortzen diren jakingo da. Teknologia horrek aukera ematen die mediku taldeei esku-hartze konplexuak zehaztasun handiagoz planifikatzeko, hala nola miokardiopatia hipertrofiko buxatzailearekin lotutakoak.
Webinarrean parte hartuko dute Rubén García Fernández Biobizkaia OIIko 3D Plataformako arduradunak eta Roberto Voces Sánchez Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzeta ESIko Kirurgia Kardiobaskularreko Zerbitzuko buruak, eta ekimena etapa guztietan jorratuko dute, erronkaren sorreratik, garapen teknologikotik eta ingurune errealean aplikatzeraino. Aurkezpena amaitzean, bertaratutakoen galderei erantzungo diete zuzenean.
Hilean behin topaketa bat eragin handiko berrikuntzarekin
Berrikuntzaren Euskal Agentziak sustatutako “Zientziatik Berrikuntzara” zikloa hileko azken ostiralean egiten da, eta aukera ematen du ikerketa Euskadin eragin handiko soluzio berritzaile nola bihurtzen den islatzen duten ekimenak bertatik bertara ezagutzeko.
Berrikuntzaren Euskal Agentziako kide diren erakundeek protagonizatzen dituzte saioak, eta puntako teknologien aplikazio praktikoa erakusten dute eragile teknologiko, akademiko eta enpresarialen arteko lankidetzari esker garatutako soluzioetan.
Egindako saioak Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren webgunean daude ikusgai.




