Maiz adierazten da adimen artifiziala iraultza teknologikoa dela. Baina duela gutxi BCG Henderson Institute eta Gartner-ek argitaratutako egoerei buruzko hausnarketek errealitate konplexuagoa irudikatzen dute: AAk, produktuak eta prozesuak ez ezik, erakundeek beren estrategia diseinatu, berrikuntzan jardun, talentua kudeatu eta erresilientzia eraikitzeko duten modua ere eraldatuko du.

Txosten biak bat datoz beren iritzietan: etorkizuna ez da AAren aurrerapenaren mende soilik egongo. Haustura geopolitikoak, klima-aldaketak, erregulazioak, baliabide estrategikoen gaineko presioak edo merkatu globalen bilakaerak ere eragina izango dute, besteak beste. Garrantzitsuena ez da aurresatea zein den errealitate bihurtuko den egoera, baizik eta elkarren artean oso desberdinak diren testuinguruetan jarduteko gai diren erakundeak prestatzea.

BCG Henderson Institute, Boston Consulting Groupeko (BCG) barneko think tank eta berrikuntza zentroa, erakundearen Beyond Tomorrow: Four Scenarios for the World of 2050 txostenak lau etorkizun posible planteatu ditu. Horietako batean, AAk oparotasun teknologiko eta lankidetza globaleko etapa sustatuko du; bestean, mundua elkarren aurka dauden bloke geopolitikoetan hautsiko da; hirugarrenean, irudikatzen da nolakoa izango litzatekeen klima-trantsizioan oinarrituta antolatutako ekonomia; eta laugarrenak korporazio teknologiko erraldoiek eta desberdinkeria sozial handiek menderatutako egoera bat deskribatzen du.

Bestalde, Gartnerrek, informazioaren teknologien (IT) ikerketa eta aholkularitzako munduko enpresarik handiena, logika hori ekarri du I+Gren eta berrikuntzaren arlora. Bere R&D 2030: 4 Futures You Must Prepare for Now txostenean ere egoerak jaso dira, non berrikuntza AAk lagundutako talde txikien artean banatuta egon daitekeen, korporazio handietan bilduta, mailaz mailako eraginkortasunera bideratuta edo tokiko merkatuek eta artisau-produktuek sustatuta.

Lehiarako abantaila ez da bakarrik AA beste batzuek baino lehenago ezartzea izango, elkarren artean oso desberdinak diren etorkizunetara egokitzeko gai diren erakundeak eraikitzea baizik.

Txosten bien ekarpenik interesgarriena ez da egoeren deskribapena, horien erabilerari buruz egindako proposamenak baizik. Egoerak, gogoeta-ariketa izan ordez, erakundeak diseinatzeko tresna bihurtzen dira.

Halaber, BCGren txostenak nabarmendu du egoerak lagungarriak direla, baldin eta erakunde batek jarduteko oinarritzat hartzen dituen hipotesiak zalantzan jartzera behartzen badute. Eta berrikuspen horrek garrantzia du AAren eta klimaren arteko lotura gero eta estuagoa den testuinguru honetan. BCGren egoeretan, garapen teknologikoa zuzenean dago energia garbiak, material kritikoak edo azpiegitura erresilienteak eskuratu ahal izatearen mende. Egun, ezin dira bereizi, besteak beste, berrikuntza eta AAren energia-kontsumoa, hornidura-kateen zaurgarritasuna edo klima-trantsizioari lotutako erregulazio-presioa.

Hori dela eta, txostenen gomendio estrategiko askok lotura handiagoa dute erakundeen zeharkako gaitasunak garatzearekin teknologia jakin bat aplikatzearekin baino. Besteak beste, honako hauek agertzen dira: erregulazio-adimena, modularitate teknologikoa, klima-erresilientzia, hornidura-kateak birkonfiguratzeko gaitasuna edo aldaketa geopolitikoak, teknologikoak edo sozialak lehiakideek baino lehenago hautemateko gai diren zaintza estrategikoko sistemak indartzea.

