Jiangmen (Txina)tik hurbil, lurretik behera 700 metrora, Jiangmen Underground Neutrino Observatory (JUNO) jarri dute martxan, munduko instalazio zientifiko handienetako bat. 35 metroko diametroa duen esfera bat da, 20.000 tona likido distiratsuz betea eta neutrinoek materiarekin elkarreraginean sortzen duten argi ahula detektatzeko gai diren milaka sentsorez inguratua.
Materia ia arrastorik utzi gabe zeharkatzen duten “partikula mamu” horiek kosmosaren bilakaerari buruzko gakoak izan litzakete. JUNOren helburu nagusia neutrinoen masa-hierarkiaren enigma ebaztea da, eta hori konponduz gero, hobeto ulertuko litzateke zergatik den unibertsoa den bezalakoa eta ez beste modu batekoa.
Gainera, epe luzera, behatokiak argi lezake neutrinoak Majoranaren partikulak ote diren, hau da, beren antipartikula ote diren. Aurkikuntza honek ondorio sakonak izango lituzke unibertsoan materiaren eta antimateriaren arteko desoreka azaltzeko. 17 herrialderen parte-hartzearekin, JUNO irismen handiko erronka teknologikoa ez ezik, zientziaren ikurra ere bada, proiektu global partekatu gisa.