Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) Ikerketa eta Garapen Esperimentaleko 2025eko datuen aurrerapena[1]  argitaratu du. Behin behineko informazio horren arabera, I+Gko barne gastua %6,1 hazi zen iaz, eta jarduera horietan aritzen den langileen ehunekoa ere, dedikazio osoko baliokidetzan (DOB) neurtuta, %3 handitu zen. Sektore publikoaren eta enpresa sektorearen dinamismoak bultzatu zuen, batez ere, hazkunde hori.

Aurrerapen hori aintzat hartuta, Euskadin I+G arloan eginiko guztizko inbertsioa 2.243 milioi eurokoa litzateke 2025ean, segida historikoan inoizko handiena.

image 4

Emaitza horiek eta Eustatek hazkunde ekonomikoari buruz eginiko azken estimazioak kontuan izanda, I+G arloan eginiko ahalegina BPGd-aren %2,17koa litzateke 2025ean. Aurreko urtean, 2024an, %2,15 izan zen. (EINek datu hobeak ematen ditu Euskadirako). Beraz, Euskadi EB-27ko batez bestekotik oso gertu legoke (%2,24 2024an), eta Espainia osoko batez bestekoa (%1,5) baino nabarmen gorago, Eurostateko datuen arabera.

image 5

Datuak ikerkuntza-jarduera gauzatu duten sektoreen arabera xehakatuta, enpresa-esparruak %6,1 handitu zuen I+Gko barne gastua, eta langileen ehunekoa, berriz, %3. Enpresen sektore horretan sartzen dira zentro teknologikoak, ikerkuntza kooperatiboko zentroak eta irabazi asmorik gabeko entitate pribatuak. Administrazio publikoan, gastua %9,1 hazi zen, eta I+G arloan jardun zuen langileen ehunekoa, %6,7. Azkenik, goi-mailako irakaskuntzan, gastua %4,8 handitu zen, eta I+G arloan jardun zuen langileen ehunekoa, % 0,1.

Innobasquek eginiko aurreikuspenen[2] arabera, joera horrek jarraipena izango du 2026an. I+Gko inbertsioa %5,8 handituko da, ziurgabetasun geopolitikoak eta Europako programen arteko trantsizioak baldintzatutako testuinguru batean. Hala, enpresen I+Gko inbertsioa %5,2 haziko da, ziurgabetasun globalak eta euskal industriako sektore estrategiko batzuen moteltzeak eraginda. Bestalde, administrazio publikoen finantzaketa %8,5 milioi euro haziko da, Eusko Jaurlaritzaren laguntzak izan duen hazkundeari eta Europako Next Generation funtsen exekuzioari esker. Aldiz, nazioarteko finantzaketa %4,9 murriztuko da, arrazoi nagusi hauek direla medio: Europako Esparru Programa berriranzko (FP10) trantsizioa; I+G arlorako funtsak eskuratzeko lehia gero eta handiagoa, eta Euskadiko gaitasun zientifiko-teknologikoak eta Europako deialdiak ez hain lerrokatuta egotea.

Innobasqueren aurreikuspenak eta Eusko Jaurlaritzak hazkunde ekonomikoari buruz eginiko azken estimazioak betetzen badira, I+Gko inbertsioa BPGd-ren %2,22ra iritsiko da 2026an; horrenbestez, Europar Batasuneko (EB-27) batez bestekoaren parera iritsiko da Euskadi.


[1]Eustatek jasotako I+Gko gastu osoaren % 87,6 osatzen duten erakundeen datuen behin-behineko emaitzak. Behin betiko datuak 2026ko azaroan argitaratuko dira.

[2]Euskadin I+G arloan 2026an egingo den inbertsioaren estimazioa, eredu matematiko batean oinarritua. Ikerkuntzarako eta Teknologiarako Euskal Aliantzaren (BRTA) eta euskal I+G arloko enpresa-finantzaketa osoaren %43 batzen duten 19 konpainia trakziogileren datuetan oinarritzen da eredu hori.

Partekatu albiste hau

Albiste gehiago

Agencia Vasca de la Innovación, Innobasque
Pribatutasunaren laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientziarik onena eskaini ahal izateko. Cookieei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzeko edo gure ekipoari webguneko zein atal aurkitzen dituzun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzeko funtzioak betetzen ditu.