Ezagutza kudeatzeko eta talentua garatzeko GEIST Consultancy aholkularitza-konpainia espezializatua sartu berria da Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentzian. Dagoeneko 900 erakunde bazkide baino gehiago ditu, eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sistemaren zati handiena ordezkatzen dute. “Bazkide izatea bat dator gure lan egiteko moduarekin, lankidetzan, ezagutza transferitzean eta etengabeko hobekuntza bilatzean oinarritzen baita”, azaldu du Kristina Mirchukek, 2019an sortu zen konpainiako CEOak. Urte hartan, bere taldeak erabaki zuen euskal ETEei helaraztea Alemaniako automobilgintzaren industrian gaitasunen araberako kudeaketari buruz ikasitakoa.
“Zentzu berezia du balio erantsi handia eta ezagutza kritikoa duten sektoreetan. Horietako batzuek presentzia garrantzitsua dute Euskadin, hala nola makina-erremintak, automobilgintzak, arlo aeroespazialak edo ‘biotech’ deritzanak, baina, egiaz, edozein ETEren aktiborik baliotsuenaz ari gara, izan ere, gure ikuspegia edozein enpresari aplika dakioke, baldin eta bere ezagutza modu kontzientean, praktikoan eta jasangarrian kudeatu nahi badu”, azaldu du.
“Ezagutzaren kudeaketa batzuetan kontzeptu abstraktu hutsa izaten da, metodo argirik gabea edo inplementazioari egiaz inolako arduraldirik eskaini gabea –dio atsekabez Mirchukek–.Enpresa batzuetan ez dute inolako protokolorik. Beste batzuetan, berriz, dagoeneko kudeatzen dutela ziurtatu arren, akatsak errepikatzen dituzte; ‘know how’a galtzen dute erretiratu diren langile gutxi batzuen buruan baino ez zegoelako; ez dute informaziorik aurkitzen enpresan egon arren, inork ez dakielako non dagoen; izugarrizko ahalegina egiten dute teknologia eskuratzeko edo talentua kontratatzeko, baina gero ez dakite “txertatzen” erakundearen funtzionamenduan eta, beraz, ez dira egiazko abantaila lehiakorrak…”.
Eredu horiek askotan ikusi ondoren, Mirchukek aitortu du GEIST Consultancy aholkularitza-konpainiaren zeregin handiena dela “suteak itzaltzea”, enpresak “ez baitira aholkularitza-enpresara joaten ezagutzaren kudeaketa planifikatzeko eta estandar bihurtzeko; aitzitik, ez egiteagatik edo gaizki egiteagatik dagoeneko arazoa dutenean hurbiltzen dira”. Hala, bere esperientziaren arabera, lehenengo eginkizuna da “ebanjelizatzea” izaten da, hau da, enpresari (eta, bereziki, zuzendaritzari) ulertaraztea larrialdiko adabakiek eta tresna teknologikoek ez dutela ezertarako balio ezagutza babestearen gaiari aurre egiten ez badiogu “ikuspegi holistikotik, pertsonek, prozesuek, kulturak, teknologiak, ikaskuntzak eta negozio-estrategiek osatzen duten sistemaren alderdi gisa”.
“Gure lanari esker, enpresak emaitza ulergarria, trazagarria eta eragingarria lortu behar du. Jakin behar du zer babestu, zer garatu, zer bihurtu estandar eta zer eskalatu; baina ezagutzak nola transferitzen diren, oinarrizko gaitasunak nola ikasten diren, erakundearen kultura nola aldatzen den eta irtenbide bat zergatik aplikatzen den edo tiradera batean gelditzen den ere jakin behar da”, azpimarratu du. Horregatik, kontzientziazioa “auditoria azkarra” egitearen eskutik doa, non “bost edo hamar minututan erantzun daitezkeen galderek” zehazten duten enpresak behar al dituen, non dagoen behar hori eta haiekin “lanean aritzeko prest dagoen”. “Galdetzen diegu, esaterako, eginkizun kritikoak pertsona gutxiren esku ote dauden, langile berriak sartzen direnean prozesua motela ote den, ba al dakiten non aurkitu informazio garrantzitsuaren bertsio eguneratua, ikusten ote duten beren berrikuntzek ez dutela eskalatzen edo beren ezagutza antolatuta eta egituratuta adimen artifiziala erabiliko ote duten eta etekina aterako ote dioten”, deskribatu du.




