Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, “Euskal enpresa berritzailearen ezaugarriak” txostena argitaratu du, EAEko establezimendu berritzaile eta ez-berritzaileen arteko aldeak aztertzen dituen ikerlana. Innobasqueren web orritik jaitsi daiteke txosten osoa.
Lanak, oinarrian, Eustatek, Euskal Estatistika Erakundeak, emandako datuak ditu, hamar langile edo gehiago dituzten 2.438 establezimenduri buruzkoak. Guztira, neurriari, sektoreari, ekonomia- eta finantza-egoerari, enpleguari eta teknologia digitalen erabilerari lotutako 249 aldagai aztertu dira.
Txostenak ondorioztatu du enpresaren neurria, jarduera-sektorea, digitalizazioa eta finantza-egoera direla berrikuntzarekin zerikusi gehien duten faktoreak. Horien artean, enpresa txikientzako eta manufaktura-sektoretik at dauden enpresentzako palanka bereziki garrantzitsu gisa nabarmentzen da digitalizazioa.
250 langile edo gehiago dituzten enpresek 50 baino gutxiago dituztenek baino joera handiagoa dute berrikuntzarako. Alde hori eskura baliabide, barne-gaitasun eta inbertsio-aukera gehiago izatearekin dago lotuta.
Sektoreak ere badu eragina. Manufaktura-enpresak, oro har, beste jardueretan dihardutenak baino berritzaileagoak dira. Hala ere, bai neurria bai sektore-espezializazioa epe laburrean aldatzeko zailak diren ezaugarriak dira. Hortaz, txostenak nabarmentzen du digitalizazioa dela enpresa eta politika publiko gehienek era zuzenenean eragin dezaketen alorretako bat.
Digitalizazioa abiapuntu gisa
Hodeiko zerbitzuak, alorren artean informazioa partekatzeko programak, 3D inprimatzea eta enpresaren sare sozialak erabiltzeak lotura estua du berrikuntzarekin.
Enpresa txikietan ere nabarmentzen dira gauzen interneta eta zibersegurtasuna. Manufaktura-enpresa handietan, pisu handiagoa dute kaudimenak, kostu-egiturak eta langileen prestakuntzak, eta manufakturakoak ez diren enpresa handietan, aldiz, esanguratsuak dira berriro ere robotika eta hodeiko zerbitzuak.
Hala eta guztiz ere, txostenak ohartarazten du digitalizazioa ez dela derrigor berrikuntza. Enpresa batzuek teknologia hauek eraginkortasuna handitzeko erabiltzen dituzte, baina ez dituzte produktu edo prozesu berriak sortzen. Digitalizazioa, beraz, berrikuntza konplexuagoak garatzeko oinarri bat da.
Berrikuntzari eusteko baliabideak
Ekonomia eta finantza egoerak ere garrantzi handia du. Kudeaketa orekatuak, arrazoizko marjinek eta kostu-egitura egokiak enpresei berrikuntzan dituzten inbertsioak mantentzen laguntzen die.
Ikerlanak erakutsi du, horrez gain, enpresa berritzaileek ez dituztela beti emaitza hobeak lortzen epe laburrean. Industria-enpresa batzuek marjina txikiagoak dituzte beren inbertsio handien ondorioz, produktibitate handiagoa eta errentagarritasun positiboa izaten jarraitzen duten arren.
Ondorioek laguntza-politikak enpresa bakoitzaren neurriari, sektoreari eta ezaugarriei egokitzeko, digitalizazioa indartzeko eta finantzaketarako sarbidea errazteko beharrak mahaigaineratzen dituzte. Beste enpresa, unibertsitate eta teknologia-zentroekiko lankidetza ere nabarmentzen dute, arriskuak banatzeko, ezagutza partekatzeko eta eskalari lotutako mugak gainditzeko bide moduan.