Gartnerrek eragiketen eremura dakartza ideia horiek. Egoera bakoitzean, berrikuntza modu desberdin batean konfiguratu behar da. AA zabal banatuta dagoen testuinguru batean, adibidez, erakundeek honako hauek beharko lituzkete: txikiak diren eta deszentralizatuta dauden taldeak, esperimentuen ziklo azkarrak eta proposamen eraldatzaile anitzeko portfolioak. Kontzentrazio teknologikoko egoeretan, ordea, inbertsio handiek, egitura zentralizatuek eta plataforma globalak eskalatzeko gaitasunak gailenduko lirateke. Kasu horretan, aintzat hartu behar da lidergoko, metriken, egituren eta talentuen kudeaketaren eredu oso desberdinak sor litezkeela, AAk, merkatuek edo erregulazioak duten bilakaeraren arabera.

Egoerak, gogoeta-ariketa izan ordez, erakundeak diseinatzeko tresna bihurtzen dira.

Berrikuntza-zorroaren ikuskera ere aldatzen da. Hainbat egoeratan, erakundeak efizientzia soilik lehenetsi ordez portfolio anitz eta moldagarriak ere kudeatzen hasiko lirateke. Batzuek apustu eraldatzaileak konbinatuko lituzkete mailaz mailako proiektuekin, eta beste batzuek tokiko soluzioak, produktu pertsonalizatuak edo klima-erresilientziara eta horniduraren segurtasunera bideratutako soluzioak lehenetsiko lituzkete. Hala, berrikuntza ibilbide-orri lineal gisa ulertu beharrean, etorkizun desberdinei erantzuteko prestatuta dagoen aukera-sistema gisa ulertzen da.

Lidergoa ere eraldatzen da. Txosten guztien arabera, erakundeek seinale ahulak interpretatzeko, ekosistemak koordinatzeko, pertsonen gaitasunak eta AAren sistemak integratzeko, eta efizientziaren, erresilientziaren eta zilegitasun sozialaren arteko gatazkak kudeatzeko gai diren profilak beharko dituzte. Egoera batzuetan, konfiantza ere aktibo lehiakor bihurtzen da: algoritmoen gardentasuna, datuen trazabilitatea, gobernantza digitala edo ziberresilientzia jarduteko beharrezko baldintza gisa aipatzen dira.

Klimaren arloa zeharkakoa da eraldaketa horietako askotan. Energia-trantsiziora gehien bideratuta dauden egoeretan, erakundeek aldi berean txertatu behar dituzte digitalizazioa eta deskarbonizazioa. Zatituago daudenetan, berriz, baliabideak, energia edo talentua eskuratu ahal izatea lehiakortasunerako faktore kritiko bihurtzen da. Plataforma teknologiko handiek menderatutako egoeretan ere, klimaren narriadurak kostuak handitzen ditu, finantza-krisiak eragiten ditu eta eragiketa-zaurgarritasun berriak dakartza.

Testuinguru horretan, egoerei buruzko hausnarketek balio dute erakundeen egungo gaitasunak probatzeko eta identifikatzeko zeintzuk diren beren estrategietan, baldintzen arabera, zaharkituta gera litezkeen elementuak. Azelerazio teknologikoak, presio klimatikoak eta ziurgabetasun geopolitikoak aldi berean baldintzatutako egoera batean, lehiarako abantaila ez da bakarrik AA beste batzuek baino lehenago ezartzea izango. Batez ere, oso desberdinak diren etorkizunetan berritzen jarraitzeko moduko erakunde malgu, erresiliente eta moldagarriak birdiseinatzeko gaitasunaren mende egongo da.

Egun, ezin dira bereizi, besteak beste, berrikuntza eta AAren energia-kontsumoa, hornidura-kateen zaurgarritasuna edo klima-trantsizioari lotutako erregulazio-presioa.

Partekatu albiste hau

Agencia Vasca de la Innovación, Innobasque
Pribatutasunaren laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientziarik onena eskaini ahal izateko. Cookieei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta gure webgunera itzultzen zarenean zu ezagutzeko edo gure ekipoari webguneko zein atal aurkitzen dituzun interesgarrienak eta erabilgarrienak ulertzen laguntzeko funtzioak betetzen ditu.