Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak Siaweld soldaduren kalitate-kontrolean espezializatutako enpresari eskaini dio aurtengo erakunde bazkideen berrikuntza-kasu praktikoei buruzko bigarren web-mintegia. Lineako topaketa horiek hileko azken ostiralean izaten dira eta Euskadiko gaitasun berritzailea ezagutzeko interesa duen edonor joan daiteke; berrikuntzaren euskal ekosistemako eragileek prozesuak, lankidetzak eta funtsezko ikaskuntzak partekatzen dituzte, horien bidez ezagutza zientifiko-teknologikoa eragin ekonomiko eta soziala duten irtenbide bihurtu ahal izan baitituzte.
Siaweld enpresari dagokionez, Edorta Sagardui CEOak azaldu zuen enpresa sortzeari esker Lortek zentro teknologikoak merkatura eraman ahal izan duela konpromiso handiko soldaduren kalitate-kontroleko sistemak hobetzeko ikerketa, esaterako, automobilgintzako, sektore aeroespazialeko edo trenbide-sektoreko soldaduren kalitatea kontrolatzekoa. “Orain arte kontrol horiek ultrasoinuekin, likido sarkorrekin edo erradiografiekin egiten ziren. Teknika horien aplikazioa makala da, garestia ere bai eta oso kualifikatutako langileak behar dira, beraz, laginak aztertzen dira eta ez soldadura osoa. Azkenean ez du egiazko trazabilitaterik eskaintzen, eta ezin du bermatu uneoro soldadura hori azken bezeroaren jarraibideen arabera egin denik eta baldintza bikainetan dagoenik ere ez”, adierazi zuen.
Lortek eta Siaweld-ek eskainitako irtenbidea adimen artifiziala eta ikuspen artifiziala erabiltzean oinarritzen da, perfilometria laserrarekin; sistema horrek erresistentzia handia du tenperatura altuekiko eta soldadura instalazioetako berezko eragin luminikoekiko ere bai. Bi teknologia horiek batuta, funtsezko parametroak etengabe erregistratu daitezke (korrontea, tentsioa, hariaren abiadura, gasa, robotaren kokapena, tenperatura…), eta aldi berean, soldadura-prozesu osoa denbora errealean kontrolatu daiteke eta ekoizpeneko edozein instalaziotatik. “Egungo prozesuek eskaintzen duten informazioa hobetzen du, azken emaitzako anomalia oro erakusteaz gain, akatsak aurresan eta ‘ikusi’ ere egin baitaitezke soldaduraren barruan, apurtu gabe” azpimarratu zuen Sagarduik. Beraz, sistema berriak ikuskapen-denborak murrizteaz gain, kontrol-sistema jarraituak eta lineakoak erabiltzen dituenez, ekoizpeneko akatsak ere saihesten ditu eta uniformetasun, errepikakortasun eta fidagarritasun handiagoa izaten du azken produktuak, “eta hori nahi izaten da robotizatutako prozesuetan”.
Teknologia baliozkotu da jada egiazko inguru industrialetan egindako proba pilotuetan eta heldutasun teknologikoko TRL 8-9 mailetan dago, beraz, industrian ezartzeko prest dago. “Gaur egun balizko bezeroen beharrak artatzeko asmoa dugu, izan ere, beste soldadura mota batzuetan ezartzeko eskatu digute. Enpresa bat konbentzituta egon daiteke bere berrikuntza dela merkatuko onena, baina azkenean bezeroak dira arrakasta izan ala ez zehazten dutenak, beraz, bezeroan oinarritutako irtenbideak sortzea da gure lana, askotariko sektoreetarako egokitu daitezkeen irtenbideak izan behar dira, araudi eta erabiltzaileen profil askotara egokituko direnak, izan ere, baliteke teknikari bati datu kopuru handia ematea, baina enpresa horretako langile batek informazio gutxiago baina zuzenagoa nahi izatea”, esan zuen.
Webinar osoa:




